REAL Quiñones, Lucía, Nuria Mendoza, Tejada, Nuria R., Maitane (Itxaso, m. 85), Gemma, Bárbara (Amaiur, m. 85), Leire Baños (Cecilia, m. 59), Nerea Eizagirre (Palacios, m. 78) y Franssi (Nahikari, m. 59).

DEPORTIVO E. Sullastres, Blanco, Arnaiz, Athenea (Peke, 46.min), Merino, Gaby, Campo, C. Martinez, P. Lopez, Nieto eta Figueroa (Michelle, 46.m).

Golak 1-0, 44. m: Nerea Eizagirre. 2-0, 85. m: AmaiurSarriegi.

Epailea Espinosa Ríos. Ez zuen txartelik erakutsi.

Jazoerak Ligako hogeita batgarren jardunaldiko partida Zubietan, ateak itxita.

- Realak 2-0 gainditu zuen Deportivoren Zubietan azken partiduetako sendotasuna berretsiz. Talde txuri-urdina azken sailkatua baino askoz gehiago izan zen, hasieratik bukaerara nagusitasuna erakutsiz, baina Errealeko jokalariei asko kostatu zitzaien euren futbol bikaina gol bilakatzen. Azken jardunaldi hauetan maila ederrean dabilen Nerea Eizagirrek piztu zuen markagailua berriro ere, partida atsedenalditik gertu zegoenean. Oraingo honetan, arearen aurrealdetik hain gogoko dituen jaurtiketa batekin lortu ordez, tolosarrak buruz egindako erremate batekin lortu zuen gola, atetik oso gertu eta aurkarien atezainak baloia ukitu ondoren. Realak ezin izan zuen partida erabakita utzi azken txanpan Amaiur Sarriegik bigarren gola egin arte.

Gipuzkoarren nagusitasuna erabatekoa izan zen lehen zatian; behin eta berriz iristen ziren eta partida erabakita uzteko adina aukera izan zituzten. Franssiren jaurtiketa ozta-ozta langaren gainetik joan zen; Eizagirrek, area kanpotik ohiko dituen jaurtiketa egin eta Deportivoren atezainak gelditu bikaina egin zion eskuz aldatuta; eta realzaleei gol bat baliogabetu ere egin zieten korner batean, ustezko falta batengatik. Halako batean, Barbarak baloi polita jarri zion Luciari eskuinetik erdira zezan, eta Nereak, buruz, area txikian errematatu zuen, atsedenaldira joan aurretik lehen gola lortzeko.

Donostiarren nagusitasunak bere horretan jarraitu zuen aldageletatik pasa ostean ere. Gipuzkoarrak partida erabaki nahian ibili ziren bigarren zati osoan zehar hiru puntuak ziurtatu asmoz, eta gol aukera ugari izan zituzten: Franssiren burukada oso gutxigatik joan zen kanpora, Nahikariren jaurtiketa atezainak aldendu zuen...

Deportivo, oso tarteka, saiatu zen partida kontraerasoan berdintzen, baina ez zuen arrisku handirik sortu, eta amaierarako bost minuturen faltan Realak erabakita utzi zuen partida. Kiana Palaciosek Amaiur Sarriegiri baloia pasa, eta donostiarrak behe aldetik gainditu zuen atezaina, markagailuan 2-0ekoa ipini eta denboraldiko lehen gola lortuz.

Garaipen honekin, Reala seigarren da sailkapenean, hirugarren den Real Madrilengandik zazpi puntura.

Natalia Arroyo Realeko entrena-tzaileak atsekabetuta aipatu zuen Reala ez zela gauza izan "ia amaierara arte, markagailuan abantaila nahikoa ezarri eta garaipena ziurtatzeko. Gola sartu aurretik ere, pare bat aukera garbi izan ditugu markagailuan aurrea hartzeko". Kataluniarraren ustez, bere jokalariak "nahiko ondo aritu ziren erasoan", baina bere taldeak "abantaila handiagorekin" iritsi behar omen zuen atsedenaldira. Nolanahi ere, "garrantzitsuena berriz ere hiru puntuak lortzea zen, etxean berriro irabaztea eta atea hutsean uztea".

Gipuzkoarrei asko kosta egin zitzaien nagusitasuna gol aukera bihurtzen Zubietan jokatutako partidan