Bilboko Azkuna Zentroan dauka Mabi Revuelta artistak (Bilbo, 1967) Akromatikoa. Partida hilezkorra erakusketa ikusgai. Xakea hartu du hari eroale gisa, eta modu horretan, diziplina desberdinak jarri ditu ikusgai, modu zirkularrean aurkeztutako erakusketan. Era berean, 30 urteko bere ibilbidearen berrikusketa ere jasotzen du aipatu erakusketak. Bilbotarrak bere obren bitartez, hausnarketa egitera ere gonbidatzen ditu bisitariak. Erakusketako komisario lanak Susana Blas historialariak egin ditu.

Nola deskribatuko zenuke 'Akromatikoa. Partida hilezkorra' erakusketa?

- Hasiera batean badirudi erakusketak niri asko interesatzen zaizkidan gaiez hitz egiten duela, alegia, jokoez eta hezkuntzaz. Hori da agerikoa den ildoa; are gehiago, egin dugun lana asko pentsatutakoa eta horri zuzendutakoa izan da, hasierako ideia horri zen ekin nahi geniona. Dena den, sarritan, denbora batez lanean egon ostean, egoten dira ikusezinak diren gauza batzuk, eta horiez ohartzen zara behin lana bukatuta dagoenean, alegia, erakusketa amaituta dagoenean. Orduan konturatu naiz ni, esaterako, denborak zer nolako garrantzia daukan erakusketan.

Erakusketa hiru zatitan banatu duzue.

- Xake partida batek izaten dituen hiru denbora tarteak hartu ditugu oinarri erakusketa banatzeko. Adibidez, Irekiera izeneko lehen espazioan, Natura hila perla beltzekin deitutako pieza aurkeztu dugu. 2002an egin nuen obra bat da, 20 urte beranduago berreskuratu dudana. Konfinatuta egon da denbora guzti horretan, 20 urte egon da pieza hori geldi, ezin ekoiztuta. Bigarren espazioak (Joko erdia), aldiz, barne-denbora du ezaugarri. Bertan azaltzen da akromatikoaren lan guztia; tartean, inoiz argitaratu gabeko pieza. Azken hori bi filmek osatzen dute, eta baita oharren koadernoan jaso dudan ikerketak, xake joko bik eta jantzitegiak. Azkenik, Partida amaiera daukagu; alegia, denbora lerroari zuzendutako espazioa. Bertan, 30 urtean egindako lanaren berrikusketa egiten da.

Xakea aukeratu duzu hari eroale. Baina nondik abiatuta sortu duzu erakusketa?

- Lehenbizi, aipatutako bi filmak egiteko desiotik abiatuta sortu dut erakusketa. Akromatikoa, xake-piezen dantza eta Akromatikoa, partida hilezkorra pelikulek Adolf Anderssen eta Lionel Kieseritzkyk 1851n Londresen jokatutako xake partida dute abiapuntu. Xakean edertasun bezala ezagutzen denaren adierazle da, ezusteko asko biltzen dituelako, hilezkorrak diren piezen sakrifizio ugari, estrategia ugari€ Horrek guztiak dramaturgia bat kontatzeko balio dit. Partida horretatik abiatuta istorio bat kontatzen dut nik. Botere eta desio borroka bat da, eta nik arau zehatz batzuetan oinarrituta gauzatzen dut; alegia, xake partida bateko arauetan. Bestalde, piezak gizatiartzeko desioa ere badaukat. Piezak gizatiartzen dira, eta gero, partida bukatzen da; amaitzerakoan, pieza horiek kutxan sartzen direlarik. Hori egitean, hierarkia horizontala bilakatzen da. Borroka eta gerra desaktibatzea ere bada nire nahia, horretarako kode kromatikoa erabilita. Kode hori duela 100 urte Marcel Duchamp artistak bere koinatu Jeran Crottiri idatzitako gutun batean aurkitu nuen.

Xakea zuri-beltzarekin irudikatzen dugu, baina zure piezak kolorez betetakoak dira.

-Erakusketaren izenburuak berak gordetzen du ezustekoa: Akromatikoa du izena izenburuak, eta horrekin xakeaz ari garenean, pianoaren tekletan pentsatzen dugunean bezala gertatzen da, zuri-beltza da imajinatzen duguna. Baina, bat-batean, erakusketa ikusi eta ohartzen zara kolore leherketa bat dela hori.

30 urteko ibilbidea duzu artista gisa. Nola deskribatuko zenuke bide hori?

- Susana Blas komisarioaren proposamenak ezustean harrapatu ninduen. Urte hauetan guztietan, modu batean edo bestean aurrera egitearekin kezkatuta nengoen. Ideia batzuk atzean utzita edo beste ideia batzuei helduta, baina beti aurrera egiteko nahia nuen. Baina atzera begiratze honetan, hainbat gauzez ohartu naiz; lehenik eta behin, nire obsesioez: xake joko bi aurki ditzakegu horien artean, bata 1997koa eta bestea, 1990eko margolan bat. Bitxia da baina akromatikoarekin gauza asko ditu komunean. Esango nuke 30 urte hauek abandonuz eta bilaketez josiak daudela; estudio bateko bakardadetik hasi, eta lantalde bat zuzenduta, ikus-entzunezko hauek bezalako piezak egiteraino.

