Nolakoa izan da zuretzat Xisterako azkeneko denboraldia?

Nik pentsatzen dut aurrekoen modukoa izan dela. Biarritzen oso ondo ibili nintzen, eta Tolosan finala galdu nuen. Ez gaude kinielak jokatzera ohituta, baina ongi datorkigu. Azken batean horretara jarri behar da, eta badakizu tanto bat galduta, txanda osoa itxaron behar duzula, beste guztiak pasatu arte. Ni gustura aritzen naiz horrela ere.

Akaso Interjain partidarik ez irabazteak emango zizuen pena?

Beti, baina uste dut lan oso ona egin genuela. Hiru partidetan galdu genuen kitarakoan, hirugarren jokoan, alegia, eta horrek beti ematen dizu pena apur bat, baina oso bikote onak geunden han, eta azken batean ez dut uste lan txarra egin dugunik. Gero txapela lortu zuen bikoteak ere kitarakoan irabazi zigun. Guri irabazteko ere besteek asko egin behar izan zuten, eta lehen esan bezala, beti partidetan sartuta egon gara, eta hori garrantzitsua da.

Adinean aurrera joan arren, gazteen parean zabiltzala ikusteak indarra emango dizu ezta?

Dudarik gabe. Aurrelarien artean uste dut Antxon dela erreferentzia, baina aurrelari gazte on asko dator atzetik, baina oraindik haiekin hor borrokan ibiltzeko gai naizela ikusteak beti ematen du poza eta aurrera egiteko gogoa. Ni gustura nabil, eta horrek asko balio du.

Xisterak zer eman dizue pilotariei?

Asko, ikaragarri esango nuke. Guk azken batean inguruko torneoak jokatzen genituen, Markina-Xemeinen eta Berriatuan, hortik aurrera Bizkaiko Txapelketa eta Euskal Herrikoa sailkatzen baldin baginen, eta hor amaitzen zen. Xisterarekin askoz gehiago daukagu jokatzeko, eta pilotaleku berriak, edo aspaldian jokatu gabeko pilotalekuetan aritzeko aukera izan dugu, eta baita jende ezberdinarekin ere, eta hori ere guretzat oso garrantzitsua da. Pilotari guztiak batera elkartuta aritzea uste dut oso kontuan hartzekoa dela. Asko eman digu.

Zein helburu jartzen dituzu datorren denboraldirako?

Zestan jokatuz, gozatu, kirola egin, eta gozatu, ez daukagu adin honekin gehiago eskatzerik. Ez nau beste ezerk kezkatzen, gozatzen jarraitzea, eta horrek asko balio dit. Nik uste dut bat gustura eta gozatuz dabilenean, aurrera jarraitzen duela, eta nik ere horrela ikusten dut.

Nola daramazu itxialdi hau?

Ahal den moduan, apur bat aspertuta, baina aurrera egin behar da. Etxean ariketa batzuk egiten ditut, batez ere bizikletan, eta hartan ari naizen bitartean bideo batzuk jartzen ditut, ahal bada lehengo zestako partida batzuk, eta sasoia mantendu. Askoz gehiago ezin dugu egin, baina gutxienez berriro pilotalekuak zabaldu eta jokatzeko baimena ematen dutenerako, mantendu.