"Datorren urtean ere errepikatu egin nahi dut", hauek ziren asteburuan Xisterako Kanpusean parte hartu duten umeek amaieran esaten zutena, eta hori da berririk onena, horrek laburtzen baitu asteburua nola joan den.

Dena bikain joan dan, Xisterak harrobia lantzen jarraitzen du, behar beharrezkoa etorkizunean. "Goian badaukagu jendea, baina etorkizunean zestak jarraitzea nahi baldin badugu, harrobia landu behar da, eta zestako etorkizuna hemen dago", esan zuen Koldo Rabadan Xisterako ordezkariak.

Asteburua intentsoa bezain ederra izan zen, Urnietako Salesiarretan Euskal Herri osotik etorritako 100 umeentzat, mutikoak eta neskatoak, denetik izan dira asteburu bikain honetan. Larunbat goizean batu ziren Urnietako Salesiarretan, eta jokoen bidez elkar ezagutu ostean, arratsaldean teknifikazioen txanda izan zen, eta horretarako Amasan, Belauntzan, Andoainen eta Tolosako Uzturpen aritu ziren. Horren ostean, berriro ere Urnietara, eta han izan zuten solasaldia Iñaki Goikoetxea pilotari profesionalarekin.

Hortik aurrera, eurentzako izan zuten astia, igande goizean Tolosako Beotibarren batu eta kinielak jokatu ostean iritsi zen argazkien txanda, denak batera.

"Asteburu bikaina izan da, eta zestaz jokatzeaz gain, kirol honekin gozatzeaz gain, elkar ezagutzeko eta harremanak lantzeko ere balio du. Honek aurrera jarraitu beharra dauka, eta uste dut bide onetik goazela", esan zuen Koldo Rabadanek.

Agurtzeko garaia iritsi zenean, gaztetxoak, gurasoak, ikuskatzaileak, denak zeuden zoratzen, asteburu bikaina izan zen, betirako oroitzapenean geratuko dena. Eta nola ez, eskerrak emateko garaia ere bai, et Xisterak hemen parte hartu duten gaztetxo, guraso, eta ikuskatzaileek eskerrak eman nahi dizkie, eta baita pilotalekuak utzi dizkien udalei, eta nola ez, Urnietako Salesiarrei.

Xisterako Mutilen Zirkuitua

Mutilen Xistera Zirkuituko hirugarren fasea abiatu zen Biarritzen. Lehen Mailan, Gonzalez-Danel Mandiolak irabazi zuten aurreneko kiniela, eta bigarren berdinduta geratu ziren 14rekin Etcheberry-Ibarluzea eta Antxon-Adrian. Bigarrengoan, Gaizka-Goixerri izan ziren 15era heltzen aurrenekoak, eta bigarren, berriz, Etcheberry-Danel Mandiola, Gonzalez-Adrian eta Zuloaga-M.Elkorobarrutia geratu ziren 9rekin.

Bigarren Mailan, Alain Garcia-Sorozabalek irabazi zuten, eta bigarren, Clement Garcia eta Oyhenard sailkatu ziren 14rekin. Bigarrengoa, berriz, Urrutia-Garatek eraman zuten, eta bigarren 11rekin Clement Garcia-Berdoulay sailkatu ziren.

Hirugarren Mailako protagonista Libois izan zen, bi kinielak irabazi baitzituen. Aurrenekoan Iriondo izan zuen lagun, eta bigarrengoan, berriz, Ibar. Lehen kinielan Urreisti-Bourrasse sailkatu ziren bigarren 9rekin, eta 8rekin, bigarrengoan Urresiti-Iriondo sailkatu ziren. Hirugarren Mailan kinielak 10era jokatzen dira.