- Ana Junyentek adierazi zuenez, gaur Valentziaren zelaian (18.00etan) jokatuko duten urteko azken partidan garaipena lortzea, "zoragarria" izango litzateke. Eibarreko entrenatzailearen hitzetan, talde armaginak "sentsazio onekin" egin omen du bidaia.

"Larunbateko partidaren ondoren, taldea ondo osatu da. Ez dugu uste galtzea merezi izan genuenik. Sailkapenean bigarren dagoen taldeari oso modu positiboan egin genion aurre. Taldea ongi dago", esan zuen entrenatzaile katalanak.

"Argi dugu garaipenak, berandu baino lehen, etorriko direla. Nik lanean ondo ikusten ditut, lehiatzen eta ederki jokatzen; horren aurrean ezin besterik esan, jarraitu egin behar dugu, hori baita bidea. Mundu guztiak ikusten du, Unbera igotzen direnek, ikusten gaituen jendeak badaki lanean ondo ari garela, taldea lehiakorra dela, eta ez duela partidarik galdutzat ematen, alderantziz, azken segundora arte borrokatzen da", gaineratu zuen.

Aurkariari buruz hauxe adierazi zuen Junyentek: "Valentzia, jokatzeko grina duen taldea da, konbinaziozko futbola planteatu eta oso jokalari teknikoak dituena. Ez da talde fisikoa, horretan gurearen antzeko mailakoa da, eta baloiaren jabetza nahi izaten du. Jokalari azkar pare bat ere baditu. Oso partida lehiatua espero dugu.

"Argi dugu garaipenak berandu baino lehen etorriko direla. Taldea ongi dago"

Eibarren entrenatzailea