- Novak Djokovic tenislari serbiarrak Australiara sartzeko"giza akatsak" egon zirela onartu du; bitartean, Australiako Gobernuak bere deportazioa aztertzen jarraitzen du. Bere ustez, sortu den "etengabeko desinformazioa" argitu nahi izan zuen munduko 1 zenbakidun tenis jokalariak, sare sozialetan zabaldutako ohar baten bidez.

Bertan onartu egiten zuen, abenduaren 18an Frantziako hedabide batekin elkarrizketa egitera joan zela, covid-19arekin positiboa zela jakin eta hurrengo egunean. "L Equipe-n elkarrizketa egitera behartuta sentitu nintzen kazetariari kale ez egitearren; baina distantzia soziala ondo gorde eta maskara jarrita izan nuen denbora guztian, argazkietan izan ezik. Etxera itzultzean isolatu, eta gogoeta egiteko tartea hartu nuen", azaldu zuen 34 urteko serbiarrak bere Instagrameko kontuan.

Adierazpen esanguratsu horiek oso une larrian egin ditu tenislariak, abenduaren 16an koronabirusaren probak egin ondoren hainbat ekitaldi publikotara joan izana zorrotz aztertzen dabiltzanean; Djokovicek berak aitortu du, "irizpide okerra" hartu zuela eta "hitzordua atzeratu egin behar zuela".

Australiako Irekian hamargarren titulua irabazi eta Roger Federer eta Rafa Nadal gainditzeko bere hogeita batgarren Grand Slama lortu nahi duen tenislariak, beste bi ekitalditara joan zela ere azaldu zuen: saskibaloiko batera, proba egin baino bi egun lehenago, eta haurren elkarretaratze batera abenduaren 17an".

Ez nuen inolako sintomarik, ondo sentitzen nintzen, eta ekitaldi hori amaitu ondoren jaso nuen nire PCR test positiboaren jakinarazpena (haurrentzako sari banaketa bat)", zehaztu zuen Djokovicek.