Dikotomia baten berri eman du astearte honetan Joseba Sarrionandia euskal idazleak Munduari bira eman zion ontzia, bere azken liburuaren aurkezpenean. Bere nerabe garaiko eta gaur egungo gaztetxoen jarrerak kontrajarri ditu, euskararen erabilerari dagokionez.

Frankismoaren garaian hazirik, “13, 14 urterekin errekuperatu genuen euskaraz egiteko gogoa” adierazi du. Ilusio handiz ekin omen zioten “euskara errekuperatzeari”.

Aldiz, “hona bueltatu naizenean”, atzerrian hiru hamarkada baina gehiago igaro ostean, kontrakoa sumatzea iruditu zitzaion; "13, 14, 15 urteko haur edo gazteek erdara ilusio itzelarekin errekuperatzen dutela”, alegia. “Kontraste horrekin harrituta nago”, aitortu du.

Bere liburua egoera horri begira dagoela baieztatu du, nerabeek “Euskal Herriko historia euskaraz irakur dezaten” egina.