- Super Amara Bera Berak 2020-21 denboraldiko jokalariak eta talde teknikoa aurkeztu zituen atzo Donostiako Josean Gasca kiroldegian Harrotasuna - Pasión lelopean. Sei hilabeteko etenaldiaren ondoren, emakumezkoen eskubaloiaren jarduera berreskuratzeko asmo sendoa erakutsi zuten, erronka ederrak dakartzan denboraldi berriari begira: liga alde batetik, European League berria, eta datorren urtean Gipuzkoan antolatuko den Kopa, bestetik..

Super Amara babesle denetik egindako aurreko aurkezpen guztietan bezala, jokalariekin batera egindako kanpaina ere erakutsiko zuten. Oraingo honetan, motorzaletzat jantzita agertu dira Harley Davidson batzuk ondoan dituztela. Imanol Alvarez entrenatzaileak iragarri zuen talde azkarra nahi zuela; orain, abiadura hori orekatu eta jokoaren kontrolarekin bat egitea izango da erronka.

Banaka aurkeztu ondoren, uztaileko azken astean egindako argazkiak ikusi zituzten lehen aldiz jokalariek eurek ere. Jarraian, harmailetan kokatu ziren, partiduko ikusleak balira bezala, distantziak gordetzen; zaleek ere halaxe egin beharko dute irailaren 18tik aurrera, orduan itzuliko baita eskubaloia Donostiara. Guerreras Iberdrola Liga hilaren 11n, ostiralean, hasiko bada ere, Super Amara gurpilak erretzen larunbatean hasiko da Lanzaroten, 21.00etan (Euskadin), Cicar Lanzarote Ciudad de Arrecife taldearen aurka (Priscila Dos Santos Bera Bera taldeko jokalari ohia talde horretan dabil orain eta estreinaldia dute aurten lehen mailan).

COVID-19aren pandemiak eragindako prebentzio neurri bezala, Bera Berak taldearen aurkezpena ligako partidak jokatuko dituen eszenatoki berean egin zuen, hau da, Gasca kiroldegian; entrenamendu gehienak Bidebietan egingo dituzte. Egungo egoera kontuan izanik, aurkezpen xumea izan da: agintari batzuk, zenbait babesle eta komunikabideak. Talde trinkoa eta txikia izan arren, une oro segurtasun-distantziak gorde zituzten, eta ohiko musukoaren ordez maskara pertsonalizatu batzuk eraman zituzten, prentsa grafikoaren aurrean jartzeko.

Aurkezpenean, Alfonso Reiriz Super Amarako Marketin zuzendariak "Bera Berarekin partekatzen dituzten balioak" azpimarratu zituen. Martin Ibabe Donostiako Udaleko Kirol zinegotziak taldearen "konstantzia" nabarmendu zuen, eta Harkaitz Millan Kultura, Gazteria eta Kirol diputatuak, berriz, "emakumezkoen kirolean sortzen diren erreferenteei" eman zien garrantzia. Ekitaldia Fernando Diez Mintegi Bera Bera RTko presidenteak itxi zuen, taldea animatuz, "aurrean ditugun erronkak zoragarriak direlako".

Aurkezpen xume bezain hunkigarri horretan ere izan ziren, besteak beste, Xabier Ezeizabarrena Gipuzkoako Batzar Nagusietako presidentea, Goizane Alvarez Kiroletako foru zuzendaria, Francisco Barros Gipuzkoako Eskubaloi Federazioko presidentea, Javier Olmos Super Amarako zuzendaria, Gotzone De Miguel Super Amarako Giza Baliabideetako arduraduna, Juanma Garro Lacturaleko gerentea, Igor Etxeberria Bera RTko gerentea, Bulta Taldeko bazkide-zuzendaria Iñaki Jauregi, eta talde donostiarreko hainbat ordezkari.

Talde gipuzkoarrak larunbatean hasiko du liga igo berri den Lanzarote taldeari bisita eginez