Betidanik irakurri du, ikasi zuenetik. Nerea Loiolak (Deba, 1985) gaztetan idazten zuen, baina orain dela sei urte hasi zen berriro. Ordutik, egunero idazten du. Haur eta gazte literatura idatzi izan du orain arte, baina oraingoan, helduentzako ipuin bilduma batekin harritu ditu irakurleak. Epizentroa izenburupean, zazpi ipuin jaso ditu bere azken lanean.

Betidanik irakurri du, ikasi zuenetik. Nerea Loiolak (Deba, 1985) gaztetan idazten zuen, baina orain dela sei urte hasi zen berriro.

Ingeniaritza ikasketak egitetik liburuak idaztera. Ohikoena ez da hori, ezta?

-Ingeniaritza ikasita nola bukatu dudan idazle izaten galdetzen didate normalean. Eta nik erantzuten diet ea nola bukatu nuen ingeniaritza ikasten. Ikasle ona nintzen, eta garai hartan, zientzietatik joatea zen ohikoa horrelakoetan. Karrera bukatu eta ingeniari bezala lanean hasi nintzen. Baina erabaki nuen ez nuela horretaz lan egin nahi. Utzi egin nuen ingeniari lana, eta irakaskuntzan sartu nin-tzen. Matematikako irakaslea naiz orain.

Aurretik haur eta gazteei zuzendutako lanak kaleratu izan dituzu, eta hau da helduen-tzako lehena. Zerk bultzatuta animatu zara oraingoan helduentzat idaztera?

-Orain arte idatzi ditudan haur literatura horiek nire seme zaharrenari bereziki kontatu nahi nizkion istorioak ziren, eta Azken lanhütarra nire bigarren lana idazten ari nintzela konturatu nintzen beste ideia batzuk bururatzen ari zitzaizkidala, nire semeari kontatu nahi ez nizkionak. Horiek nire buruari kontatu nahi nizkion eta baita publiko helduago bati ere. Ideia ba-tzuk biltzen joan nintzen, baina kostatu egin zitzaidan nire buruari horiek idazteko baimena ematea. Azkenean, halabeharrez egin behar izan nuen; izan ere, Eusko Jaurlaritzak kultur sorkuntzarako ematen dituen diru laguntza batzuetara aurkeztu nin-tzen, eta beka eman zidaten. Hortaz, urtebeteko epea nuen lana aurkezteko, eta idatzi beharra neukan.

Zergatik eman behar zenion zure buruari helduentzako idazteko baimena?

-Dena dago autoestimuan eta norberarenganako konfiantzan. Nahiz eta asko irakurri izan dudan beti, oso denbora gutxi neraman idazten egunerokoan, eta, gainera, ingeniaria naiz, ez filologoa ez kazetaria. Orduan nire buruari galdetzen nion: "Idatzi dezaket kalitate nahikoz? Konplexutasun nahikoz?". Beldurra ematen zidan horrek. Borroka pertsonala nuen; ez nengoelako ados horrekin, baina, bestalde, bai pentsatzen nuen konplexutasun bat eska-tzen zuela helduentzat idazteak; egitura aldetik, hizkuntzan beran ere€ Bestalde, nire ama hizkuntza gaztelera da, ez euskara.

Helduentzako idatzita, beste maila batean zaudenaren sentsazioa daukazu?

-Ikusi beharko da ze eragin duen horrek. Momentuz, jaso izan dudan feedbacka ona izaten ari da. Editoreek konfiantza transmititu didate, eta benetan iruditu zaiela lan on bat eta kalitatezkoa egin dudala, eta badaukala ibilbide bat helduen literaturan, hala nahi badut. Uxue Alberdi eta Harkaitz Canoren laguntza ere izan dut testuak begiratzeko eta, eta beraiek ere hasieratik esan zidaten ikusten zutela zerbait liburuan.

Besteen iritziek, behintzat, balio izan dizute zenuen konfiantza hori areagotzeko.

-Oso garrantzitsua da hori. Ni hasiberria naiz, baina idazle guztiei gertatuko zaigu gauza bera. Hainbeste ordu pasatzen dituzu zure istorio horretan, eta hain barruan zaude, momentu batean ez dakizula kristoren ipuina den edo ez duen ezertarako balio. Hala, kanpoko pertsona batek egiten zauden horri balio bat ematen dionean, beste leku batetik jarraitzen duzu lanean.

'Epizentroa' izenburupean zazpi istorio jaso dituzu beste batzuen ahotik. Zugandik urrun dauden kontakizunak al dira?

-Irakurleak jasotzen dituen kontakizun horiek nigandik urrun daude, pertsonaiek ez daukate nirekin zerikusi handirik eta istorioek beraiek ezta ere. Ez da autofikzio bat, ez da nire inguruan gertatu den ezer. Baina, modu berean, istorio horien abiapuntua edo epizentroa nigandik gertu dago. Azkenean, nire gorputzetik ateratako istorioak dira: gaiak, kezkak, zalantzak, nahiak€ Idazketa prozesua dibergentzia prozesu bat bezalakoa izan da; hasi naiz oso gertutik, iristeko urrutira, nahiz eta gertuko esentzia hori hor geratzen den.

