- Gaur dFeriaren beste jardunaldi berri bat egongo da. Donostiako Arte Eszenikoen Azokak gaur hirugarren egunez eskainiko dituen zazpi ikuskizunetako bietan, txotxongiloak eta bularreko minbizia "naturalizatzea" izango dira hizpide.

Norka Chiapusso dFeriako zuzendariak, Cultural-Ment konpainiaren Ir a Saturno y volver eta Marie de Johng konpainiaren Ama ikuskizunak aurkeztu zituen atzo. Maria Angeles Marchirant bana-tzaileak azaldu zuenez, 11.15ean Intxaurrondoko kulturgunean Balear Uharteetako Cultural-Ment konpainiak taularatuko duen Ir a Saturno y volver antzezlanak, bularreko minbizia diagnostikatu dioten emakume baten istorioa kontatzen omen du, "gaixotasun isil hori, dramatismorik gabe eta itxaropenez etxekotu nahian".

Marie de Jongh konpainiaren Ama antzezlanaren zuzendari eta sortzaile izan den Jokin Oregik, Pio Ortiz de Pineda ekoizlearekin batera, konpainia horrek helduentzat prestatu duen lehen lanaren xehetasunen berri eman zuen. "Keinuz egindako ikuskizuna da, egunerokotasunaren baitan dagoen gaiak, zaintzak, zailtasunak eta heroismoak arriskugarri bilakatzen duena", adierazi zuen; antzezleek "zero maskara" daramatela esan zuen, "begirik, sudurrik eta ahorik gabekoa", eta horrek "unibertso estetiko, metaforiko eta surrealista" sortzen duela. "Jendea konprenitua sentitzea espero dut, zaintza denoi dagokigulako", esan zuen.

dFeriaren hirugarren jardunaldian, Organik eta Sil Producciones konpainiaren Arnasa ere ikusgai izango da 13.00etan Egia kultur etxean, arnasketak eragiten dizkigun sentsazioen inguruan.

Horrez gain, Makers, Espejismos, eta Mi hijo solo camina un poco más lento funtzioen bigarren emanaldiak ere eskainiko dira, bai eta Altsasuren lehenengo eta bakarra ere, 2016ko urriaren 15eko goizaldean herri horretako Koxka tabernaren atarian jazotako gertakarien inguruan.