Iaz ospatzekoa zen Bertsolari Txapelketa Nagusia aurtengo udazkenean abiatuko da, irailaren bukaeran, eta Iruñea izango du finalerako eszenatoki, lehenengoz. Bertsozale Elkartetik jakinarazi dutenez, datorren astean jarriko dira salgai saio guztietarako sarrerak, baita finalekoak ere.

Datorren ostegunean, hilaren 23an, irekiko da salmenta, ohiko moduan, www.bertsosarrerak.eus atarian. Lehenengo astean, hori bai, Bertsozale Elkarteko kideek bermatutako izango dute finalerako sarrera, euren ekarpenarekin elkartearen lana bultzatu eta babesten duten horienganako esker onez. Ekainaren 30etik aurrera, hartaz, elkarteko kideek gainerako zaleen lehentasun bera izango dute Iruñeko Nafarroa Arenan ospatuko den final handirako sarrera eskuratzeko. Horretaz gain, bazkideek prezio merkeagoan eskuratu ahal izanen dituzte euren sarrerak.

Salmenta, ostegunetik aurrera

9.00etan hasiko da sarreren salmenta ekainaren 23an, esan bezala, www.bertsosarrerak.eus atarian. Txapelketa osoko saioetarako sarrerak eskuratu ahal izango dira, bazkide, ez-bazkide eta gazte salneurriak bereiziz. Gazteen sarrera 2004tik aurrera jaiotakoek baliatu ahal izango dute, urte honetakoak barne, eta 6 urtetik beherako haurrek ez dute sarrerarik beharko, baldin eta ez badute eserlekurik beteko. Erosketa online , antolatzaileek jakinarazi dutenez, "batez ere eten digitala saihesteko".

Nafarroako Bertsozale Elkartean, gainera, finalerako sarrera fisikoak eskudirutan erosteko aukera izango da ekainaren 23tik 30era: zerbitzu hau 10.00-14.00 eta 16.00-18.00 bitarte eskainiko da aipatutako egun horietan.

Gainerako saioetarako sarrerak fisikoki erosteko aukera ere izango da irailetik aurrera, baldin eta lehenago amaitzen ez badira. Zehaztuko da aurrerago zeintzuk izango diren salmenta puntu horiek. Behin sarrera erosita, ezingo da aldatu eta ezta itzuli ere.

Sarrera mota desberdinak

Iruñeko Nafarroa Arenan izango da aurten finala, eta hiru sarrera mota ezberdin izango dira eskuragai: harmaila, errebotea eta pista. Sarrera mota guztiek salneurri bera dute, baina taldean joanez gero, kide guztiek sarrera mota bera hartu behar dute elkarrekin esertzeko. Izan ere, sarrera mota bakoitzak sarbide jakin bat du, eta behin barrura sartuta ez da batekoak eta bestekoak elkartzeko modurik izango.

Halaber, sarrera mota bakoitzak prezioan eragiten duten ohiko azpimotak izango ditu: bazkideak, ez-bazkideak eta gazteak. Bestalde, antolatzaileek aditzera eman bezala, aurrerago emango dira finalaren eguneko autobusen eta otorduen aukeren berri.

Txapelketari dagokionez, laster emango dira xehetasun guztiak. Datorren asteazkenean aurkeztuko da Bertsolari Txapelketa Nagusia Euskaltzaindiak Bilbon duen egoitzan, eta egun horretan bertan jakinaraziko dira txapelketaren nondik-norakoak.