HIRU ahizpetan gazteena, 20 urte eskas ditu Idoia Asurmendi aramaioarrak. Baina gaztea bada ere, urte batzuk daramatza musika munduan. Hainbat kontzertu eskaini izan ditu bakarlari modura. Aurreko urtera arte, bertsioak egiten zituen. Orain, aldiz, bere proiektu propioa garatzea lortu du: Ilun eta abar. Momentuz, Aulki jokoa izeneko singlea argitaratu du, eta laster aterako ditu hurrengoak.

Musikarekiko afizioa umetatik izan duen zerbait dela adierazi du aramaioarrak, etxean estilo askotako musikariak entzun baitituzte: "Ez dut gogoratzen nire lehenengo oroitzapena musikarekin, baina nire gurasoak oso musikazaleak dira, eta bereziki aitak hainbat estilotako musika jarri izan digu beti". Horrez gain, ahizparik nagusiena abeslaria du Asurmendik, eta horrek ere nolabaiteko eragina izan duela uste du.

Ume bat zela hasi zituen musika eta piano ikasketak herriko musika eskolan, eta Gasteizko kontserbatorioan jarraitu zituen geroago. Gaur egun, Musikaren Pedagogia graduko bigarren maila ikasten ari da, Donostiako Musikene Euskal Herriko goi-mailako musika ikastegian.

Kontatu duenez, hamabi urterekin eskaini zuen bere lehenengo kontzertua izango zena, lagunartean sortutako musika taldearekin batera: "Aramaioko auzo batean eman genuen kontzertua, eta oso kuriosoa izan zen, abesti bakarra jo genuelako, Mikel Urdangarinen Badira hiru aste".

Hortik aurrera, bere bakarlari bideari ekin dio. Bertsioak jotzen aritu da hainbat urtez, bereziki euskal musikan erreferente izan dituen Berri Txarrak edo Izaro bezalako taldeenak. Baina baita etxean jasotako musikarienak ere, hala nola, Pink Floyd.

Zorionez, Kutxa Kultur Musika 2020 programarako hautatu zuten Asurmendi. Kutxa Fundazioak sustatutako programa da, sei musik talde edo bakarlari amateur hauta-tzen ditu urtero, eta talde horiek babesten ditu beren profesionalizazio-prozesuan laguntzeko. Programa horri esker osatu zuen aramaioarrak Idoia taldea (Joanes Ederra, Oriol Flores, Andoni Garcia eta Sergio Valdehitarekin batera), eta lehenengo diskoa izango dena garatzen hasi ziren: Ilun eta abar.

ILUN ETA ABAR

2020ko azaroan amaitu zuen bere esperientzia Kutxa Kultur Musika programan. Dioenez, laguntza handia jaso du: "Entseatzeko leku bat utzi digute Tabakaleran, eta udan kontzertu batzuk lortu dizkigute". Emandako bultzada azpimarratu du bereziki musikariak. Izan ere, aspalditik zeukan disko bat sortzeko proiektua buruan, baina horrelako zerbait behar zuen behingoz lehenengo pausoa eman eta aurrera egiteko. Hortaz, laguntza bereziki zentzu horretan nabaritla kontatu du aramaioarrak.

Bere lehenengo kantak, Aulki jokoa-k, 15.000 ikustaldi baino gehiago izan zituen argitaratu eta hurrengo hamabost egunetan, eta diskoak laster ikusiko du argia. Zehazki, apirilaren 23an argitaratuko dute. Zortzi abestiz osatuta dago, eta Asurmendik dioenez, oso ezberdinak dira beraien artean, berak duen estilo eta influentzia anitzak direla-eta.

Kanta horietako biren hitzak Maria Oses idazlearenak dira. Aspaldiko laguna du Oses, eta konplizitate handia dutela dio musikariak. Beste abesti baten hitzak, aldiz, Aramaioko bertsolari batek egin ditu, eta gainontzekoak Asurmenik berak.

Azaldu duenez, beste pertsona ba-tzuekin lan egitea oso gustuko du: "Elkarrekin sortzea gustatzen zait, horrela ideia gehiago ateratzen direlako". Hori dela eta, diskoan kolaborazio batzuk ikusiko ditugula adierazi du.

ESPAZIO SEGURU BAT

Mundu zoro honetan, espazio seguru bat da musika Asurmendirentzat, horrela azaldu du berak: "Azken aldian topera bizi gara, beti presaka. Edozer gauza egiten gaudela, beti daukagu buruan zer egin behar dugun gero, bihar, etzi... Niri hori gertatzen zait, musika egiten dudanean izan ezik. Izan ahal da oholtza gainean edo nire etxeko salan, baina musika egiten dudanean ez dut arreta desbideratzen, seguru sentitzen naiz, eta lan horretan guztiz zentratuta". Kontatu duenez, barruan duena askatzeko erabiltzen du musika. Bere kanten bidez inguruko pertsonen istorioak eta berari gertatzen zaizkionak transmititu nahi ditu, baita bere baitan egiten dituen hausnarketak ere.

ETORKIZUNARI BEGIRA

Datozen urteetan, ikasten jarraitzea gustatuko litzaioke aramaioarrari. Pedagogia Musikala ikasten ari dela deskubritu du musika arloan hainbat bide dagoela. Musika munduan dagoen bide nagusia oholtza gainean kontzertuak ematea dela pentsatzea oso ohikoa dela azaldu du, baina askoz ate gehiago daudela. Hortaz, horiek deskubritzen jarraitu nahi du, eta bere bidea egiten joan.

Orain arte jasotako harrerarekin oso pozik azaldu da Asurmendi, eta dagoeneko, diskoa aurkezteko bira prestatzen dabiltzala adierazi du. Apirila amaieratik aurrera egingo dute. Beraz, bereziki maiatzean eta ekainean ikusi ahal izango dugu musikaria oholtza gainean.