Joku bikaina izan zen Interjaiko bigarren jardunaldiko protagonista nagusia, jokatutako hiru partidetan dagoen maila handia agerian geratu baitzen. Bigarren jardunaldi honen ondorioz, Etcheberry-Ibarluzea eta Antxon-Aitor Elkorobarrutia dira sailkapeneko buru, jokatutako bi partidak irabazita. Orain arteko bi partidetan Aitor Elkorobarrutiak ezin izan du jokatu min hartuta dagoelako, eta bietan Urangak hartu du bere lekua, lan bikaina eginez. Garaipen banarekin daude Laloo-Manci eta Aaron-Zugaitz, eta jokatutako biak galduta Gaizka-M-Elkorobarrutia eta Zuloaga-Uriel.

Laloo-Manci 2 Zuloaga-Uriel 0 (15-11 eta 15-13)

Lehen jokoan gorriak izan ziren nagusi. Bi bikoteen artetik atera ziren tanto politak, baina beti markagailuan Laloo eta Manci aurretik. Lapurtarrak eta gipuzkoarrak inoiz ez zuten alde handirik lortu, baina bai neurketa kontrolatzeko adinakoa. 1-0, 1-1, 2-1, 2-2, 6-2, 6-3, 7-3, 7-7, 7-8, 8-8, 10-8, 10-9, 12-9, 12-10, 12-11 eta 15-11.

Bigarren jokoan urdinak izan ziren ia beti aurretik. Zuloagak eta Urielek kitarakoa behartu nahi zuten, eta partidako zatirik handienean horrela gertatuko zela zirudien. Azken txanpara ere bikain sartu ziren, 9-12, baina ondoren gorriek 6-1eko partziala sartu zuten puntua eta partida eskuratuz. 0-2, 2-2, 2-3, 3-3, 3-4, 4-4, 4-5, 5-5, 5-6, 6-6, 6-8, 7-8, 7-9, 8-9, 8-10, 9-10, 9-12, 10-12, 10-13, 13-13 eta 15-13.

Etcheberry-Ibarluzea 2 Bailo-M.Elkorobarrutia 0 (15-13 eta 15-7)

Etcheberry-Ibarluzeak bigarren partida irabazi zuten eta sailkapeneko puntan daude. Lehen jokoa beti kontrolpean izan zuten, eta markagailua alde izate horrek ematen duen lasaitasunarekin primeran kudeatu zuten lehen jokoa. Partida honetan, Bailok jokatu ezinik zen Gaizka ordezkatu zuen. 0-1, 1-1, 4-1, 4-2, 5-2, 5-3, 7-3, 7-4, 9-4, 9-6, 10-6, 10-8, 11-8, 11-9, 12-9, 12-10, 14-10, 14-11 eta 15-11.

Bigaren jokoan aldeak handiagoak izan ziren. Hastapenetik ireki zuten bidea gorriek, eta hortik aurrera aurkariei ez zieten inongo aukerarik eman. 2-0, 2-1, 5-1, 6-1, 6-4, 14-4, 14-7 eta 15-7.

Aaroon-Zugaitz 1 Antxon-Uranga 2 (15-11, 6-15 eta 3-5)

Lehen jardunaldian biak irabazita zetozen. Aurreneko jokoan Aaron eta Zugaitz izan ziren nagusi. Hasieratik jarri ziren aurretik, aurrean eta atzean aginduz, eta zuloa ere handia egin zuten, 12-6. Horrekin dena erabakita ematen zuen, baina urdinak 14-11 ere jarri ziren. Hala ere, gorriek ez zuten barkatu, eta lehen puntua lortu zuten. 0-1, 1-1, 3-1, 3-2, 9-2, 9-4, 12-4, 12-8, 13-8, 14-8, 14-11 eta 15-11.

