- Ligako bigarren fasea amaitzeko hiru jardunaldiren faltan Reala B jada sailkatuta dago Bigarren Mailara igotzeko faserako. Xabi Alonsok zuzentzen duen taldea Bigarren B mailako talde onenen artean sailkatu da, Zubietan Tudelanoren aurka markagailua iraulita (3-2). Talde nafarrak gola sartu zuen ordu erdia pasata zenean, eta 40 minututik eutsi zion markagailu horri. Alex Solak Reala Bren lehen gola sartu zuen arte. Handik aurrera txuri-urdinek hiru minutu behar izan zituzten Alkainen golari esker emaitzari buelta emateko. Eta, festa giroarekin bat eginez, Zubieta liluratuta daukan Jon Karrikaburuk 3-1ekoa sartu zuen 89. minutuan. Gainera, baztandarraren gola ez zen soilik markagailua apaintzeko izan, erabakigarria baizik, nafarrek amaieran 3-2koa sartu ondoren.

Xabi Alonsok ezin izan zituen zelairatu Alex Petxarroman, Ekaitz Jimenez, Gaizka Ayesa, Urko Gonzalez de Zarate eta Jon Pacheco konfinatuta daudelako. Atezainak, erdiko atzelari baztandarrak eta pibote arabarrak lehen taldearekin lan egin ohi dute, eta joan den astean Valentziaren aurkako partidan izan ziren.

Hutsune horiek gorabehera, Reala B izan zen jaun eta jabe lehen minutuetan, eta Lobete, ezkerkada batekin aurrena eta buruz apur bat geroago, txuri-urdinak aurreratzeko zorian egon zen. Minutuek aurrera egin ahala, nafarrak gero eta arrisku handiagoarekin hurbildu ziren etxekoen areara, eta atsedenaldira iristeko hamar minutu falta zirela, Suarezek markagailuan aurreratu egin zituen Ezkurdiak egindako penalti bat gauzatuta. Handik gutxira, Samanesek aukera ederra izan zuen Tudelanoren garaipena sendotzeko. Gipuzkoarrak, ordea, nafarren unerik onenetan eusteko gauza izan ziren, eta atsedenaldira gol bakar baten aldearekin joan ziren.

Aldagelatik itzultzean Xabi Alonsoren mutilek hiru aukera garbi izan zituzten, baina Aranzabe, Turrientes eta Lobeteren erremateak atezainak eta zutoinak saihestu zituzten.

Hortik aurrera eta hamar minutu magikotan, txuri-urdinek sekulakoa egin zuten: Solak, area barruko aldaratze bat aprobetxatu eta erremate gurutzatu batekin, berdinketa jarri zuen; hiru minutu geroago, Alkainek buelta eman zion emaitzari, atera nola-hala sartu zen ezkerkada kamuts batekin; eta, amaitzeko, Karrikaburuk ziurtatu zuen garaipena, aurkari baten atzera-pase eskasa baliatu eta atezaina gaindituz. Bi ukitu nahikoa izan zituen. Azken jokaldian Martinez de Lizarrondok aldea murriztea lortu zuen, baina Realekoen garaipena ez zen arriskuan egon.

REAL SOCIEDAD B Ruiz-Zeberio, Aldasoro (Garrido, 69. min), Blasco, Ezkurdia, Recio, Turrientes, Olasagasti, Martin (Alkain, 57. min), Navarro (Cantero, 88. min), Aranzabe (Sola, 69. min) eta Lobete (Karrikaburu, 57. min).

TUDELANO Otaño, F. Delgado, Barrera, Lalaguna, L. E. Delgado, Suárez (Orbegozo, 78. min), Sarriegi, Sanz (Gassama, 67. min), Gualda (Roig, 83. min), Samanes eta A. Sánchez (Martínez de Lizarrondo, 83. min).

Golak 0-1, 36. min: Suarez, penaltiz. 1-1, 77. min: Sola. 2-1, 80. min: Alkain. 3-1, 89 min: Karrikaburu. 3-2, 92. min: Martínez de Lizarrondo.

Epailea Román Román. Txartel horiak: Realeko Aldasorori, eta L. E. Delgado eta Roig bisitariei.

Jazoerak Zubietan ateak itxita jokatutako partida.

Ayesak, Urko Gonzalez de Zaratek eta Pachecok ezin izan zuten jokatu norgehiagokan, konfinatutak baitzeuden