Gipuzkoa, Elkano eta bere garaia ikerketa-proiektuari esker, garai horretako 74.000 dokumentu baino gehiago digitalizatu dira, nahi duten guztiek garai hartako gertaerak "testuinguruan kokatu" eta "azaltzeko" aukera izan dezaten.

Harkaitz Millán Kultura diputatuak, Gabriela Vives Ondare Historiko-Artistikoaren eta Artxiboen Zerbitzuko buruak eta Ramon Martín, Gipuzkoako Probintziako Artxibo Historikoko Ataleko buruak, aurkeztu zituzten atzo proiektuaren emaitzak, Artxiboen Nazioarteko Eguna zela probestuz. Juan Sebastian Elkano euskal nabigatzaileak burututako Lurraren lehen zirkumnabigazioa egin zuen espedizioaren 500. urteurrenaren ospakizunarekin bat egin du Aldundiak, ekarpen aberats horrekin.

Aipatutako ikerketa-proiektua, XVI. mendearen azken herenera arteko dokumentazioa deskribatu, digitalizatu eta zaharberri-tzeko lana izan da; 2019an ekin zioten, eta prozesuak martxan jarraitzen du oraindik ere. Beste hainbat helbururen artean, Elkanoren garaiko Gipuzkoako herri marineletan bizitza sozial eta ekonomikoari buruz dagoen informazioa hobetu nahi da; eta, horretarako, batetik, Probintziako Artxibo Historikoan gorde-tzen diren kostaldeko herrietako notario-protokoloak erabili dira, eta, bestetik, Gipuzkoako Artxibo Nagusian gordeta dauden Korrejimenduko Auzitegiko ebazpenak.

Lan horrek kuantitatiboki zer suposatu duen azaltzeko, esan dezagun notario-protokoloen kasuan, XVI. mendeko 33.218 eskritura berri deskribatu direla, eta 74.000 orrialdetik gora digitalizatu. Gai horren harira aurreratu zuen Harkaitz Millan Kultura diputatuak, "proiektu honekin, urteurren eta ospakizun zehatz horretatik harago irauteko bokazioa duen dokumentu-corpusa sortu nahi dugu; gai honen edo beste batzuen inguruan hazten joango dena", ondoren, Gipuzkoako artxiboen atarian zabaldu eta eskura izateko. l