Non sentitzen zara erosoago, estudioko bakardadean edo talde lanean?

- Bietan sentitzen naizela eroso esango nuke. Berriz ere estudioko bakardadetik lan egin ahalko nuke. Susana Blasek denbora lerroa lau zatitan banatu du: aro erromantikoa, aro zientifikoa, aro hipermodernoa eta aro dinamikoa. Hain justu, xakean jokatzeko lau modu dira, baina baita sortzeko lau era ere. Erromantikoa izatera ere jolas egin ahalko nuke berriz ere.

Ibilbide luze honetan, Gure Artea saria ere jaso zenuen, 2016an, sortze-jardueraren aitorpen gisa. Zer suposatu zuen sari horrek zuretzat?

- Batetik, saria jasotzea ustekabe atsegina izan zen, inoiz ez duzulako saririk espero. Ilusio handiz hartu nuen. Topiko bat da esango dudana, baina egia da sariaren bitartez urte askotan egindako lana aitortzen dela. Oso urte arraroa izan zen; urte horretan, BBVAren Leonardo beka jaso nuen, akromatikoaren proiektu hau gauzatzeko. Eta ezustean jasotako sariak bulkada eman zidan. Gauza hauek gertatzen zaizkizunean bultzada hartzen duzu, eta hein batean ardura bat hartzen duzu zuregain; ez dakit zeren ardura, baina erantzukizuna da.

Zure lanen bitartez, hausnarketara gonbitea egiten diozu bisitariari.

Obrek beti eskaintzen dizute hausnarketarako bidea. Nire kasuan, esaterako, beti saiatzen naiz txinparta txiki bat sortzen, bitartekotza interesgarri bat egon dadin; hartara, nahi duenak ikertzen jarraitu ahal izango du. Hasiera batean, zentzumenek egiten dute nire lanetara ailegatzea, baina gero, eduki asko dago horren guztiaren azpian, eta ni saiatzen naiz, behintzat, eduki hori eskuragarria izan dadin. Oraingoan modu ezberdinetara egin dugu: ohiko biniloak jarri ditugu erakusketan, baina, erakusketako eskuorriak handiak egin ditugu, horietan, eduki interesgarri eta mamitsua jasotzekotan. Bestetik, arlo dokumentalak ere badu bere tokia erakusketan, proiektu hezigarri batekin, nire lanari buruzko bi dokumentalekin, zenbait beira-arasekin, metropoli batekin, nire obra nolakoa den azaltzen duen errezeta batekin€ Halaber, denbora lerro guztian, erredakzio lan handia egin dugu Susanak eta biok konfinamendu garaian, pieza bakoitzeko istorio bat kontatuz. Informazio hori irisgarri egin dugu erakusketan, QR kodeen bitartez. Hori guztia argitaratuko dugun liburura begira egin dugu.

Liburuari buruzko zerbait gehiago aurreratzerik izango zenuke?

- Oraindik sortzen ari garen liburu bat da; batetik, Susanaren testuak izango ditu, eta, bestetik, Luis Francisco Perez arte kritikoarenak eta Antonio Gude xake maisuarenak. Susanaren hitzek ibilbidea izango dute liburu osoan, eta Luisek nire proiektu eszenikoak izango ditu mintzagai, unean-unean. Antoniok, berriz, akromatikoaren proiektu hau izango du, zehazki, ardatz. Hain justu, otsailaren 16an aurkeztuko dugu aipatu liburua, Bilboko Alondegian.

Zer sentituko du erakusketa bisitatzen duenak?

- Harrigarria da gertatzen ari dena. Erakusketak emozio ugari transmititzen dituela esan didate; batez ere, ikus-entzunezkoek; izan ere, amaiera berezia dute. Erakusketak inspiraziorako bidea ematen duela esan izan didate. Eta horrek asko emozionatzen nau.

Erakusketatik, zein piezarekin geratuko zinateke zu?

Ni beti hurrengoarekin geratzen naiz -kar, kar, kar-. Egiten duzun piezak beste gauza batzuekin berriz erlazionatzen duzunean hartzen du daukan bizitza; hori da niri gertatu zaidana, esaterako, denbora lerroan. Erakusketako piezak banaka sortu ditut, eta banaka ikusi izan ditut; gainera, badira batzuk 20 urtetan ikusgai jarri ez ditudanak. Beraz, niretzako ustekabe atsegina da horiek beraien artean erlazionatuta ikustea, linea historiko edo denbora-lerro bat bailitzan.

Mabi, artea ere hilezkorra al da?

- Gizakiak utz diezaioke artea egiteari? Nik uste dut ezetz. Sortze-boterea hain da handia€ Ez soilik artistena, baizik eta edozein pertsonarena, uneoro sortzen baitago. Ikuspuntu horri helduta, uste dut ezinezkoa dela artea egiteari uztea. Gure esentziaren parte da. Hori horrela, bai, baliteke artea ere hilezkorra izatea. Hilezkorrak direnak, ideiak eurak dira, ia beti baikabiltza ideia berekin bueltan.