- Datorren denboraldirako Jakub Skrzyniarz atezainaren fitxaketa iragarri du Bidasoak, beste baterako luzatzeko aukera izango duelarik. 25 urteko poloniarrak José Manuel Sierraren lekua beteko du, joan den azaroan jakinarazi bai-tzuen azken honek, behin denboraldi hau bukatuta, bere kirol-ibilbideari amaiera emateko asmoa zuela.

Skrzyniarz 1996ko ekainaren 6an jaio zen Poloniako Lubin herrian, 1,89 metro neurtzen du, eta SMS Gdansk eta Zaglebie Lubin taldetan ibili ondoren, gaur egun bere herrialdeko Górnik Zabrze taldean jokatzen du. Gainera, Poloniako selekzioarekin debuta ere egina du.

Talde irundarretik adierazi dutenez, "atezainak hainbat aintzatespen jaso ditu PGNiG Superligako lehen itzulian, eta Hungarian eta Eslovakian jokatzekoa den Europako Txapelketarako Poloniako aurre-zerrendan ere badago".

Bidasotarren jokalari berria "bere jaioterrian bertan hasi zen eskubaloian jokatzen, eta handik SMS Gdanskera joan zen (2014/2015). 2015 eta 2019 artean, etxera itzuli eta MKS Zaglebie Lubin taldean jokatu zuen. Hura utzita, egungo taldea duen MKS Górnik Zabrze taldera joan zen. Azken klub hau, 90eko hamarkadaren hasieran bi aldiz izan zen Poloniako txapeldun, eta azkenaldian Europako lehiaketetara itzuli da. EHF Kopan eurekin egin zuen debuta, eta, ondoren, baita EHF European League-n ere".

Jacobo Cuétara entrenatzaile bidasotarraren ustez, Skrzyniarz "oso fitxaketa ona da, etorkizunean une gogoangarriak eskainiko dizkiguna. Oso pozik gaude Jakub gure artera ekarrita, azken denboraldietan bilakaera ederra izan duen atezaina baita, oraindik gaztea, eta hobetzeko tarte handia duena. Oso datu onak lortu ditu azken denboraldietan Poloniako Ligan, eta dagoeneko Poloniako selekzioaren atea jotzera eraman duen egungo errendimendua kontuan izanik, guretzat oso errentagarri izan daitekeen atezaina dela esango nuke, berezkoa duen hobekuntza-tarte hori nabarmen hobetu baitezake gurekin lan eginez". Entrenatzaileak, gainera, biziki estimatu zuen "hizketan hasi ginenetik, Skrzyniarzek interes handia erakutsi zuela Bidasoa Irunera etor-tzeko.

Bestalde, talde bidasotarrak gaur jokatuko du lehiaketetara itzuli aurreko azken lagunartekoa.

Jacobo Cuetararen mutilek Torrelavegarekin neurtuko dituzte indarrak Zumaiako Lubaki kiroldegian (20.30ean).