Film onenaren saria eskuratu du Arantza Santesteban ikerlariak eta zinemagileak (Iruñea, 1979) Lisboako Doclisbos zinemaldian, 918 gau lanarekin. Hala ere, baditu beste proiektu batzuk ere martxan, eta horietako bat da Liluraren kontra. Aura hautsi. Nafarroako Gobernuko Landarte programaren baitan ari da egiten, eta, besteak beste, Araizko bailarako (Nafarroa) egungo errealitatea islatzea du asmoetako bat, bertako herritarrek inguruko paisaiarekin duten harremana ere gogoan izanda. Film labur bat da, eta azaroaren 27an aurkeztuko dute Arribeko elizan (Nafarroa), arratsaldeko seietan.

Lehenengo eta behin, zorionak sariarengatik! Nola jaso duzu berria?

-Lehenengo aldiz erakutsi genuen filma, eta ez nuen espero. Gainera, lehen aldi horretan beti duzu ezjakintasuna eta kezka, ea publikoak nola ikusiko duen, besteak beste. Pelikula berezia da, ez da oso arrunta edo klasikoa, eta bat-batean sari nagusia jaso-tzea sekulako sorpresa izan da. Oraindik sinetsi ezinik nago pixka bat, gertatutakoa barneratzen.

Hain zuzen, Lisboan egon zinen orain dela bi aste saria jasotzen.

-Bai, hara joan behar izan nintzen egun batetik bestera saria jasotzera, eta polita izan zen. Izan nuen aukera festibaleko jendearekin egoteko ere, eta epaimahaikideekin; izan ere, ederra da ikustea nola ikusten duten besteek halako pelikula bat. Bat-batean ez da zurea, besteak hasten direlako nolabait beste bizi-tza batzuk ematen zure pelikulari. Gainera, pertsonalki, festibal hori beti izan da niretzako erreferentzia bat; zinema ikasi nuen Bartzelonan, eta ordu hartan Lisboaraino joaten ginen pelikulak ikustera. Areago, Portugaleko neska batekin ikasten nuen, eta saria bakarrik jasotzera joan nintzenez, abisatu egin nion eta etorri egin zen. Zirkulu polit bat ixtea bezala izan zen, aurrez ere elkarrekin joaten ginelako pelikulak ikustera.

Halere, orain, beste proiektu bat duzu eskuartean, Araitz bailaran gauzatutakoa. Zer jaso duzu?

-Uztailean hasi nintzen, eta azaroaren amaieran itxiko dugu zikloa guztiz. Nafarroako Gobernuaren Landarte programan gauzatu dugu, eta horrek baditu nolabaiteko premisa ba-tzuk. Batetik, bailara bat edo herri bat hautatzen da, eta lurralde horretan bertan jaio edo bizi den artista bat egokitutako lekuarekin jartzen da harremanetan. Kasu honetan, galdetu zidaten ea Araizko bailaran egin nahi nuen lan, eta baiezkoa erantzun nien.

Ezagutzen al zenuen aurrez ingurua?

-Iruñea eta Donostia artean bizi naiz, eta asko pasatu naiz bailara horretatik. Ingurune horrek beti deitu izan dit arreta; hor daude, esate baterako, Malloak.

Eta ba al dago beste premisarik?

-Bai, artistak bertan egiten duen lana, neurri batean, bertakoekin egindako zerbait izatea, parte hartzailea. Iritsi nintzenerako bazegoen harremana landuta, programari esker, eta bazeuden pertsona batzuk interesatuta ere. Hala ere, bailara horretan, udaran, jendeak aprobetxatzen du oporretara joateko edo bestelako lan batzuk egiteko, hala nola baserrikoak; beraz, ez zen erraza izan hara iristean proiektuan inplikatzeko prest zegoen baten bat aurkitzea.

Baina lortu zenuen.

-Haietako batzuekin hitz egiten aritu nintzen bizpahiru astez, esateko zutena entzuten, eta era horretan erabaki nuen zer egin nezakeen denbora mugatu horretan, egiten dakidan hori martxan jarrita. Ikerketa da lantzen dudan lerroetako bat, baina ohartu nintzen azterlan on, sakon eta serio bat egiteko denborarik ez nuela, eta, beraz, bigarrenaren alde egin nuen: pelikulak. Zintzoena zen kamera bat eramatea eta jendearekin hitz egindakoarekin eta nik han ikusitakoarekin filmaketa bat egitea. Beraz, beste hiru aste egin nituen horretan.

Nola islatu duzu hori guztia filmean?

-Ainhoa Gutierrez del Pozorekin batera joan nintzen bertara, eta berarekin konpartitu nuen egondako denbora eskas horretan zeintzuk izan ziren nire susmoak. Batetik, bailara horretan badago garatzeko denbora askorik eman ez didan lerro bat, eta da inguru horretan egondako euskal artistek utzitako aztarnek, historiek eta lanek zein eragin izan duten. Izan ere, batik bat 1970eko eta 1980ko hamarkadetan, euskal artista kanoniko batzuk bizi izan ziren bertan: esate baterako, [Jose Luis] Zumeta, Remigio Mendiburu, eta oraindik ere hor dagoen [Juan] Gorriti. Bestetik, paisaiak ingurune horretan duen indarra zen garatu nahi nuen lerroa, batez ere paisaiak bertikalak, paisaiaren bertikalitateak.

