Miren Jone Azurza Aristegieta, euskal kazetari aitzindaria, pasa den maiatzaren 15ean hil zen Donostian, 92 urte zituela. Euskaltzale eta abertzalea izaki, baita kristau sen handikoa ere, “lehen emakumezko kazetari tituludun euskalduna” izan zen, Elixabete Garmendia kazetariak emakume honen inguruko liburuxkan dioen lez.

Azurza 1929ko maiatzaren 18an jaio zen, Donostiako Antigua auzoko Matia kalean. Lau nebez inguraturiko neska bakarra izan zen, baina Joxe Azurza eta Juli Aristegieta gurasoek, argi izan zuten hasieratik bai semeek eta baita alabak ere goi-mailako ikasketak izango zituztela.

Ama telefonista zen eta aita, berriz, maisua; horrez gain, abertzalea ere bazen eta, afiliatua ez bazegoen ere, Iparraldera ihes egin behar izan zuen 1936an, Gerra Zibilaren hasi berritan.

Gerra amaitutakoan, aita Donostiara itzuli zen, baina ez zioten bere lana bueltatu. Hala ere, seme-alaben ikasketa planek aurrera egin zuten, baita Miren Joneren kasuan ere. Batxilerra ikasi zuen Peñaflorida institutuan, gaur egun Koldo Mitxelena Kulturunea dagoen eraikinean eta, horren ondoren, irakasle ikasketak gauzatu zituen.

19 urte zituela, baina, “bokazio erlijiosoa” sentitu zuen; misiolari sekular bihurtu zen eta Gasteizera joan zen, neska laikoentzako erresidentzia batera. Bertan, seminarioko irakasleen eskutik, klaseak jaso zituen eta Avilan lortu zuen lana gero, “aberatsen alabak” hezten, 50. hamarkadan.

Horretan zebilela proposatu zioten Vida Nueva aldizkari katolikoan parte hartzeaVida Nueva eta hala hasi zuen kazetaritzarekin espero gabeko harremana.Madrilera joan zen bizitzera eta, bigarren urterako, horren inguruko titulua lortzea garrantzitsua litzatekeela otu zitzaion. Kazetaritza Eskola Ofizialean aritu zen, Mariano Ferrerrekin batera; “ez nuen ezer ikasi” kontatu zion Azurzak Garmendiari, bere liburuxkarako. Hala ere, gerora oso erabilgarri suertatuko zen titulu hura.

Madrilen Vida Nueva eta Impulso aldizkarietatik eta Bilbon La Gaceta del Norte egunkaritik igaro ostean, Donostiara itzuli zen, 1965ean. Zeruko Argian hasiZeruko Argia zen lanean 1967an, erredakzioburu bezala lehenik eta zuzendari gisa ondoren. Hala aritu zen 1969 eta 1975 bitartean; izan ere, garai hartan, argitalpen bateko zuzendari izateko, beharrezkoa zen titulua izatea, legearen arabera.

Hurrengo geltokia sortu berri zegoen Deian izan zen, 1977anDeia. Donostiako ordezkaritzan aritu zen, kulturako gaiak, udaleko gorabeherak, elkarrizketak eta hainbat iritzi zutabe garatzen; azken hauek, Juan Olalde sinadurapean. Hantxe aritu zen, 1989an “aurre-erretiroa eskaini zioten arte”, Garmendiaren esanetan.

Urtebete beranduago, baina, lan mundura itzuli zen, Jose Maria Setien, Donostiako gotzainaren, prentsaburu gisa. Sei urte igaro zituen bertan, 1996ra arte.

Bizi osoan zehar izan zuen, beraz, erlijioarekin harreman estua, baina “oso kritikoa izan zen beti”, Luis Aranalde, lagun zuen Añorgako parrokoak dioenaren arabera. Are gehiago, kristautasuna eta berdintasuna uztartzen zituen bere pentsaeran. “Evangelioan oinarrituta, emakumearen defendatzaile sutsua izan da. Elizan ere, emakumeak eta gizonezkoak rol parekoa izan behar dutela” uste zuen, Aranalderen hitzetan.

Azurzak, euskarazko kazetaritzari eginiko ekarpenengatik, hainbat aintzatespen jaso zituen azken hamarkadan. Besteak beste, Ohorezko Rikardo Arregi saria jaso zuen 2011 eta 2018an, berriz, ohorezko euskaltzain izendatu zuten