Urruneko olatuen soinuak pixkana-pixkana esnatzen naute, belarrietan kilima goxoak eginez. Goizeroko iratzargailuaren zarata deserosoaren antitesia bera. Kresal usaia kristalik gabeko leihoetatik sartzen da, nire sudur-zuloetatik barna burmuineko plazeraren txokoren batera iritsi arte. Esnatu berri, ez daukat oso garbi non nagoen eta egoera hori benetan atsegin dut. Begiak irekitzerako unean, baina, lepotik oinetaraino dauzkadan giharretako minak piztu zaizkit, eta une horretan oroitu naiz trekking baten bosgarren egunean nagoela.

Olioa zer den ahaztua duen atea ireki eta hortxe agertu da nire aurrean, luze eta zabal, lurra amaitu eta itsasoa hasten den azken muturra. Zehazki, kontinente bat amaitu eta hamaika itsas miliatan zehar hedatzen den itsasoa hasten den txokoan nago. Hegoafrikako hegoaldeko kostaldean nago, eta nire begiek ikusten ez badute ere, nire aurrean, han nonbaiten, Antartikoa omen dago. Kontinente zuria ez dut ikusten, ezta sentitu ere. Izan ere, motxila bizkarrean jarrita oinez ezagutzen ari naizen inguru honek, Tuinroete edo Garden Route bezala ezaguna denak, munduko klima epelenetakoa omen du, neguan ho-tzik ez eta udan bero gehiegirik ere ez.

GATAZKA UGARIREN SORLEKU

Egun batzuk atzera eginez, ibilaldi honetara nola iritsi naizen azaltzea izango da onena. Hegoafrikako gobernuz kanpoko erakunde batean hiru hileko egonaldi bat egiteko aukera izan dut, Eastern cape probintziako Matatiele herrian, Nelson Mandelaren jaioterritik ez oso urrun. Afrikako herrialde bitxi hau, hamaika gatazka eta arazoren lapikoa da, beti su bajuan pil-pilean dagoena, eta ziurrenik lurrun hori da munduan zehar gehien hedatzen dena: pobrezia, HIESa, Apartheid-a eta horrek ekarri zuen korapilo askaezina, esaterako. Eta bai, bertan egonda ezin da arazo guzti horien aurrean ezikusiarena egin. Baina hori guztia erraz ahazten da bertako jendea ezagutzean, alde batetik, eta naturak munduko txoko honetan ezkutatu dituen sekretu paregabeak ezagutzean, bestetik.

Astebeteko etenaldia baliatuz, Western cape eta Eastern cape artean dagoen Tsitsikamma National Park-era etorri naiz, 13 orduko autobus bidai baten ostean. Bertan oso ezaguna den Otter Trail izeneko ibilbide bat dago, parkean topa daitezkeen igaraba animaliaren omenez izendatua. Ibilbidea ederra izateaz gain, badu berezitasun bat. Soilik norantza batean egin daiteke eta 5 etapatan egin behar da.

Parkearen barnean igaro beharreko 4 gauak natura zati honen biho-tzean eraikiak dauden egurrezko etxoletan eman behar dira, derrigorrez. Soilik 12 ohe daudenez, egunean zorioneko 12 pertsona dira ibilbideari ekiteko baimena dutenak (aurrez, Internet bidez eskatua eta ordainduta). Modu honetan, masifikazioak ekiditen dira, eta ibiltariek naturarekin erlazionatzeko aukera aparta dute. Etxolez gain, ikuspegi paregabeko komun lehorrak, sua pizteko guneak eta errekako urez hornituriko dutxa hotz basatiak daude kanpalekuetan. Paradisua!

44 km luzeko ibilbidean zehar ez dago, kanpalekuez eta egiten ari garen xendaz gain, gizakiaren existentziaren arrastorik. Itsaslabarra bidelagun dut ia egun guztian zehar, batzuetan itsasoa ehundaka metro beherago dagoelarik, besteetan olatuen zipriztinak sentitzeko moduan. Baso itxiez margoturiko kostalde honetan badira itsasora-tzen diren ibai garrantzitsuak, eta batzuek padura zabal bezain sakonak sortzen dituzte. Horiek guru-tzatzeko, itsasbeheraz baliatu behar naiz ezinbestean, motxila buruan dudala igeri amaitu nahi ez badut behintzat. Hirugarren egunean, goizeko bostetan hasi behar izan naiz oinez, bestelakoan ez bainintzen garaiz iritsiko Bloukrans ibaia gurutzatzera.

AFRIKANERRAK

Esan bezala, soilik dozena bat pertsonak hasten dute ibilbidea egunero, hortaz, soilik beste 11 pertsonarekin egin dezakezu topo bost egun horietan zehar. Nire kasuan, nire bidaideak bikote italiar-alemaniar bat eta bertako boskote afrikaner bat dira. Afrikanerrak, Herbehereetako koloniza-tzaileen ondorengoak dira. Britaniar inperioko ondorengoekin batera, nahieran gobernatu zuten Afrikar kontinenteko lurralde zabal hau urteetan zehar. Eurek gustukoa izan ala ez, historiak Afrikaner hizkuntzako hitz bat irakatsi digu denoi: Apartheid.

Suaren buelta egiten ditugun gaubeilak aukera ezin hobeak dira euren herrialdeari buruz duten ikuspegiaz zertxobait ikasteko. Beraien burua behin da berriz justifikatzen duten arren, txurien burbuila harresituan bizi direla iruditu zaigu, bai niri eta bai bikote europarrari ere.

Bost egunetan zehar, eskumako aldean baso ederra eta ezkerraldean itsaso paregabearen konpainia izan ostean, Groot river ibaia gurutzatu eta Nature’s Valley udatiarren herrira iritsi naiz, ibilbidea amaitzen den lekura, hain zuzen. Bost egun hauetan zehar, naturak bere sinpletasunean duen edertasunaz gozatu ahal izan dut, eta Hegoafrikak bere konplexutasunean duen misterioaz apur bat sakontzeko aukera ere izan dut.