Etengabeko eraldaketa prozesuetan murgilduta bizi ohi dira sortzaile asko, urteen poderioz eta ikasiaren ikasiaz bilakaera bat garatuz. Halere, metamorfosia nabarmenagoa ala sotilagoa izan daiteke, isilagoa ala ozenagoa. Eneritz Furyak (Irun, 1993) musikariak lehen unetik azaleratu du inflexio puntua: badator aldaketa. Doinu, soinu eta emozio berriz jantzita bueltatu da plazara Emadan bigarren lan luzearekin.

Nola dator plazara Eneritz Furyak 'Emadan' diskoarekin?

- Urtetxo batzuk pasatu dira lehen lan luzea atera nuenetik, tartean bi kantuko single bat atera nuen arren. Bi kantuko lan txiki horrekin hasi nin-tzen markatzen bazetorrela aldaketa bat. Ez dakit iragarpena azkenean hainbesterakoa izan ote zen, baina Emadan-en aldaketa bat dago sonoritate aldetik. Orain arte gitarra eta ahots hutsez aritzen nintzen, nahiz eta beste diskoetan beste instrumentu batzuk ere badiren. Kasu honetan, kantuen oinarria berdina izan da, baina jantzi ditut elektronikarekin. Ilunagoak ere badira kantuak eta zehatzago hautatu dut kontatu nahi nuen hori.

Aldaketa hitzak zeharkatzen du lana. Kontzientea izan da edo berez etorri da?

- Neurri batean kontzientea izan dela esango nuke. Lehendik ere egin nahi nuen zerbait zen, baina ez ditut eduki baliabideak, jakintza edo ausardia aldaketa hori egiteko. Mezuak, doinuak, ahotsa nola modulatu€ aldaketa pixkanaka gertatu den zerbait izan da. Gero, diskoa grabatzerakoan pentsatu nuen beharbada banuela ezjakintasun sentsazio hori, baina, zergatik ez probatu? Askatasun ariketa bat izan da. 2020ko urtarrilean jarri nintzen kontroladore txiki batekin, piano txiki batekin, sintetizadoreak sartzen kantuei eta uste baino modu naturalagoan atera zen.

Aldaketa bilatu baina naturalizatutako horren emaitza, oso zure sentitzen duzun disko bat da?

- Esango nuke ados nagoela nireagoa delako kontu horrekin. Aurreko diskoak nik eginak dira, noski, baina ez neukan gaitasuna, trebezia edo heldutasuna lortzeko berez nahiko nukeen hori. Egiten nuen anti folk estiloko musika, 90eko hamarkadan Ingalaterran egiten zenaren antzekoa, pixka bat ironikoa. Ez zen nahitaez nik egin nahi nuen edo nik entzuten nuen musika. Orain entzun nahiko nukeen musikara gerturatu naiz.

Aldaketa sonoroa aipatu duzu, baina totalagoa da azalberritzea, ezta?

- Gaiei dagokionez disko koherentea da. Disko ilun bat ere bada, galderetan oinarritzen dena. Edonoren bizitzan zehar agertu daitezkeen galderak planteatzen ditut kantuetan, baina ertzeraino eramanda. Egunerokotasunean sentitu edo bizi daitekeen zerbait hartu, eta eraman muturreraino horrekin zein hausnarketa atera ditzakezun zure buruari galdetzeko. Bestalde, sonoritate aldetik elkar ulertzen duten kantak bildu ditut. Osotasun batean ulertzen dut diskoa.

Galderak aipatzeak erantzunen bilaketara garamatza maiz. Erantzunak behar dute izan galderek?

- Ez dira nahitaez erantzun behar diren galderak, ez zaituzte behartzen erantzutera. Ezbai batean jar-tzen dute entzulea, euren buruari galdera egiteko behar horretan. Halere, asmo-asmoa hori ere ez da. Idazten dut nahiko modu ilunean eta ez dira lehen kolpean ulertzen diren hitzak, edo, bakoitzak ezberdin uler ditzakeen hitzak ditu diskoak. Interesatzen zait bakoi-tzak askatasunez entzun ahal izatea kantuak, aurreiritzi konkreturik gabe, eta bakoitzak bere bizitzara eramatea melodiak zein hitzak.

Melodiak zein hitzak aipatu dituzte entzuleari heltzeko modu gisa, halere, ahotsak du presentzia zure musikan eta hitzei, letrei, mezuari garrantzia ematen diozu.

- Disko honetan ahalegin handiago dago hori oreka-tzeko. Baina, halere, kantuak sortzerakoan letrei eta ahotsak eramaten duen lema horri eman izan diot garrantzia eta horrek hor jarraitzen du.

Aldaketaz jositako emaitzak, sorkuntza prozesu berezitua eska-tzen du?

- Esango nuke ez dela aldatu, baina disko honek aldatuko duela aurrera begira. Orain arte beti idatzi izan dut hiruzpalau akorde hartu, gitarran gainean kantatzen hasi, gainean melodia bat sortu ahotsarekin, gero letra bat sortu, eta, azkenik, paperera eraman. Prozesu hori da soilik gitarraz eta ahotsaz, eta disko honetan konposatu eta grabatu egin nuen, eta ondoren etorri zen elektronika eta produkzioaren zati guztia. Pentsatzen ari naiz disko hau zuzenekoetara eramateak suposatu didan erronkarekin agian hurrengo diskoa kontrara egingo dudala: lehenago musika guztia egin, zuzenekoetarako ere egingarriak dena, eta gero gerokoak.

Sortze modu hori erronka modura dator zuretzat?

