SOZIOLOGIA ikasketak egin baditu ere, kazetaritzan eta literaturan aritu da bereziki Joxean Agirre Odriozola (Azpeitia, 1949). Eibarko ikastolan irakasle lanetan bi urtez jardun ondoren, Egin egunkariko kazetaria izan zen, eta Gara egunkariko kultura saileko erredaktore. Horrez gain, Bertsolari aldizkariko sortzaile eta zuzendaria ere izan da. 80ko hamarkadan literatura lantzen hasi zen, eta 1984an ikusi zuen argia bere lehenengo lanak: Longa kapa beltza. Ordutik, hainbat eta hainbat nobela argitaratu ditu.

Aurtengo otsailean kaleratu du azkena: Distira eta Alderantzia. Zehazki, Ispiluak eta Itsasoak izeneko liburuaren jarraipenaIspiluak eta Itsasoak da hau, eta Elkar argitaletxearen babesean argitaratu du. Dioenez, nobela konbentzionalak baino sinpleagoa da egitura aldetik, gazteei zuzenduta dago, tonu errealistagoa du, eta errazagoa izan da idazterako orduan. Dena den, dokumentazio lan txiki bat ere badu, bereziki argazkilaritza eta moda kontuei dagokienez.

MODAREN ALDE EZKUTUA

Argitaratu berri duen nobela hau trilogia baten bigarren partea da, eta 1920ko hamarkadako Parisen kokatuta dago. Agirrek azaldutakoaren arabera, garai horretan mendebaldeko munduaren zilborra zen Paris, artearen eta literaturaren arloan. Horrek eraman du idazlea bere lana bertan girotzearen hautua hartzera. Horrez gain, hantxe egin zituen bere ikasketak, hortaz, istorioa han kokatzea eroso egiten zitzaiola esan du.

Zehazki, nobela labur honek gai nagusi bi dituela azaldu du: "Euskal emigrazioa agertzen da, zuberotarrena bereziki, eta jantzien modaren mundua ere bai, baina mundu horren alderdi ezkutua, Coco Chanel eta Elsa Chiaparellirentzat lanean ari diren milaka emakume jostunen bizimodua". Bertan, maitasuna, gizarte diferentziak eta beste hainbat gai jorratzen direla esan du Agirrek.

Euskal Herriko baserri batetik heldu eta argazkilari bihurtu den Maria Garrastazuk zuberotarrez hitz egiten duen neskato galdu bat topatuko du. Haren ama aurkitu nahian emango dituzte hurrengo asteak.

Esan bezala, bilaketa horretan zehar, Belle Époque-ko glamourraren beste aldea ezagutuko dute. Izan ere, goi mailako modaren di-seinatzaile, modelo eta bezeroez gain, lantoki ilunetan arropa garestiak josten aritzen diren jostun apalak aurkeztuko ditu eleberri honek.

Dioenez, pertsonaia nagusia trilogiako lehenengo partean aurkeztutako Maria Garrastazu da, bainuetxean lanean hasi eta Parisen bukatzen duen Aizarnako neska. Ispiluak eta Itsasoak eleberrian ispiluak saltzen egiten zuen lan, oraingoan, ordea, argazkilari baten laguntzailea izango da. Hortaz, liburuan argazkilaritzari buruzko gogoeta batzuk agertzen dela kontatu du idazleak.

AMAREN OMENEZ

Esan bezala, Zestoako bainuetxean lanean hasten den baserriko neska gazte bat da liburuko protagonista. Izan ere, idazlearen ama ere antzeko ibiltzen zela azaldu du, haren hitzetan: "Nire ama ere 17 urte zituela hasi zen bainuetxean lanean, eta haren omenez hasi nintzen trilogia hau idazten, ez dago beste inspirazio iturririk".

Dioenez, XX. mendearen lehen hamarkadan itsasoko bainuak modan jarri ziren, talasoterapia, alegia, eta orduan hasi zen lehorreko bainuetxeen gainbehera, "giro dekadente horretan kokatzen da hasiera. Ispilu enpresa batean lan egiten duen aristokrata dandy batek neska Zestoatik Parisera daraman arte".

Eleberri honek kontatzen duen istorioa oro har fikzioa bada ere, badu zerbait errealitatetik. Kokalekuak, esaterako, errealak direla aipatu du Agirrek, baita euskal emigrazioari buruz ematen diren datuak edo Bellevilleko emakume jostunei buruzko batzuk ere. Idazlearen ustez, badago pedagogia politiko bat gizarte diferentzien inguruan, "pedagogia hori helduentzako nobelan saihestu egin behar dela iruditzen zait, baina gazteei zuzenduan zilegi dela uste dut".

ETORKIZUNARI BEGIRA

Trilogia honen hirugarren parteak itxaron beharko du, momentuz, bigarrenak izango duen erantzun edo arrakasta neurtu arte behintzat. Dena den, esandakoaren arabera, jubilatu zenetik egunean ordu batzuk ematen ditu Agirrek idazten. Hortaz, etorkizunari begira baditu beste proiektu batzuk esku artean.