Paisaia bertikalak? Mendiak?

-Araizko bailararen behealdean egonez gero, Arriben edo Atallun, alde batera edo bestera begiratu eta beti dago tope bat begiradan; alde batetik, Malloak, eta, bestetik, Elosta, adibidez. Gorago igoz gero, Aintzara, esaterako, agian beste ikuspegi bat dago, baina, hala ere, inguratzen zaituena beti da mendia; paisaia hori oso presente dago. Begirada hori landu nahi nuen, ea begiradan beti tope bat izateak bertako biztanleei eragiten dien edo soilik niri gertatzen zitzaidan zerbait zen. Hortik tiraka hasi nintzen filmatzen, eta bidean aurkitutako jendeari galdetu nion ea filmatu nitzakeen horren inguruko hausnarketak egiten. Azkenean, film labur honetan, pertsona ezberdinek kontatzen edo erakusten dute paisaiarekin duten harremana.

Eta baieztatu al da zure susmoa?

-Egia esanda, bai. Nik uste nuen gehiago zela nire kalekumearen begirada, hirikoarena, eta nolabait nengoela ni denbora guztian liluratuta paisaia horrekin. Pentsatzen nuen seguru aski bertako biztanleek ez zutela lilura hori sentituko, eta hortik dator liluraren kontra kontzeptua ere. Uste nuen seguruenetik hirikoaren begirada liluratu horren aurka egin beharko nukeela, eta, beraz, nire lana izan behar zen pixka bat horrekin haustea.

Hor dago auraren ideia ere.

-Bai, Malloek duten aura hori sekulakoa delako. Bertikalitate horrek jada badu zerbait nahi ala nahi ez. Paisaia horrek badu magnetismo bat, badu aura bat. Beraz, pentsatu nuen hirikoaren lilura hori deseraikitzera joan behar nuela. Azkenean, amaieran konturatu naiz seguruenetik liluraren parte handi bat badela hirikoaren begirada, baina bertan bizi direnentzako edo bertan jaio diren askorentzako paisaia horrek ere baduela eragina. Ez dakit lilura den, baina eragina badu; paisaia horrek ere beraiek nolabait egiten ditu. Jaso ditudan testigantzetan baloratzen dute bailara, maite eta babesten dute, eta errespetua diote inguruari. Hori oso polita irudi-tzen zait.

Beraz, hori guztia saiatu zara islatzen film honetan. Zein fasetan zaude orain?

-Mirari Etxabarri, Maite Redondo eta hirurok muntatu dugu elkarrekin, eta ukituren bat edo beste tarteko, dagoeneko amaitu dugu. Hemeretzi minutu inguruko film labur bat da, eta gure asmoa da aurkezpenaren egunean lan honetan parte hartu dutenekin eta hurbilduko direnekin eztabaida txiki bat egitea, beraiek nola ikusten duten jakitea eta paisaia horren inguruan hausnartzea.

Hein batean, jendeari sorrarazitako sentsazio horiek batzea?

-Bai. Gainera, nik dakidan arte, behintzat, Araizko bailaran egin diren lan asko garai bateko bizimodua erakusteko izan dira; inportanteak dira, ingurune horretako bizimoduaren ezaugarri batzuk desagertzear daudelako, eta lan handia egin behar delako ondare hori galdu ez dadin. Baina ni saiatu naiz begirada garaikide bat ematen, gaurkotua: zer pentsatzen dute gaur egun hor dauden pertsonek?

Gaur egun ere konplexuak dira herri horiek, eta badaude faktore batzuk landa eremuan sekulako eragina izaten ari direnak; esaterako, paisaia erabat egituratuta dago etorkinen presentziarekin, hor bizi dira, lan pila bat egiten dute eta harremanak dituzte bertakoekin. Eta hor daude teknologia eta nerabeak ere. Teknologia belaunaldi guztietan sartuta dago, baina egia da gazteek, agian, horren erabilpen handiagoa egiten dutela, eta, beraz, islatu nahi izan dute horrek nola eragiten duen herri hauetan ere. Hein batean, saiatu naiz filma gaur egunekoa den hausnarketa batera eramaten.

Are, orain jasotakoa geroko ondare ere izan daiteke, ala?

-Izan daiteke! Gainera, gaur egun hain azkar doa dena, ez? Gazteak oso denbora laburrean bilakatzen dira ondarea.

Eta orain, honetaz gain, ba al daukazu beste proiekturik eskuartean?

-Momentuz, 918 gau lanarekin aurrera jarraitu nahi dut. Estreinatu berri dugu nazioartean, eta baditugu orain festibal batzuk ere kanpoan. Araizkoa ere bukatu nahi dut, eta, horrez gainera, ari naiz zinemako doktore-tza egiten ere. Azken urtean nago, eta nahi dut datorren urteko udazkenerako jada amaitu eta tesia entregatu. Lisboako Arte Ederretako fakultatean ari naiz egiten, bertan ematen dituelako nire tesiko zuzendariak eskolak; emakume zinegile bat da, eta asko estimatzen dudan pertsona bat da. Baina, osterantzean, zine munduan ari naiz batik bat.