Joan Miróren eskutik estreinakoz sartu da kolorea Chillida Lekun. Euskal artistaren Hernaniko museoak Zabalaga baserriko ateak parez pare zabaldu ditu, azaroaren 1era arte ikusgai egongo diren surrealista katalan handiaren formatu txikiko lanak erakusteko.

Sortzaile biak oso lagun onak izan ziren eta horren erakusgarri dira, "Miró Zabalagan" izenburupean "arteari eta adiskidetasunari egindako gorazarre" gisa aurkezten den erakusketa honetan ikus daitezkeen, eskuz idatzitako gutunak.

Louise Bourgeoisen "Eye Benches III" piezarekin egin zuen lehen urratsa Chillida Lekuk beste artista batzuen lanak erakusten. Joan den urtean izan zen hori, museoko zelaietan, non orain Thomas J. Price britainiarraren "Reaching Out" dagoen erakusgai, gazte beltz bat mugikor baten pantailari begira irudikatuz.

Zaharberritutako baserri bikainaren hormak ez zituen ordea, gaurdaino bestelako artistarik zeharkatu. Mirók elementu desberdinekin eraikitako pertsonaia fantastikoek, eta beti kolore beltzaren laguntasun eske daudela ematen duten haren lan grafiko koloretsuek bete dituzte goiko solairuko hiru aretoak.

Estela Solana komisarioak azaldu duenez, "erronkarik handiena", austeritatea eta gure lurreko tonuak nagusi dituen baserrian kolorea sartzea izan omen da. Eduardo Chillida-Pilar Belzunce Fundazioko presidente Luis Chillidarekin eta Mireia Massagué museoko zuzendariarekin batera egindako aurkezpenean esan zuen.

Erakusketa hau antolatzeak bi artistenaganako "erantzukizun handia" eskatu diela aipatu zuen Massaguék. "Chillida Lekun kolorea estreinakoz sartu da, eta beti hemen egon izan balitz bezala onartu du inguruneak Miróren kolorea", nabarmendu zuen.

Baserrira sartu aurretik, bi eskultura monumental ikusi ahal izango ditu bisitariak: "Oiseau Solaire", Carrarako marmolez egindako bi tonako pieza, erakusketaren abiapuntua dena; eta "Femme", urtutako brontzez egindakoa eta barraskilo-maskor handi batez koroatutako lana. "Txori bat eta emakume bat, Miróren iruditeriaren funtsezko elementuak", azpimarratu zuen Solanak.

Bietako bakar bat ere ez zen sekula Bartzelonako Joan Miró Fundaziotik atera, eta orain, baserriaren kanpoaldean kokatuta, eguneroko materialekin eta objektuekin Miro jaunaren "adimen libre eta agorrezinak" eraikitako pertsona-eskulturak bata bestearen atzetik agertzen diren bisitaren hitzaurre bihurtu dira.

Behin barrualdera sartuta, ibilbidea bi litografiarekin hasten da: "Quelques fleurs pour des amis", 1964koa, Pierre eta Patricia Matisseri eskainitako lehena; eta bigarrena, Chillidaren eta Miróren galerista izandako Aimé Maeght-en omenezkoa.

Josep Royok 1989 eta 1991 urteen artean ehundutako tapiz handi bat ere ikusgai dago erakusketan. Miróren "Le lézard aux plumes d 'or" liburuko litografia batean oinarritutako da; lan huraxe izan zen Mirók ilustratutako lehena, eta bi poema ere idatzi zituen.

Miró 1983an hil zen, Hernaniko museoa inauguratu baino hamazazpi urte aurretik. Luis Chillidak esan duenez, sortzaile katalana bizi izan balitz, Eduardo Chillidak eta Pilar Belzuncek Mallorcan bera bisitatu ohi zuten bezalaxe etorriko omen zen "Miró Zabalagara". Beraien arteko harremanaz duen oroitzapenean, "konplizitateaz haratago zihoan" adiskidetasuna omen du gogoan.