- Sailkapenaren zulotik aterako duen garaipena lortu nahi badu, Eibarrek etxetik kanpo eskaintzen duen futbolik onena baliatu beharko du gaur gauean Betisi aurka (21:00etan). Orain arteko bi garaipenak etxetik kanpo lortu dituen talde armaginari ederki etorriko litzaioke beste partida bat irabaztea, txapelketan gol gehien jaso dituen Betisen aurka.

Zigortuta dagoen Kike Garcia, taldearen sei goletatik hiru sartu dituen Eibarreko goleatzaile nagusia, ordezkatzea da Jose Luis Mendilibarren buruhauste nagusia Betisen aurkako partida honen aurrean. Arazoak areagotzeko, denboraldi honetan apenas jokatu arren, aurrelaria ordezkatzeko egokia izango zen Quique Gonzalez ere ezin izan dute deialdian sartu, eskuin belauneko alboko lotailuko lesio batengatik.

Horrenbestez, Yoshinori Muto japoniarra da puntan jokatzeko aukera gehien dituena; pixkanaka Eibarren jokamoldea barneratzen ari da, eta iragan jardunaldian bere partidarik onena jokatu zuen Getaferen aurka, golik sartu gabe jarraitu arren.

Aurten Mendilibarrek askorik erabili ez duen Sergi Enrichek ere badu jokatzeko aukera. Getaferen aurka minutu batzuk izan zituen, eta armaginen aukerarik onenean zutoina jo zuen bere jaurtiketak.

Beste baja aipagarri bat Paulo Oliveira portugaldarrarena izango da. Mendilibarrek gehienetan erabili ohi du, baina aste honetan minduta ibili da, deialditik kanpo geratuz. Aurreko astean Getaferen aurkako partidan kanpoan geratu zen arte minutuak pilatzen zebilen Esteban Burgos argentinarrak ordezkatu lezake portugaldarra atzealdean.

Atal positiboan, Realak utzitako Kevin Rodriguesen errekuperazioa mesederako izango du Zaldibarko entrenatzaileak. Getaferen aurka ezin izan zuen jokatu min txiki batzuk zirela eta, baina osatuta dagoenez deialdian sartu da, eta hasierako hamaikakora itzul daiteke, Mendilibarrek konfiantza osoa baitu berarengan.

Manuel Pellegrinik zuzentzen duen taldeak ez du espero zen erritmoa hartu liga dotore hasi ostean. Aurrean Eibar izango du, irabaziz gero sailkapenean jauzi ona emango lukeen taldea eta, gainera, etxean baino bisitari gisa askoz emaitza hobeak lortzen dituena.

Talde zuri-berdearen entrenatzailea den Pellegrinik hasieratik adierazi zuenez, defentsako sendotasunetik hasiko zen joko-sistema bat osatzeko asmoa omen zuen, azken denboraldietan ezin izan baitute konpondu atzealdeko gabezia hori. Oraingoz halaxe jarraitzen dute.

Joan den astelehenean Bilbon izandako porrotaren (4-0) eta talde gipuzkoarraren bisitaren artean, txiletarrak Nabil Fekir erdilari frantziarra berreskuratuko du, Bartzelonan eta Bilbon galdutako partidetan ez baitzen jokatzeko moduan izan.

Pellegrinik, bestalde, larunbatean iragarri zuen Claudio Bravo herrikidea eta atezain titularra ez dela zelaian izango hainbat partidetan, giharretako lesioa izan baitzuen San Mamesen. Joel Roblesek beste aukera bat izango du, denboraldi hasieran atezain Txiletarraren beste baja batengatik izan zuen bezala.

Fekirren itzulerari dagokionean, Betisen jokoaren oinarri den Sergio Canalesen hutsunea arintzen ahalegindu beharko du; Canalesek lesio larria izan zuen Espainiako selekzioarekin, eta Bilbon ere baja izan zen.