Protagonistak ere zugandik urrun daude. Zergatik protagonistak urruntzearen hautu hori?

-Literatura aditua den pertsona bati pasatu nion testua irakur zezan, eta hark alarma hori piztu zidan. Esan zidan: "Konturatu zara pertsonaia batzuk zugandik oso urrun daudela?". Ariketa zaila eta arriskutsua zela esan nahi zidan. Zilegizkoa zela hori egitea, baina zergati bat eduki behar nuela nik, ez kanpora begira justifikatzeko, baizik eta nire buruak jakin zezan. Hasiera batean pentsatu gabe egin nuen, eta ez nuen jakin erantzun bat ematen. Baina gerora, konturatu nintzen distantzia hori behar nuela. Pertsonaiak nigandik urrundu behar nituen, gai batzuk mahai gainean jarri ahal izateko, eta bereziki gai horiei buruz nire buruarekin zintzoa izateko.

Ba al dago literatura egiterik norberarena den ezer kontatu gabe?

-Ez dakit egin daitekeen edo ez. Niri oso zaila egiten zait. Fikzioa sortzen ari gara, baina fikzio hori erreala izan behar da. Irakurterraza egin behar zaio irakurleari. Nik ez dakit fikziorik egiten tartean errealitatea ez badago. Benetako gauzak hartu behar ditut, bestela ezinezkoa zait, esaterako, mugimenduak deskribatzea. Gaiak ere nik nire sentitu behar ditut, ezin dut idatzi interesatzen ez zaidan horri buruz edo mugitzen ez nauen horri buruz. Ez dakit gerora egin ahalko dudan, baina, oraingoz, ezin dut.

Irakurlea zurekin mantentzeko arreta berezia jarri al diozu?

-Azken finean, guztiok identifikatzeko moduko gaiak dira: gurasotasuna, lagun zein bestelako harremanak, nahiak eta ezinak, erabakiak hartu eta gauzatu beharra€ Nik uste dut gai horiek gertuko sentitzen ditugula guztiok, eta horrek egiten du errazago izatea istorioan sar-tzea, oso erreal sentituko ditugulako. Baina gero, beste alde batetik, niri misterioa gusta-tzen zait. Horregatik, saiatu naiz misterio edo tentsio puntu hori mantentzen, pista txikiak ematen joan eta bukaeran ezustekoak eman. Eta tentsio horrek ere harrapatzen du irakurlea.

Zazpi istorioetan emakumea da protagonista. Nahita hartutako erabakia da hori?

-Hasieran nahigabe egin nuen. Ipuinak banan-banan idatzi ditut eta elkarren independenteak dira. Lehenengoa idatzi nuen eta emakumea zen protagonista; bigarrena idatzi nuen eta berriz ere emakumea zen protagonista; hirugarrena idaztera joan eta emakume ahotsa ateratzen zitzaidan. Gelditu egin nin-tzen, eta egoera aztertu nuen: ea nahita egindako gauza bat zen, ea horrela egin nahi nuen, ea zergatik gertatzen ari zen€ Eta nik uste dut nire lurrikaretatik sortutako istorioak direlako, eta nire gorputzetik idatzitakoak direlako gertatu zela hori: emakume naizen heinean emakumeen bitartez kontatzea ateratzen zi-tzaidan. Hala ere, istorio batzuetan protagonista bat baino gehiago daude, eta gizonezko batzuk ere azaltzen dira; ipuinak edo barruak hala eskatu izan didalako kasu horietan.

Liburu hau idaztea zure barruak ezagutzeko ariketa izan al da?

-Nik uste dut idazten dugunean beti mugitzen zaizkigula barruak, bestela kostatzen zait sinestea zerbait ona idatzi daitekeenik ere. Nik, behintzat, nire buruari eskatzen diot barruak mugitzearen eta sufrimenduaren arteko muga horretan geratzea. Alegia, nik ez dut nahi sufritu. Idazle batzuei entzun izan diet gaizki pasa-tzen dutela idazten duten bitartean eta nik, orain behintzat, ez diot holakorik opa nire buruari. Pila bat gozatu dut hau idazten, baina egia da barruan nituela nire buruari esan nahi nizkion gauza batzuk. Asko ikasi dut bide honetan; literaturaz ikasi dut, baina nire buruaz eta gai horietaz ere ikasi dut.

Helduentzako lehen liburua kalean, hurrengoa ere helduentzat izango al da?

-Udaberrian Jaurlaritzaren beste diru lagun-tza bat eskatu nuen, kasu honetan, gazteen-tzako nobela beltza idazteko, eta eman egin didate, beraz horrekin jarri beharko naiz. Momentuz, barruak eskatzen didana idazten dut. Badaukat martxan haurrentzako liburu bat ere, eta helduentzako ipuinak izan daitezkeen beste bi-hiru ideia ere baditut. Bestalde, Erein argitaletxekoek esan ziguten udaberrian umeentzako album ilustratu bat ere argitaratuko dela, beraz, horretan ere banabil.