Bigarren jokoan gauzak erabat aldatu ziren, Antxon eta Aitor Elkorobarrutia ordezkatzen zuen Unai Uranga jaun eta jabe izan baitziren. Gorriak egin zuten lehen tantoa, baina hortik aurrera Etxebarrikoa eta Zumaiakoa nagusi izan ziren, neurketa menperatuz, eta kitarakoa behartuz. 1-0, 1-1, 1-3, 2-3, 2-7, 4-7, 4-9, 6-9 eta 6-15.

Kitarakoan Aaron eta Zugaitz 2-0 aurreratu ziren, baina gero Antxonek eta Urangak agindu egin zuten, garaipena erdietsiz. 2-0, 2-2, 2-4, 3-4 eta 3-5.

Gozatzeko jaialdia izan da Lazkaon

Larunbatean bertan Lazkaon ere jaialdia izan zen, eta gozatzeko horietakoa izan zen, gainera. Hasteko, Mutilen Xisterako Kadeteen Zirkuituko kinielak jokatu ziren. Bi izan ziren 15era, eta aurrenekoa Dottax-Uretak irabazi zuten, eta bigarren Rodriguez-Laquidain sailkatu ziren 14rekin. Bigarren kinielan, berriz, Agirre eta Pagoaga izan ziren onenak. Bigarren, Garcia eta Ibar sailkatu ziren.

Ondoren jaialdia jokatu zen. Hasteko, mutilen maila nagusiko partida izan zen. Arbe-D.Mandiola 0 Kosme-J.Mandiola 2 (13-15 eta 7-15). Lehen jokoa polita izan zen, berdinketa ugarirekin, nahiz eta gorriak ia beti aurretik ibili ziren. 13-13 izan zen azkeneko berdinketa, eta ondoren erabaki zuten Kosmek eta Jon Mandiolak.

Bigarren jokoan urdinak aurretik aritu ziren bosnako berdinketara arte. Lehen zati hau berdindua izan zen, baina gero Kosme eta Jon Mandiola erabat nagusitu ziren.

Amaitzeko nesken maila nagusiko partida izan zen, eta bertan Aldazabal-Calvo 2-0 gailendu ziren Arakistain-Lizardiren aurka (15-7 eta 15-12). Lehen jokoan Aldazabalek eta Calvok hasieratik egin zuten ihes. 3-0 jarri ziren hasi bezain pronto, eta hortik aurrera kontrolpean izan zuten jokoa.

Bigarren jokoa askoz era orekatuagoa izan zen, berdinketa ugarirekin, eta neurketa ez zen apurtu hamarnako berdinketara arte. Hortik aurrera nagusitu ziren gorriak.

Nesken Topaketan geroz eta maila handiagoa nabarmentzen da

Nesken Xisterako Topaketak Donibane Lohizunen izan ziren, Ravel pilotalekuan, eta berriro ere agerian geratu zen emakumezkoek gorakada handia eman dutela, eta hori jardunaldiz jardunaldi nabarmendu daiteke, eta Donibane Lohizunera hurbildu zen jendeak gozatu ederra hartu zuen.

Hasi kinielarekin egin zen jaialdia, eta garaipena Rakel eta Marinak lortu zuten. Ondoren era tradizionaleko partidak izan ziren. Aurrenekoa, Elezgarai-Morenok 5-20 irabazi zien Martina-Elezgarairi. Bigarrengoan, Robles-Aroa izan ziren garaileak, 18-20, Helena-Elezgarairi. Hirugarrengoan, Otaño-Idoeta gailendu ziren 8-20, Aldalur-Fuentesen aurka, eta azkenekoan, Lejardi-Idoetak 20-10 irabazi zien Gogenola-Nicolasi.

Ondoren jokoetarako partidak izan ziren. Aurrenekoan, Merino-Calvok 0-2 menperatu zituzten Jauregi-Bereziartua (9-15 eta 13-15) eta azkenik, Arakistain-Calvok 0-2 irabazi zien Maelie-Lizardiri (5-15 eta 12-15).