- Liga amaitzeko bi jardunaldi falta direnean, zazpigarren titulua lortzeko asmoz irtengo da larunbatean, 19.00etan (ETB4n zuzenean eskainiko da), Super Amara Bera Bera Elxen aurka Gasca kiroldegian jokatuko duten partidara. Alba Menendez eta Malena Cavo jokalariek hala adierazi zuten atzo, Gesalaga babeslearen Zarauzko egoitzan Okelanen txuleta ederra dastatu zuten ekitaldian. Aipatzekoa da talde donostiarrak puntu bat lortzea nahikoa lukeela titulua eskuratzeko, eta bestela, ordu berean jokatuko duen Rocasak Guardesen pistan galtzea edota berdintzea ere nahikoa izango litzateke.

Alba Menendezek aitortu zuenez "motibazio handiz" bizi omen du taldearentzat, eta beteranoa izan arren baita berarentzat ere, zazpigarren liga lortzeko aukera hori. Elx aurkariarekin "hauekin bezain ondo moldatzea" espero duela esan zuen Super Amarako kapitainak, atzo dastatu zituzten txuletari eta kroketei erreparatuz.

"Liga amaiera polita izango litzateke bi jardunaldiren faltan etxean irabaztea; izan ere, atzera begiratuta, ez baikinen ondo hasi, bi titulu galduta (Kopa Alhaurin de la Torren eta Superkopa Malagan). Orain, ordea, ederki gabiltza, bide onetik goaz; eta larunbat honetan, desira-tzen ditugun bi tituluetako bat eskuratzea espero dugu", adierazi zuen zarauztarrak.

Bestalde, Malena Cavok, taldea partida horretarako "oso motibatuta" dagoela aitortu zuen. "Dena emango dugu; garaipenaren bila irtengo gara, eta sekulako poza izango litzateke, egiten ari garen lanaren eta jokatzen gabiltzan partiden ordain ezin hobea", esan zuen argentinarrak, Bera Berari txapeldun izateko puntu bat nahikoa zaion arren. Koronabirusaren pandemia dela eta ez da publikorik izango Gascan, eta "tamalgarria da, Gasca beteta oso polita dela esan baitidate", esan zuen. Gipuzkoako bere egonaldiaz ere mintzatu zen Cavo: "Kosta egin zitzaidan egokitzea, baina taldekideen eta teknikarien laguntzari esker lortu dut, eta orain eroso eta konfiantzaz sentitzen naiz taldeari nire ekarpena eskaintzeko. Aldaketa handia izan da, gozatzen ari naiz eta titulu bat lortzea oso garrantzi-tsua da niretzat", gaineratu zuen.

Babesleak antolatutako ekitaldian 2,6 kiloko idi-txuletatzarrarekin ederki moldatu ziren Bera Berako bi jokalariak, eta parrillan egin zuten. Alba Menendez eta Malena Cavo Gesalagara iritsi zirenean, Edur García Okelaneko zuzendari komertzialak bi jolas proposatu zizkien: txuletaren pisua asmatzea eta kroketen zaporea ezagutzea. Goitik jo zuten biek pisuan, eta Cavo hurbildu zen gehien; "parrillara hurbilduta" pentsatu omen zuen: "Hau poza hainbeste haragi ikustea, aspaldian ez nuen horren handirik ikusi". Eta haragia sutan zen bitartean, Menendezek Gesalagako kroketen hiru aldaerak ederki asmatu zituen: txipiroia, Idiazabal gazta eta onddoak. Biek ala biek dastatu zituzten txuleta zein kroketak.

"Dena eman eta garaipenaren bila irtengo gara; tituluak izugarri poztuko gintuzke"

Bera Berako jokalaria

"Amaiera polita izango litzateke, liga jardunaldi honetan etxean irabaztea"

Bera Beraren kapitaina