Bidasoa-Irun "topera joango da bi puntuak lortzeko asmoz"


26.02.2020 | 09:05

Irun – Gaur 20:30etan Asobal Ligako 19. jardunaldiko partida jokatuko du Bidasoa-Irunek Angel Ximénez-Avia Puente Genilen aurka, Wisla Plock taldea burutik kendu nahian. Irungo taldeak 32-25 galdu zuen Velux EHF Champions Leagueko kanporaketako joaneko partidan Wisla Plocken aurka.

Bitartean, estatuko lehiaketan ez du oraindik garaipenik lortu 2020an, Ademar Leon eta Bartzelonaren aurka galdu eta Artalekun BM Benidormen aurka berdindu ondoren.

Kordobako taldea zazpigarren postuan kokatuta dago, sailkapenaren erdian sortutako talde txiki horretako "lidertzan". Iruñean Helvetia Anaitasunari irabaztetik datoz Francisco Bustoren mutilak (26-28), eta bi garaipen patrikaratu dituzte azken hiru partidetan.

Luzerako lesionatuta daudenez, Jacobo Cuetarak ezin izango ditu oraingo honetan Mikel Zabala eta Paco Barthe zelairatu; Martin Santano filialeko jokalaria, berriz, Puente Genilera eraman du.

Cuetararen hausnarketa Bidasoa-Irungo entrenatzaileak "harrokeria baztertzea" espero du gaur arratsaldean Kordoban jokatuko den partidan.

Polonian Wisla Plock taldearen aurka alde handiarekin galdu arren (32-25), atzo Artalekun emandako prentsaurrekoan "esperientzia aberasgarria" izan zela esan zuen entrenatzaile asturiarrak; "Txapeldunen Ligako une handietan egotearen esperientzia aberasgarria da", eta hori ondo etorriko omen zaio taldeari, "Ikasteko eta erritmoa hartzeko".

Bestalde, Kordobako partida "arriskutsua" izango dela iritzi zion, eta Bidasoa-Irun "topera joango dela bi puntuak lortzeko asmoz, hori baita garrantzitsuena".

Bere ustez, taldeak "denean hobetu behar du apur bat, jokoaren zenbait atal hobetu behar ditu"; esate baterako, jokalariak asko sufritzen ari diren, "behartu gabeko hutsegiteak".

Eta argi utzi du Bidasoak ez duela orain gogoan larunbateko Wisla Plocken aurkako kanporaketako itzulikoa: "Oso urrun geratzen da, astea oso luzea izaten ari da. Aurretik oso partida gogorra daukagu. Jokalariek Puente Genil dute begiz jota, eta hori oso garrantzitsua da", adierazi zuen Cuetarak.

"Astea oso luzea da. Aurrena partida latza dugunez Puente Genil dugu orain gogoan"

Jacobo Cuétara

Bidasoa-Irungo entrenatzailea