- Disko berri bat argitaratu du Josu Okiñena pianistak Aita Donostiaren hiru konposizio eta Guridiren lan deskatalogatu bat erreskatatuz. Lan hori, urtetan emankizunetan lagun izan duen Liana Gourdjia biolin-jotzailearekin batera egin du.

Okiñenak eta Gourdjiak Xarmak izena ipini dioten albumean, biolin eta pianorako XX. mendeko "euskal ondare musikal baliotsua" bildu dute estreinakoz. "Bestelako proiektu bat da, existitzen ez ziren euskal konposizio batzuk, eta euskal kulturaren ezagutzatik konprenitu eta interpretatutako beste batzuk eskaintzen dituena", esan zuen atzo lan berriaren aurkezpenean.

Aita Donostiaren hiru konposizio, eta musikari donostiarrak berak harmonizatutako Francisco Manalt XVIII. mendeko Espainiako Gorteko kidearen sonata bat bildu ditu albumean. "Biolinarekin eta pianoarekin jotzeko egindako kalitate bikaineko sonata da", adierazi zuen Okiñenak. Orain arte, pieza horietako bakar bat ere ez zuen inork inoiz grabatu.

Aurrekoez gain, Guridiren Elegía obra ere erreskatatu dute, oso gutxitan interpretatutakoa eta gaur egun deskatalogatuta dagoena. "Bere konposiziorik onenetakoa da, eta garai hartan biolin eta pianorako idatzitako bikainenetakoa; historiako biolinista onenetako batek enkargatu zion, Ysaye handiak.

Diskoaren gainerako piezak Sarasate eta, batez ere, "euskal musikaren internalizazio handienaren ardatza" den Ravelenak dira. "Gordeta zeuden kalitate ikaragarrizko eskuizkribuak erabili ditugu", adierazi zuen.

"Pieza ugari probatu ondoren, errepertorio borobila egin dugula esango nuke", adierazi zuen; amaitzeko aipatuz, diskoaren izenburua "musikaren bitxi eta kulturaren bonboiak" diren konposizio hauengatik aukeratu zutela.