EHUko irakaslea, Ikus-entzunezko Komunikazioan doktorea eta Kultur Antropologian lizentziaduna, zinema eta hizkuntza gutxituak ditu ikerketa lerro nagusi Josu Martinez Martinez-ek (Bilbo, 1986). Hainbat pelikula egin ditu, tartean film dokumentalak, besteak beste, 'Itsasoaren alaba', 'Sagarren denbora', 'Caminho longe', 'Barrura begiratzeko leihoak', eta liburu honen sorburu izan daitekeen 'Gure sor lekuaren bila'; eta baita fikziozko laburrak ere, 'Anti' edo 'Ama'. Horrez gain, ikertzailea ere bada, horren emaitza dira argitaratu dituen hamaika artikulu eta zenbait liburu. Aipatzekoen artean daude 'Gure (zinemaren) Sor Lekua. Euskarazko lehen filmaren aurkikuntza, historia eta analisia' (EHU, 2015) eta kaleratu duen azkena: 'Irudiz eta euskaraz. Gure hizkuntzaren zinema. Gure zinemaren hizkuntza' (UEU, 2022).

Azken honetan, hain justu, inoiz egin gabeko ariketa bati heldu dio Martinez-ek, hots, euskarazko zinemaren historia idazteari. Lanaren sinopsiak aipatzen duen bezala, "zazpigarren arteak gure hizkuntzarekin izandako harremanak aztertzen ditu, eta horretarako, XX. mendea zeharkatzen duen ibilbide bat marraztuz, irudiz eta euskaraz sortutako lanen historia kartografiatzen du".

Hain zuzen, aurkikuntza batetik abiatu zuen liburu forma hartu duen ikerketa. 2012an, Josu Martinez-ek 'Gure Sor Lekua' (1956) filmaren kopia mutu bat aurkitu zuen Parisen, euskarazko lehen filma delakoa. Haren inguruan doktore tesia egin ere, euskarazko zinemaren hastapenen inguruan: 'Gure (zinemaren) sor lekua'. Euskarazko lehen filmaren aurkikuntza, historia eta analisia. Liburua eta dokumentala argitaratu zituen orduan, euskarazko zinemaren historian zegoen ezjakintasunaz eta hutsuneaz jabe eginda. Izan ere, tesirako ikerketa lanetan galdutzat ematen ziren kontu asko aurkitu zituen, eta konturatu zen gure hizkuntzan egindako zinemari buruz oso gutxi zela ezaguna.

"Beti pentsatu izan dut hor bazeudela askoz gauza gehiago agertu zitezkeenak", argitu du idazleak. 2019an UEUk eta Eibarko Udalak elkarlanean ematen duten Juan San Martin beka eskuratu zuen eta euskal zinemaren historia jasotzeari ekin zion. Eta hala, hamaika pelikula, egile eta istorio aurkitu ditu inoiz ez lehenago aipatuak. Zergatik izan dira erreferentzia horiek guztiak orain arte ezkutuak? Sinpleki, aurretik jende askok bilatu ez zuen tokietan bilatu zuelako, adibidez, euskarazko prentsa historikoan, eta Ipar Euskal Herriko prentsan. Ahozko lekukotzak ere jaso ditu, esaterako, jakiteko nolakoa zen 30eko hamarkadan Ondarroa edo Baigorri batean zinemara joatea.

Historia bat pobrea

Idatzi gabekoa zen euskarazko zinemaren historia -antzera gertatzen da Euskal Herriko zinemarekin ere, horren gaineko zerbait idatzia badago ere, hutsunea baita nabarmen- eta hori gure historia orokorraren isla dela uste du Martinez-ek: "Sinpleki, existitzen ez den herri bat gara, ez dugu biblioteka nazional bat izan, gure historia pobrea da eta inkomunikazio handia egon da belaunaldi batetik bestera".

Horren adibide argia da, liburua idaztean hainbatetan aurkitu dituela prentsan, garai ezberdinetan -1956an, handik bost urtera, 74an, 80ko hamarkadan...-, euskarazko lehen pelikularen inguruko aipamenak. Belaunaldi arteko transmisio faltaren seinale da egilearen ustetan. "Gauzak egin egiten ziren, baina ez zegoen komunikaziorik jakiteko aurrekoek zer egin zuten". Aitortu behar da, askotan gauza amateurrak izaten zirela, izan ere, ez da ahaztu behar zinema, arteaz gain industria bat ere badela, eta garai batean termino estandarretan euskarazko zinema egitea oso zaila zela (orain ere, bada askotan, bere ustetan). "Pentsa, musika edo literatura euskaraz egitea kontrakultura bazen, zinema euskaraz eta termino estandarretan egitea ezinezkoa zen. XX. mendea hegoaldean diktadura baten pean pasatu genuen eta iparraldean ez zegoen instituziorik. Egin ahal izan ziren gauza apurrak amateurrak edo jende oso bereziak egindakoak ziren, gizartetik pixka bat kanpo zeuden kixoteek egindakoak, edo erbestean egindakoak... ", azaldu du ikertzaileak.

