Gaixo dabilenak, makal dabilenak, baditu kezkatzeko nahikoa motibo. Gaitzei, ordea, erremedioak jartzeko aukera dago maiz, sendatzeko aukera. Halako diagnostikoa eman dio Irati Jimenezek (Mundaka, Bizkaia, 1977) euskal sistema literarioari, oro har. Haren hitzetan, misoginoa, indibidualista, aspergarria, heldutasunik gabea, umore bakoa, eta pasioz, sentimenduz, psikologiaz zein irudimenez hustua dago euskal literatura. Sintomak ez dira gutxi, baina "miraria" posible da. Katastrofea eta melodrama alboratuta, Begiak zabalduko zaizkizue. Literaturari buruzko elkarrizketa bat (Elkar) liburua ondu du Jimenezek. Liburu txarrak irakurriz ekin zion bideari, eta analisia ez ezik, hobekuntzarako zenbait gako proposatzen ditu.

"Begiak Zabalduko Zaizkizue. Literaturari buruzko elkarrizketa bat" saiakera eman berri duzu argitara, euskal literaturaren kritika zehatza eta maitasunezkoa. Kritika hitzak, baina, askotan sortzen du mina edo horrela hartzeko joera izan ohi dugu, oro har€

Bai. Ez dakit kultura kontua den, heldutasunarena, judeo kristautasunarena... baina kritika egiten digutenean, askotan, beharbada ez dagoelako behar den moduan eginda, seinalatuak eta salatuak sentitzen gara. Ematen du kritika dela erruak banatzea. Ez da hori inolaz ere liburuaren izpiritua, eta irakurri dutenek konprobatuko zuten.

Diagnostiko bat egitea izan da nire helburua. Diagnostikoa ezkorra da, baina ez da ezkorra sentimendu aldetik. Gaizki dagoen guztia, nire ustez, konpongarria da. Are, konpontzen hasten garen momentuan ikusiko dugu bidea uste duguna baino askoz errazagoa dela.

Euskal literatura baxu dagoela, hala diozu. Hotz egiten duela, baina, zergatik ote?

Begiratzen dugunean gure sistema literarioari begiratzen diogunean gauza bat da ze osasun egoeratan dagoen, nik uste baxu dagoela. Baina oso interesgarria da baita ere konprenitzea zergatik. Daukagu zurruntasunerako eta dramatismorako joera handia. Edo ukatu egiten dugu, edo bestela, ezin dugunean ukatu edo gainezka egiten digunean; orduan, melodrama.

Konbinazio horren aurrean horregatik proposatzen dut, esate baterako, umorea. Sistema literario azpiratu bat daukagu eta tradizio bat izan dugu jarraitua baino, kate-begi soltez osatua. Ulergarria da zergatik gauden gauden egoeran.

Diozu, besteak beste, literatura egiten ez dakigula, ez digutelako irakatsi.

Irakatsi digutena institutuan gehiago izan da literaturaren historia, eta ez horrenbeste ariketa literarioa zer den, zein parte dituen, zein izan daitezkeen bere helburuak eta oinarriak; eta, batez ere, ez digute irakatsi begiak zabalik irakurtzera. Hori guzti hori egin gabe dago, beraz, normala da apur bat egoera baxuan egotea.

Beraz, dramatismorik gabe hori onartuko bagenu, zentzu askotan aurrera egin ahalko genuke. Baina egia da gauza asko konpontzeko leudekeela€ daukagu oso balorazio sistema tragikoa eta balio handia ematen diogu kritikari, baina batere garrantzirik ez diogu ematen sormenari.

Askotan sormenaren kontrakoak diren gauzak egiten ditugu, gazteekin erasokorrak gara, beteranoekin krudelak gara, autodidaktismo basati batera kondenatzen dugu mundu guztia eta dena aurkakotasunean planteatzen dugu: nobela versus ipuina, Lauaxeta edo Lizardi, Txillardegi edo Atxaga€ gauzak planteatzen ditugu kanguru boxeoa balitz bezala, eta literatura ez da hori.

Kezka ugari plazaratzen dituzu liburuan, tartean, irakurleei ematen zaien tratua. Zergatik gutxiesten dira irakurleak?

Nire kezka handienetako bat zen irakurleen galerarena. Literaturarentzat ez dago albiste okerragorik. Askotan egiten duguna da irakurleei errieta egin, irakurleez kexatu. Irakurleak gutxiesten ditugu esanez ez daukatela gustu onik. Inork ez die lagundu, baina! Ni irakurleei tratu txarrak ematearen kontra nago, eta feminismoaren ariketa literarioa hasi behar da mundu guztiari tratu ona ematetik. Txarra izateaz gain, ez dut uste produktiboa denik.

Nik ez dakit irakurleei etengabe halako gauzak esanda zer lortzen den. Topatu naiz irakurle askorekin hasi direnak liburu bat irakurtzen, galdetu diezu zer moduz, liburuari buruz ondo hitz egin dizute baina gero konturatzen zara ez dutela irakurri. Hasi dira, baina ez dute bukatu, ez zaie gustatu. Baina, liburu horri buruz zeukaten aurreiritzi positiboa mantendu egin dute, badaukatelako erruduntasun sentimendu bat ez irakurtzearena nahiko, ez izatearena nahiko onak€

Irakurtzen dugu eta ez dugu errespetatzen irakurtzen dugunean zer sentitu dugun, baizik eta pentsatzen duguna sentitu behar dugula. Beharbada liburu bat, nahiz eta mundu guztiak esan ona dela ez da ona, eta horregatik ez zaigu gustatu.

