- Atletico Madrilen aurkako 0-1eko emaitzak ez ditu talde txuri-urdinaren merezimenduak adierazten, baina Kopako final-laurdenetan partida bakarreko kanporaketa izanik, arriskua nabarmena zen.

Lehen zatia oso lehiatua izan zen, eta txuri-urdinak gehiago izan ziren minutuek aurrera egin ahala; aukerarik onenak ere eurek izan zituzten. Koltxoneroek, berriz, ozta ozta kanpora joan ziren Santosen eta, bereziki, Ajidaberen erremate pare bat egin zituzten hasieran. Realeko nesken erantzuna ere berehala etorri zen, eta Gemmaren errematea langaren gainetik joan zen. Jarraian, Kianak gola sartu zuen buruz, baina baliogabetu egin zioten jokoz kanpo zegoelako.

Artean lehen zatian, Nahikari, berriro ere buruz, gipuzkoarrak aurreratzetik gertu egon zen. Eta, aukerarik argiena, errematean amaitu ez arren, Realeko kapitainaren barneraketa azkar batean etorri zen; atezainaren aurrez aurre geratzear zegoela, Van Dongenek baloia larri larri urruntzea lortu baitzuen.

Zuri-gorriak hobeto aritu ziren bigarren zatian. Santosek, area barruan egindako erremate zital batekin, aukera ederra izan zuen bisitarientzat, baina Mariasun Quiñonesek gola saihestu zuen geldiketa ikusgarria eginda. Etxekoek gogor eutsi zieten madrildarren etengabeko erasoei, eta, partida luzapenera zihoala ematen zuenean etorri zen madrildarren jokaldia; Ludmilak erdiratu eta Ajidabek errematea egin zuen bigarren zutoinean, partidako gol bakarra azken minutuan sartuz.

Kolpe gogorra eta sari kamutsa Realak egindako ahaleginarentzat. Beraz, Kopako ametsari agur esan behar; ligan, ordea, Europan izateko postuetan sailkatzeko borrokan jarraitzen du.

REAL SOCIEDAD Quiñones, Lucía, N. Mendoza, Tejada, Nuria R. (Etxezarreta, 61. min), Maitane, Gemma (Itxaso, 88. min), Barbara (Amaiur, 61. min), Palacios (Franssi, 61. min), N. Eizagirre eta Nahikari.

ATLÉTICO DE MADRID Peyraud-Magnin, Aleixandri, Tounkara, Van Dongen, Strom, A.Sampedro, Meseguer, Santos, Ajidabe, Laurent (Deyna, 65.min) eta Ludmila.

Gol 0-1, 92. min: Ajidabe.

Árbitra Gil Soriano. Ez zuen txartelik erakutsi.

Incidencias Kopako final-laurdenetako kanporaketa Zubietan partida bakarrera.