Nobelaz mozorrotutako ipuin bilduma da Iturria. “Niretzako ipuin liburua da, beste batzuentzat nobela hutsa”, dio Unai Elorriagak (Algorta - Getxo, 1973). Izan ere, ipuinak elkarren artean lotuz ondu du bere liburu berria idazleak: “Ipuinek bizi propioa dute, baina bata bestearen segidan, nobela osatzen dute”, uste du algortarrak.

Pertsonaia baten abizenari zor dio izena liburuak, Pedro Iturriari, nahiz eta Soro Barturen pertsonaiak duen eleberrian pisurik handiena. Ipuinak idatzi, eta hauek Europako herrialde ezberdinetan argitaratzen ditu Iturriak, tokian tokiko hizkuntzan. Bere bila abiatuko da Soro Barturen, 80 urteren bueltan dabilen idazlearen gaztetako laguna. Haren atzetik ibiliko da hara eta hona, gaur Polonian, bihar Danimarkan eta etzi Hungarian, eta bidelagun izango ditu Erroman bere laguna eta Eszter Nagy Iturriaren itzultzailea. Bizitzari, heriotzari, maitasunari eta adiskidetasunari buruzko liburua idatzi du Elorriagak, “bai eta horiek denak biltzen dituen literaturari buruzkoa ere”.

“Nobelaz mozorrotutako ipuin bilduma”, beraz.

Ipuin-liburua idatzi nahi nuen nik, eta nire-tzako ipuin bilduma bat da Iturria. Nobelaz mozorrotutako ipuin bilduma. Zergatik? Ipuinek bakarrik beren bidea egin dezaketelako, baina bada euren arteko hari bat, ipuinak bata bestearen atzetik harilkatzen dituena, eta hari hori nobelistikoa da. Horregatik ba-tzuentzat ipuin-liburua izango da, eta beste batzuentzat nobela. Haria oso fina da hasieran, baina liburuan aurrera egin ahala pisu handia hartuko du, soka bihurtu arte. Alegia, mozorroak ipuinak eurak baino potoloagoa izaten bukatuko du.

Zein da ipuinen eta hariaren arteko erlazioa?

Soro Barturenek Pedro Iturria bere laguna topatu gura du, Europan zehar ipuinak argitaratzen dituen idazlea. Bi ipuin publikatzen ditu herrialde bakoitzean: Danimarkan, Txekian, Polonian? Bada, ipuin horien atzetik ibiliko da Barturen, Iturriak bidean uzten dituen arrastoei segika. Arrasto horiek ipuinak dira, eta Sorok ipuinak irakurtzen dituen heinean, irakurleak ere ipuinak irakurriko ditu. Hortxe ipuinen bilduma. Horien atzetik egiten duen bidea, ordea, bilaketaren odisea hori, nobela da.

Nolakoa da Soro Barturen?

Sorok 79 urte ditu eta 50 urte dira Pedro Iturria ikusten ez duela. Ez da liburuan espreski aipatzen, baina itxuraz osasuntsu dagoen arren, gaixotasun sendaezina dauka eta hiltzeko zorian dago. Bere bizitzaren amaieran, eta Pedro Iturria bere gaztetako laguna azkenengoz ikusi zuenetik mende erdia igaro ondoren, bere bila joan behar duela erabaki-tzen du. Puntu horretan, bost axola dio guztiak. Edozer esaten du, edonola eta edonori. Ez dauka inongo filtrorik. Zaharra da, bizitza osoa egin du jada, dirua dauka, soberan. Gauzak horrela, oso elkarrizketa biziak izango ditu bidean aurkitzen dituen pertsonekin. Edozer, edozein momentutan. Edozein astakeria. Une komikoak sortuko ditu horrek.

Zerk bultatzen du Soro bidaia hori egitera?

Ez dakigu zergatik, justu orain, 50 urte eta gero, Sorok bere lagunaren bila joan behar duen. Karrera elkarrekin ikasi zuten biek, eta ordutik ez dute elkarren berri izan. Hala ere, arrazoi batzuk iradoki ditut liburuan zehar. Horietako bat izan daiteke Iturriaren bila baino, Soro gaztaroaren bila abiatu dela. Horrelakoak baikara gizakiak, bizitzaren azkenengo momentuan gazteak gineneko urte horiek gogoratu nahi ditugu. Musika entzuten dugunean ere orduko doinuak entzuten ditugu. Finean, ondo geunden garaiak gogoratu nahi ditugu. Iturriaren bila dabil Soro, eta ez dakigu topatuko duen ala ez, ezta aurkitzen duenean zer egingo duen ere. Bestetik, oso modu zorrotzean irakurtzen ditu Sorok Pedro Iturriaren ipuinak. Obsesionatuta dago, eta ez dago oso argi zergatik. Hainbat misteriori egin beharko die aurre irakurleak.

Ipuinak irakurri bakarrik ez, komentatu ere egiten ditu Barturenek.

