- 56 partida ofizial jokatu ditu Donostian Betisek, horietatik 34 galduz (%60), hamabost berdinduta (%27) eta zazpi garaipen besterik ez (%13). Datorren ostegunean Donostian, Kopako final-zortzirenetan eta partida bakarrera, Realaren aurkariak ia bi hamarkada daramatza, 2003a geroztik, talde txuri-urdinaren zelaian garaipenik lortu gabe.

Betisekoek Anoetan lortutako azken garaipena 0-4koa izan zen; Joaquinek bi gol sartu zituen eta Capik eta Juanitok bana, 2003/04ko Ligan. Harrez gero, Sevillako betikoak hamalau aldiz etorri dira bisitan Donostiara, eta etxekoek irabazi dituzte horietako zazpi partida, beste zazpiak berdinketarekin amaitu ziren.

Realaren zelaian Betisek lortutako garaipenen ia erdiak 90eko hamarkadan gertatu ziren: 0-1 (Ureñaren gola), 1994/95 denboraldiko Kopako partidan; emaitza bereko beste garaipen bat 1996/97 Ligan (Josete golegile); eta 0-2koa 1997/98 Kopako final-zortzirenetan, golak Finidik eta Ivan Perezek sartuta.

1930 eta joan den mendearen amaiera bitartean, Realari egindako 31 bisitetatik hirutan bakarrik irabazi zuen Betisek: 0-1 (Nene Suarezen gola) 1984/85 Ligan; emaitza berbera 1960/61an (Boschen gola), eta 34/35 denboraldiko 2-4koa, orduan Cholinek eta Insaustik sartu zituzten donostiarren golak, eta Timimik (bi), Unamunok eta Lecuek betikoenak.

Bestalde, Betisen atzoko entrenamenduan ez ziren izan bost internazional amerikarrak: Germán Pezzella eta Guido Rodríguez argentinarrak, Andres Guardado eta Diego Lainez mexikarrak, eta Txile eta Argentinaren arteko aurreko osteguneko partidan mina hartu zuen Claudio Bravo atezaina.

Asteazken gauean jokatzekoak diren Guido eta Pezzella kopako hitzordura nahiko larri baina garaiz iritsiko ote diren itxaropenez, joan den astean ezinean ibili zen Bellerin berreskuratuz hasi zuen Manuel Pellegrinik astea; gainera, Tello ere ez zen entrenatzeko moduan izan. Lesionatu berria den Bravoz gain, luzerako min hartuta ditu Betisek, Paul Akouokou erdilaria eta Montoya hegalekoa.

Donostian jokatutako azken hamalau partidetatik, Realak zazpi irabazi ditu eta beste zazpiak berdindu