Aizkolari Txapelketa Nagusiko bigarren maila irabazteko lehian izango diren zortzi hautagaien artean izango da Iñaki Azurmendi. Iaz gertatu bezala, kirolariek eurek antolatu dute lehiaketa, ez Euskadiko Federazioak.

Konfinatuta zegoelako, Azurmendik ezin izan zuen iaz lehen mailako kanporaketan lehiatu, eta horrek maila galtzea ekarri zion. Beasaindarrarekin batera, Aratz Mugerza mutrikuarra, Julen Kañamares, Eneko Saralegi, Asier Pellejero eta Julen Olano nafarrak, Ioritz Gisasola bizkaitarra - Zelai V.a - eta Eloy Corchero arabarra ere lehiatuko dira bigarren mailako txapela lortzeko.

Aurreko edizioa maila goreneko finalarekin batera jokatu bazen ere, aurtengo bigarren mailako finala modu independentean jokatuko da, Arabako Asparrenan dagoen Araiako Arrazpi Berri kiroldegian (12:00etan).

Lehen bi sailkatuek hilaren 30ean Zestoan jokatuko den lehen mailako kanporaketan parte hartzeko aukera izango dute, Iker Vicente, Mikel Larrañaga, Eneko Otaño, Jon Irazu, Julen Alberdi, Aitzol Atutxa, Jon Rekondo, Ugaitz Mugerza, Jexux Mujika, Julen Larrea eta Arkaitz Jauregirekin batera.

Bigarren mailako finalean egin beharreko lana hauxe izango da: bi kanaerdiko, 60 hazbeteko bi enbor eta bi oinbiko ebakitzea.

Araian bertan jokatuko da emakumezkoen aizkora txapelketako lehen finalaurrekoa ere. Maika Ariztegi, Beatriz Tanco, Karmele Gisasola - Zelai III.a -, Garazi Arruti eta Uxue Ansorregi gipuzkoarra lehiatuko dira, Sherpa. ai Aizkolari Txapelketa Nagusiak antolatutako emakumezkoen lehen txapela lortzen. Izena eman dutenetako bi Arabako proban lehiatuko dira, eta beste hirurak Zestoan. Hiru denborarik onenak egiten dituztenak sailkatuko dira azaroko finalerako. Egin beharreko lana, 36 hazbeteko lau enbor moztea izango da.

Emakumezkoen txapelketa bai, bikoitza izango da denboraldi honetan; izan ere, datorren astean Federazioak antolatutako lehiaketan izango baitira, besteak beste, Ansorregi, Tanco eta Ariztegi.

Inolaz ere, herri kirolen zaleentzat bete-bete datorren asteburu honetan, Bigarren mailako txapelketa izango da pizgarri nagusia. Bihar bertan, Urrezko Aizkolari Txapeldunen Ligako irabazlea erabakiko da Lizarrako Remontival pilotalekuan, Nafarroa Oinezen inguruan antolatutako ekitaldian (12:00etan). Lau hautagaiak honako hauek izango dira: Leitzako finalaurrekoan nagusitu ziren Jokin Urretabizkaia -Basozabal- donostiarra eta Hodei Ezpeleta eibartarra, eta Deustun sailkatutako Suharri Rodriguez hernaniarra eta Ibai Soroa nafarra. Goizeder Belza, Xuban Kañamares, Txomin Amundarain eta Patxi Mindegia kanporatuta geratu ziren finalerdietan.

Bestalde, Gipuzkoako txinga-eroate txapelketak gizonezkoen eta emakumezkoen mailan (18.00etan) eta gurdikoak, Asteasuko frontoian jokatuko dira gaur.

Txingekin titulua irabazteko hautagaiak Nerea Arruti, Lierni Osa eta Ane Urresti izango dira, batetik, eta Aimar Galarraga, Jon Unanue harrijasotzailea eta Javier Urresti, bestetik.