Miraria behar da literatura salbatzeko; oso humanoa den mirari magikoa. Posible al da mirarira gertatzea?

Edo dena da mirari bat edo ezer ez da mirari bat. Niretzat dena da mirari bat. Literaturaren askatasunak ematen digun boterearen adierazle bat da mirariarena. Geure sormenaren urak oztopatzen dituzten hainbat ideia faltsu, ezagutza falta, aurreiritzi eta abar ditugu.

Nire gogoa zen liburu honetara hurbiltzen diren pertsonak, zeremonia literarioan parte hartzen dugun guztiok, aurrera joan ahala sortzeko eta zeremonia horretan parte hartzeko animatuago sentitzea, ezagutza gehiagorekin eta libertatearen esperantzarekin.

Esperantzaz josia dago liburua, eta umorez. Are, euskal literaturan hotz egiten duela diozu, eta literaturak tenperatura beha duela.

Ez da hain zaila literatura zer den ulertzea, hobeto idaztea, topatzea gustuko liburuak irakurle bezala€ ez da hain zaila, baina inork ez digu irakatsi. Tresna emozional bat eskaini nahi izan diet irakurleei, bidaia horren bukaeran senti dezaten literaturan falta den berotasun hori. Horregatik dago umorea liburuan zehar, horregatik dago eginda saiakera bera modu literario batean.

Asmoa zen ikustea ea zein ate zabaltzen ziren irakurleen baitan, ea zein su pizten ziren edo zein garrek hartzen zuten indarra. Horrenbeste hozten eta desanimatzen gaituen literatura horretan kontrako mugimendua egitea; suak piztu, giroa epeldu eta sortzen lagundu. Sortu zer? Bakoitzak barruan daraman miraria.

Zuk zeuk idazketa prozesuan lortu duzu literaturaren su hori sentitzea?

Bai. Liburu honen prozesuaren hasiera zaila izan zen, nire bizitzako momentu baxu batean hasi zen. Adiskidetasun harreman sendo baten bukaera, dolu bat egin behar izan nuen ezezaguna ere bazena niretzat.

Beheraldi moduko bat pasatzen ari nintzen, eta birmaitemindu nintzen literaturarekin. Edertasun egarri bat nuen eta literaturaren ura etorri zen egarri hori asetzera. Suak piztu dira eta piztuta jarraitzen dute.

Eta kreatibitatearen korronteak edo urak eratorri dira prozesu honetatik eta hemendik atera da Ogia eta Zirkua saiakera, Euskal literaturaren historia sobrenatural bat ikuskizuna eta idazten ari naizen Gaupasa Kluba ipuin liburua.

Irmoki diozu: literatura txarra existitzen da, eta ez da gutxi. Beldurra ematen digu liburu txarrak daudela esateak? Zer dela eta?

Bai, hala da. Nik testu literario txarrak umorez irakurtzearen ariketa normalizatu nuen eta oso ariketa inportantea iruditzen zitzaidan literatura desmitifikatzeko. Edozer kritikatzen dugu, baina badirudi ez daudela liburu txarrak, literatura txarra ez dagoela. Askotan hurbiltzen gara liburuetara beldurrez, sistemak berak sustatu duen segurtasun ezaz.

Sentitzen dugu letra horiek idatzi dituen ahotsa juduen jainko zaharraren ahotsa balitz bezala, eta ez da hori. Hor dagoena pertsona bat da, eta Cervantesek dioen bezala, norbera izan behar da horren epailea. Hori egiten ez dakigu, kikildu egiten gara liburuaren aurrean.

Baina, publikatzen diren liburu guztiak kontuan hartuta, nola ez da ba egongo literatura txarra? Eta badirudi literaturaz ari garenean gauza bat dela bestea baino hobea, eta ez da. Literatura ona da literatura txarra baino hobea, eta batez ere, literatura gaiztoa baino hobea.

Literatura ona egiteko, zer da oinarrizkoena?

Zaila da sinesten, baina beste edozeren gainetik daude bi arau: bata da kontatzeko zerbait izatea eta bestea da egia esatea. Norberak zintzotasunez hitz egitea, barruan daukana esatea.

Literatura hasten da hondatzen egileak hasten direlako pentsatzen irakurleek zer nahi duten edo zer nahi duen argitaletxeak edo kritikoek zer onetsiko duten edo hierarkiak eskertuko dion. Interferentzia hori buruan sartzen denean hasten da hondatzen literatura. Batzuetan modu berreskuraezinean.

Literaturarik onena sortzen da idazten duzunean irakurri nahiko zenukeen liburua, eta ez idatzi nahiko zenukeen liburua.

Literaturaz ari garela, zer da, bada, literatura Irati Jimenezentzat?

Hizkuntzaren bidez gauzak kontatzea da literatura. Gauzak modu ederrean kontatzea. Edertasuna zentzu guztietan. Gauzak kontatzea horrek daukan botere guztiarekin. Da zeremonia magiko bat, aukera ematen didana humanitatearekin harremanetan egotea. Atea jotzen duzunean beti hor dago.