- Hein batean, bai. Behartzen nau beste modu batera sortzera. Diskoa kaleratzearen azken zatian ez naiz sobera konposatzen ibili, baina atera zitzaidan kantu labur bat elektronika hutsarekin eta ohartu naiz gustuko dudala zer ateratzen zaidan baina oraindik badudala garatzeko gaitasuna. Modu horretan konposatzerakoan kantu bat izan daitekeen zerbait kosta egiten zait oraindik, ohituta nago beste nolabait egiten. Baina horrek eramaten zaitu berriz ere engantxatzera sorkuntzarekiko eta beste nolabait aurre egin nahi izatera horri.

Zabalik duzula bihotza musikan esan izan duzu. Bide berriak probatu edo esperimentatu zalea zarela esango zenuke?

- Esperimentazio hitza aipatzen dugunean musikan batzuetan lilura moduko bat sortzen da eta ematen du hitz egiten ari garela jende batez ikaragarrizko jenioa dena. Ni ez naiz horretara heltzen, eta ez naiz agian hain ausarta, baina egia da orain arteko ibilbideak baimentzen didala probatzea: ez dut nire burua aurkeztu estilo zehatz bateko egile gisa, eta horrek uzten dit abagunea martzianokeriak egiteko.

Gustura zaude proba horiek egiten?

- Beti emaitza ez da ona, arrisku hori dauka. Baina Emadan sortu da nire buruari libre sortze uzte horretatik. Emaitzarekin pozik nago zin-tzoa izan naizelako nire buruarekin.

Jolas moduan hartu izan duzu ariketa?

- Bizitzan dena hartu dezakegu sobera serio edo jolas modura. Batzuetan sartzen zarenean bide batean batzuetan kosta egiten da begiak altxatzea eta ikustea: hau hain serio hartu beharra daukat? Nire energiatik hainbeste xahutu beharra daukat edo aurre egin diezaioket modu humanoago batean? Nik ez dut beti lortzen, baina egia esan musikari aurre egiten diodanean jolasetik edo askatasun moduko horretatik askoz ere lasaiago bizi naiz; bai ni neu eta baita sortzen den hori ere askotan askoz ere baliotsuagoa da oso bilatuak edo oso neurtuak diren gauzekin konparatuz.

Jolasetik dramara ere pasa gaitezke. Are, drama aldarrikatzen duzula esan izan duzu.

- Bai, betiere sorkuntzan eh! Egia da batzuetan kosta egiten zaigula, baina praktikotasuna ere aldarrika-tzen du. Agian kontraesana da, baina batzuetan praktikoak izatea ere ongi dago. Uste dut nire belaunaldiaren kontu bat ere badela esaten dugula batzuetan ezin garela intentsoak izan: 'Ez zaitez izan hain intentsoa', edo 'ez bizi hau hainbesteko kargarekin'. Musikak, eta beste edozein diziplina artistikok, ematen du aukera epairik gabe egiteko: negartiak izateko, ilunak izateko, sobera 'flowerpower'-ak izateko... Hori oso interesgarria iruditzen zait. Uste dut geroz eta gutxiago praktikatzen dugula bizitza errealean hori, eta bizitza erreala bizi dugula ia-ia antzerki baten moduan: ematen dugun pausu bakoitza eta esaten dugun gauza bakoitza neurtzen dugu.

Etxean sortua da diskoa. Zergatik etxean?

- Alde batetik, hautu ero xamarra da eta bazterrekoa eta oso gauza pertsonala, baina, erosotasun bat bilatzeak ere badu zerikusia hautu horretan. Eduki dut aukera mota ezberdinetako estudioetan graba-tzeko eta ikusteko nola lan egiten duen jendeak eta ez dut zehazki nire lekua toki horietan topatu. Etxeak ematen dit aukera hori. Eta, beste alde batetik, iruditzen zait, batez ere azken urteetan, aurkezten dizkigutela sorkuntza lanak oso borobilduta eta azken muturreraino zainduta. Positiboa izan daiteke, baina tranpa ere egiten diogu gure buruari. Sortzaile txikiagoei ez diegu ahalbidetzen lehenengo diskoa ez izatea harribitxi bat eta egotea urte batzuk hori lantzen eta fintzen. Etxeak hori eman dit niri: aukera ikastekoa hobeto grabatzen eta hobeto kantatzen estudio handi bateko orduen eta bestelako kontuen menpe egon gabe.

Bakarlari izateak laguntzen du horrelako hautuetan?

- Ziurrenik bai. Dena den, aho-biko labana bat da. Gauza batzuetan, bikain. Eta, beste batzuetan, faltan botatzen duzu albokoaren iritzia. Batzuetan galdu egiten gara bakarrik gaudenean gauza batean eta perspektiba hori galdu egiten dugu. Nik neuk bakarka edo bakarrik bizitzan eta musikan nahiko ongi fun-tzionatzen dut eta bakarlari moduan ondo moldatzen naizela uste dut.

Hain zuzen, talde baten partaide ere izan zinen: Kasernarat. Zergatik egin zenuen bakarlari izateko hautua?

- Karsenaraten kantuak nireak ziren, nik idatziak, eta kasu horretan ez dela erraza izaten abiadura konkretu bat eramatea, erronka handia izaten da talde askotan. Taldeak erantzukizuna eskatzen du zuregandik besteekiko, eta, era berean, besteengandik zurekiko. Nire kantuak izanik eskatzen zidan gorpu-tzak nik markatzea erritmo horiek nolakoak izango ziren. Ez dut baztertzen talde batean aritzea, eta ezta ere ez dut baztertzen Eneritz Furyaken proiektuan beste norbait aritzea. Baina, une honetan bakarka ongi nabil.