- Bizi-ibilbide ez ohikoa izan duen emakume bat obsesionatu egin da Hendaiako etxe batekin, eta han pasa nahi ditu bere azken urteak. Argumentu horri tiraka eraiki du Arantxa Urretabizkaiak Azken etxea, "aitona maitagarrien" estereotipotik ihes egiten duen nobela, eta intriga puntu batez hornitutako bestelako zahartzaroen ikuspegia eskaintzen duena.

Ezaugarri hori kontuan izanik, Azken Etxea argitaratu duen Pamiela argitaletxeko Pello Elzaburuk, Urretabizkaiaren (Donostia, 1947) bosgarren eleberria "thriller krepuskular" gisa definitu zuen, eta egilea bera konforme agertu zen izendapen horrekin atzo liburuaren aurkezpenean.

"Bidean ikasia" kaleratu eta handik bost urtera iritsi zaigu Azken etxea, orduko lan harekin, Ramon Saizarbitoria eta Anjel Lertxundiren belaunaldian kokatzen den egileak 2017ko Euskadi Literatura Saria eskuratu zuen. "Askotan, liburu bat amaitzen ari naizenean, hurrengoaren arrastoren bat izaten dut, baina kasu honetan ez da horrela izan", adierazi zuen.

Lagun bati Biek ezagutzen zuten pertsona bati buruz lagun bati galdera egin, eta bere azken etxea izango zena aurkitu nahian zebilela esan zionean sortu zen ideia. Txinparta lehertu, eta hortik abiatuta sortu zen eleberria, kontatu duenez.

Urretabizkaiak argi utzi nahi izan zuen "autobiografikotik deus ez duen" fikzioa dela; berak ez lukeela protagonistaren bidea hartuko adierazi zuen, "ez nintzateke haren laguna ere izango ere".

Obraren beste ezaugarrietako bat, agertzen diren pertsonaia "guztiak edo ia guztiak, zaharrak izatea" da. Ez dira, ordea, "aiton-amona maitagarrien" definizioarekin bat egiten duten pertsonaiak; batere arruntak ez diren bizitzak izan dituzte, eta bakoitzak oso modu ezberdinean egiten dio aurre zahartzaroari.

Horietako bat da, hain zuzen ere, bere azken etxea lortzea helburu duen emakumea, "ez du batere bizi-tza arrunta izan, eta etxea lortzeko egingo duen ahalegina eta bidea ere, ez dira batere arruntak izango".

Urretabizkaiak adierazi zuenez, Azken etxea-ren 150 orrialdetan ez dago elkarrizketarik, pertsonaia bakoitzaren baitakoak izan ezik. Ironiaz aipatu zuen idazleak, liburu-saltzaileek ondotxo dakitela formula hori "ez dela negozio ona izaten", liburu bat erosterakoan bezeroek elkarrizketen gidoitxoak ikusten ez badituzte, berriro liburu-dendako apaletan uzten dituztelako.

Ez da hori, ordea, bere lanaren helburua, adierazi zuen "Zergatik Panpox liburuaren egileak; literatura, bere kasuan, "askatasun-espazio bat" omen da, eta bertan "nahi duena eta ateratzen zaiona" egiten omen du.

Eguneroko bizitzan "nahiko arrazionala" dela onartu arren, "literaturan intuizioari" uzten omen dio lekua, eta adinekoei "atseden hartu eta gozatzea" tokatzen zaiela eta horixe egin behar duteneko ustearen kontra egiten du: "Ni ez nator bat horrekin, zahartzeko modu tradizionala desagertu egin da, beste berri bat asmatzen ari gara, eta ni neu horretan nabil".

Azken etxea-ren edizio-arduradun Iratxe Retolazak nabarmendu zuenez, egilearen lanean behin eta berriz errepikatzen diren gaiak jasotzen dira eleberrian; esate baterako, harreman sozialak eta hainbat erabaki txikik pertsona baten izaeran duten eragina, edota izaera horren gorpuztean "gainerakoen ahotsek" duten eragina.