Enegarrenez esanez eraikinek, espazio publikoek, hirigintza planek, azpiegiturek, parkeek, biribilguneek€ gure bizitzetan eragiten dute, eta hauek lurraldean kokatzen dira. Gure inguruko lurraldera begira jar gaitezen, eta irudikatu dezagun lurraldeak zer izan beharko lukeen. Ariketa honekin hasi baino lehen, definizioz, lurraldea gizakiak bereganatutako lur eremua da, komunitate baten bizitoki eta lantoki gisa edota hango baliabide naturalak ustiatzeko behar bezala egokitua eta antolatua. Haatik, kontzeptu sakonagoa da. Lurraldeak naturan oinarrituz eraikitzen dira. Lurralde bakar eta homogeneo bat dago edo lurraldeak daude? Elkarbizitzan edo elkar zapalduaz?

Lurraldea da... amalurra. Gure eguneroko beharrak bertatik asetzen ditugu, gure bizitzarako beharrezkoak diren osagaiak bertan kokatzen dira: ura, jana, aire garbia€ Lurrarekiko hartu-eman zuzen eta orekatua bilatzen duten arkitekturak bertan kokatzen dira (baserri, etxalde, landetxe zein ortu komunitarioak). Hauek arduratzen gure baso, larre eta soroak zaintzeaz. Lurrarekiko erlazio bat planteatzen dute, bertan ezartzerako orduan eta berarekin tratatzerako orduan.

Lurraldea da€ azpiegitura. Herri eta hiriek bere baitan eduki nahi ez dutena bertan kokatzen dute. Urbeek (hiriek) asetzeko behar dituzten azpiegiturak kanpora eramaten dituzte. Normalean biztanleentzako itsusiak diren arkitekturak dira (usaina, zarata, kutsadura€ sortzen baitute) eta hauek begi bistatik kenduz lurraldean barreiatzen ditugu. Zentralak (Lemoiz), erraustegiak (Zubieta), zabortegiak (Zaldibar), futbol zelaiak (Eibar), trenak (AHT) edo gure industriak, hilerriak edo saltoki-guneak. Elementu gogor hauek berebiziko ondorioak eragiten dituzte lurraldean, ekosisteman ondorio zuzena edukiz.

Lurraldea da€ hizkuntza. Lurra bizitoki bihurtzeko hizkuntzarekiko atxikimendua nahitaezkoa dugu. Ohitura, usadio, eta hizkuntzen sostengu ere badira lurraldeak. Ikusi besterik ez dugu 'Korrika'. Lurraldean oinarritzen da, lurraldean barrena doa eta lurraldea eraikitzen du. Aurtengo abestiak "Mapetatik harago, mundu asko dago" dio, eta arrazoi. Lurraldeak mapetako errealitate eta mugak baino gehiago dira.

Lurraldea da€ aisialdia. Pertsonek beraien egunerokotasunetik eta nukleo urbanoetatik ihes egiteko espazioak dira. Pertsona askok bere aisialdia bertan gauzatzen dute, lurraldea beraien kotxe, bizikleta, etabarrekin saturatuz. Bestetik, kanpora goazenean edo guregana datozenean ere bertan oinarritzen gara. Turismoak lurraldea ustiatzen du, esplotatzen du, eta amu gisa erabiltzen du jendea erakartzeko.

Ume bati lurraldea irudikatzea eskatzen badiogu lehenago aipatutakoetatik ihesi lurralde pintoresko bat marraztuko digu. Lurraldea fisikoki suntsitzen gabiltzan garai hauetan, kulturalki zelai berde eta baserriz eraikitako paisaia idiliko bat eraikitzen ari gara. Eta errealitatea bestelakoa da. Lurraldea konplexua da, anitza da, heterogenoa da eta guztiz desorekan dago. Egoera honetan arkitekturak eta hirigintzak euren ekarpena egin dute, eta politikariek erantzukizuna izan dute. Izan ere, lurraldearen oreka bermatzeko instituzioetatik kudeatzen den lurralde antolamendua dugu.

Lurralde antolamendua lurraldearen kudeaketa arduratsuaz jabetzen den arloa da, hots, lurraldea gizartearen eta biztanleen behar sozial, ekonomiko, kultural eta ekologikoen arabera antolatzen eta egituratzen duen jarduketa. Ezagupen-eremu zabala hartzen duenez, hainbat diziplinak hartzen dute parte haren ikerketan, hala nola hirigintzak, geografiak, soziologiak, ekologiak edota ekonomiak. Haien artean ekonomia gailentzen da, batez ere estatu-eskalan, banaketa espaziala oso garrantzitsua bada ere. (feat. Wikipedia). Lurralde antolamenduak hiru helburu nagusi bete beharko lituzke: garapen orekatuan laguntzea, bizi-kalitatea hobetzea eta azkenik , ingurumena eta natura-baliabideak babestea. EAEn lurralde-antolakuntza mailako gidalerro nagusiak zedarritzeko Lurralde Antolamenduaren Gidalerroak (DOT-ak gazteleraz) eta Nafarroan lurralde-plangintzako figura edo tresna nagusia Nafarroako Lurralde Estrategiek, gutxi dute horretatik.

Hilabete hauetako energia eta elikagaien dependentziak erakutsi digu bestelako lurralde eredu baten beharra dugula. Bizitza erdigunean duen eredu baterantz joan behar gara, egungo lurraldeak deseraikiz eta lurralde burujabe berriak eraikiz. Lurraldea entzuteko eta zaintzeko momentua da, bestela gureak egin du. Prest al gaude arkitekturan eta hirigintzan lurraldeak esaten digunari entzuteko? Edo betiko moduan gure gabeziak ezkutatuko ditugu lurraldean?