Bilaketa batean ari da Soro Barturen pertsonaia, eta abentura horretan, noski, asper uneak ere izango ditu. Txekiara doa, adibidez, eta Pedro Iturria ez dago han, Hungarian dago. Bidaiari berrekin bitartean, solaskide batzuk izango ditu hotelean eta hitz egin eta hitz egin ibiliko da bertan. Ipuinei buruz ariko da gehienetan, literaturaz, eta literaturaz aritzean, bizitzaz hausnartuko du. Zer da ba literatura, bizitza bera ez bada? Literaturak bizitza kontatzen du, eta horrek bide emango dio gaztaroari, adiskidetasunari, maitasunari, heriotzari edota gaixotasunari buruz hitz egiteko, Iturriak ere gai horiek tratatzen baititu ipuinetan. Liburu honek duen magia azaleratuko da orduan: Sororekin batera, Iturriaren ipuinak irakurriko ditu irakurleak, eta bere buruan gai horien inguruko hausnarketa egiteko aukera izango du orduan, berea. Sorok egiten duen hausnarketa irakurriko du ondoren, eta beraz, gai bakoitza birritan, hirutan edo lautan hausnartzeko abagunea izango du, perspektiba ezberdinetatik.

Eszter Nagyk, Iturriaren itzultzaileak ere, solasaldi biziak ditu Sororekin.

Oso gauza bitxia gertatu zitzaidan Eszterren pertsonaiarekin. Pare bat kapitulutan sar-tzeko asmoz sortu nuen bera, baina idazten aurrera egin ahala, pertsonaiak emandako erantzunek eta hartutako jarrerek berataz maitemintzera eraman ninduten. Itzultzaile arrunta izan behar zuenak, bilakaera indar-tsua izango du eleberrian. Itzelezko eran-tzun onak ematen dizkio Sorori eta honek bere bidaiara batzeko eskatzen dio. “Esther, etorri gurekin”, esaten dio, “baina zer egingo dut nik Polonian?”, erantzun besteak. “Berdin dit, nirekin hitz egin”. Hain pertsonaia bitxia bihurtu zen niretzat, zeinen azkenean, ni ere, idazle moduan, harritu ninduen. Pertsonaiaz maitemindu nintzen. Ez da Juego de Tronos telesailean bezala. Ezin ditut pertsonaia onak bigarren kapituluan hil. Kontrakoa egiten dut nik: adoptatu egiten ditut eta amaierara arte jarraitzen dut haiekin. Alderantziz ere gerta liteke, alegia, luzerako sortu eta konbentzitzen ez zaituztelakoan, pertsonaiak bide erdian abandonatzea. Bost urte eman ditut nobela idazten, prozesu luzea izan da eta gorabehera asko izan ditut.

Eta liburua esku artean duzula?

Bada, oso sentsazio bitxia izaten ari da. Liburua bukatu nuenean, epel gelditu nintzen: “Ipuin-liburu bat idatzi dut, besterik gabe”, pentsatu nuen. Ipuin batzuk hobeak, beste batzuk ez hain onak. Tira, liburu ona dela pentsatu dut beti, gotorra, elegantea, baina ez nuen oso argi noraino iritsi zitekeen. Lehengo iritziak jasotzen hasi naizen honetan, ordea, asko harritu naiz, irakurleak asko emozionatu baitira nik idatzitakoarekin: “Zelako liburua idatzi duzun, ikaragarria da!”, edota “ez dut halako ipuinik sekula irakurri! Zer nolako pertsonaia osatu duzun Soro Barturenekin!”. Uste baino urrunago heltzen ari da eleberria, eta horrek izugarrizko bizipoza sortzen du nigan.

Zerikusirik izango du, akaso, ohiko eleberrietatik aldendu zarela.

Harridura sortzen duen literatura sortzea gustatzen zait niri, irakurlearengan sorpresak eragitea. Zer da hau?, Nora doa?, Nondik dator? Harridura. Literaturak sortu behar duen gauzarik garrantzitsuena dela uste dut. Betikoa irakurtzen dugunean, ba tira, betiko moduan geldituko gara. Betiko nobelak eta istorioak, hasiera-korapiloa-amaiera dituztenak. Iturria-k ez dauka horrelakorik. Sorpresak bai, asko, ipuin bakoitzeko saiakera bat behintzat. Batzuetan lortuko dut, beste batzuetan ez, baina ahalegina denetan dago.

Sorpresa, liburua bukatu berritan buzoian topatu zenuena.

Sorpresa galanta! Pedro Iturriaren gutuna heldu zitzaidan etxera! Pentsatu nuen, “zer da hau, broma bat?”. Inork gutxik ezagutzen zuen liburua, aurkezpena egin barik baitzegoen, eta hala eta guztiz ere, Pedro Iturriak sinatutako gutunazala nire buzoian! Zabaldu nuen, eta hara non, Pedro Iturria izeneko batek idatzitako liburua zegoen barruan. Bi ebidentziaren berri izan nuen orduan: benetako Pedro Iturria bat existitzen da, eta gainera, idazlea da eta euskaraz idazten du! Nafarroako gizon bat omen da, botikaria eta oso euskaltzalea. Euskararen gorazarrea liburua idatzi du. Oraindik ez diot erantzun, baina erantzungo diot eta, akaso, bisita egitera ere joango naiz.