Obrak zinemak euskararekin izandako harremanean jarri du fokua, XX. mendeko sorkuntzaren ibilbidea marraztuz. Ez du soilik euskarazko pelikulen historia kontatzen, baizik eta euskararena eta euskarazko pelikulena. Muinean datu-bilketa erraldoia izanagatik, egileak ez du bere ikuspegia ezkutatzen lanean, ezta bere estilo zirikatzailea ere. Kritikek eta interpretazio pertsonalek badute bere lekua, umoreak eta ironiak duten bezalaxe. Hala, interesa duen edonorentzako liburua izan nahi du, ez akademia munduarentzakoa soilik. "Ez dut liburu gotor bat egin nahi izan, saiatu naiz umoretik tiratzen eta gauza kuriosoak kontatzen". Atsegin irakurtzen den lana da, zalantzarik gabe, kasik abentura liburu bat balitz bezala. Horrela irakurri ditu egileak zinemari buruzko hainbat liburu ere, eta horrela ekarri nahi izan du euskarazko zinemarena hitzetara. "Interesa duen edonork irakurtzeko liburu bat da, eta ikasteko".

Garaiko jendartearen isla

Euskarazko zinemaren ezaugarriei buruz galdetuta, Martinez-ek argi dauka "garaian garaiko euskaldunena eta euskaldun izateko modu nagusiaren isla" izan dela beti. Hastapenetan, 30eko hamarkadan, euskara apaingarri gisara eta errituekin lotutako hizkuntza bezala ageri da, "fosildutako hizkuntza" bat bezala. Aurrerago, 50eko hamarkadan, 'Gure Sor Lekua' pelikula egin zuten, osoki euskaraz aurkitu den lehena. Gaiak ez du inor aho bete hortz utziko: baserri munduari, desagertzen ari den munduari eta tradiziori buruzko pelikula bat da.

Nolanahi ere, hori dena garaiarekin aldatzen joan dela azaldu du idazleak. 70eko hamarkada oso garai politizatua izan zen Euskal Herrian, eta zinema ere markatu zuen. Hasieran, euskararen etsai madarikatutzat hartu zen zazpigarren artea eta, gerora, haren indarraz jabeturik, euskarazko zinema bultzatu zen, askotan, militantzia hutsetik, gure hizkuntzan ere egin zedin zinema. "Orain lehenengo aldiz euskarazko zinema horretatik guztitik ateratzen ari da eta edozein lekutako zinema bezalakoa da, edo izan nahi luke behintzat".

Martinez-ek ikerketa abiatu aurretik zituen hipotesiak betetzen dira liburuan: "Euskaldunon zinema gure historia bezalakoa izan da, nahi eta ezin bat. Hasieratik egon dira saiakerak, baina oso zaila izan da eta benetan euskal zinema oraintxe sortzen ari da". Azaldu duenez, 1920ko hamarkadan munduan abangoardiako zinema egiten zen bitartean, "hemen kristoren lana behar zen pelikula prekario bat egiteko". XX. mende osoan zehar ezin zen zinemarik euskaraz egin eta egin zutenek militantziatik egin zuten. "Niri hori ondo iruditzen zait baina gaur egun euskal zinema bat egongo bada, eta hiztun komunitate bezala beharrezkoa dugu, ez du horrek ekarriko, kalitateak baizik", gaineratu du.

Bizirik mantentzeko gakoak

Euskal zinema osasuntsua zerk bermatuko duen ere, ez da ezkutuko errezeta Martinez-entzat. Bere iritziz, jendartea eta, bereziki, erakunde publikoak, ohartu behar dira komunitate bezala bizirik irauteko berebizikoak ditugula euskarazko eta kalitatezko ikus-entzunezkoak. Hori lortzeko, "erabaki estrategiko handi bat" hartu behar dela uste du, "ikus-entzunezko politika publikoak euskararen, kulturaren, ekonomiaren eta berrikuntzaren batura bezala hartuz", eta ez soilik euskararen edo kulturaren sail bat balitz bezala. "Espezializatu behar genuke horretan euskarari leku berezia emanez", dio, gaineratuz frantziarrak aspaldi jabetu zirela horretaz eta kultura merkatu librearen salbuespen gisa hartzen dutela harrez geroztik, "salbuespen kulturala" deritzona.

Egoerak hobera egin duela uste du ikerketaren egileak, baina oraindik ere hobetzeko asko dagoela. "Egoera toki batetik edo bestetik begiratuz gero, hobea edo okerragoa izango da: oraintsu arte izan dugun basamortuarekin alderatzen badugu, oso ona da, baina benetan gure hiztun komunitatea euskaraz bizi dadin eta euskarazko edukiak izan ditzan, egoera zaila da".

Izan ere, orain beste iraultza handi bat datorrela ohartarazi du, ikus-entzunezkoen zabalkunde masiboarekin eta plataforma berrien agerpenarekin, "eta hor ez ditugu karta hoberenak gurekin". Eskaintza gero eta zabalagoa da, eta Martinez-ek berebizikoa jotzen du euskal zinema ondo posizionatzea. "Zer jan, hura izan, eta zer kontsumitu hura izan ere, erreferenteak hortik ateratzen ditugu. Zinema da eta izan da baloreak eta identitatea transmititzeko medio handi bat", jarri du azpimarra.

Esan behar da, euskal zinema garaikidearen aroa, 2005etik aurrerakoa, epilogo gisa hartu duela idazleak, ez baitu historia liburu batean gatibatu nahi izan mugimenduan dagoen zinema bizia. Nolanahi ere, hari horri zein historikoari tiratzeko parada handia dagoela uste du. Oraindik ere ikertzeko asko dago, aipatu dituen pelikula asko ez baititu aurkitu, adibidez. Martinez ziur dago berak egindako lana ere beste hamaika perspektibatik jorratu daitekeela, eta zentzu horretan 'Irudiz eta euskaraz'-ek bidea ireki duelakoan dago.