Bixente Martinezek bakarkako debuta egin du Txoria buruan eta ibili munduan izenburupeanTxoria buruan eta ibili munduan . Lan horretarako Oskorriren garaiko kantu ugari berreskuratu ditu, gitarra elektriko eta akustikoekin bertsio berriak borobilduz. Oholtza gainean, gainera, bi dantzari ere izango dira.

Urrian aurkeztu zuen diskoa eta dagoeneko bira egiten dabil. Zer moduzkoa izan da harrera?

-Oso ona. Pozik nago ohikoa ez bezalako proiektua delako. Bakar bakarrik nago gitarrarekin, eta jendea hasieran zer aurkituko duen zain zalantzati egon arren, azkenean gustatu egiten zaie. Horixe sentitzen dut eszenatokitik.

Taula gainean musikari bakarra zeu izatearen beldur zinela aipatu zenuen aurkezpenean. Gainditu al duzu?

-Ausarta izan da nire aldetik, inoiz horrelakorik egin gabe nengoelako (barrez). Baina dena primeran atera da, oholtzara irten aurreko urduritasunak urduritasun. Urteetako esperientzia baliagarri izan zait, noski, eta oso pozik nago emaitzarekin.

Taula gaineko esperientzia, begirada guztiak zugan jarrita, desberdina izango da.

-Bai. Oso bestelakoa. Baina, agian eskenatokietan hainbeste urte eman izanagatik, ez naiz batere arraro sentitzen. Taula gaina oso leku naturala da niretzat eta, oraingo honetan inguruan lagunik izan ez arren, bi dantzariak ere hor daude, eta esperientzia desberdina eta oso polita da.

Oskorriren abestiak ezagutu eta bertsio berri horiek deskubri-tzen dituen publikoarentzat ere esperientzia bestelakoa izango da.

-Behin agertokian bakarrik ikusten nautenean, berehala jabetzen dira ez dutela entzungo ahots eta instrumentu askorekin jantzitako Oskorriren soinua esanguratsu eta aberats hura. Abestienganako hurbilketa oso bestelakoa da. Bakoi-tzaren esentzian eta melodian murgildu, eta hortik abiatuta, irakurketa edo ikuspegi berri bat egiten dut. Mezua ongi iristen ari zaiela adierazten dit jendeak, beraz pozik nago.

Orduan, zure ustez, Oskorriren piezak izateari utzi eta beste zerbaitetan eraldatu dira?

-Auskalo (barreak). Bizitza ugariko abestiak dira. Egia esan, bertsio askoko abesti ugari daude munduan, eta sarritan ezin esan izaten dugu zein gustatzen zaigun gehiago edo gutxiago. Irakurketa berri bat da, ez aurrekoak baino hobea, ezta txarragoa ere. Baina musikalki kalitate handikoak direnez, oso interesgarria da beste ikuspuntu batzuetatik ere jorratzea, beste kolore eta sentsazio batzuk lortzea ahalbidetzen baitute.

Abesti onak ez dira, beraz, zahartzen eta, moldakorrak ere badira, ezta?

-Bai. Abesti bati buruz esan daitekeen gauzarik politena, klasiko bihurtu dela aitortzea da; alkanfor usaina duen esamoldea dirudien arren, betiko egongo dela esateko modua besterik ez da.

Proiektua konfinamenduan sortu zen. Nolakoa izan zen prozesua?

-Egoera hain berezi hartan, zeregin ezean erotu aurretik zerbait egin behar nuela esan nion neure buruari. Jakin-min hutsez hasi nintzen neure gisara hainbat abestirekin probak egiten, eta azkenean, nire disko gogorraren barruan dauzkadan Oskorriren kantu hauek guztiak oso modu naturalean etorri ziren.

Jazz eta inprobisazio kutsua izan du.

-Bai, oso hurbilketa librea izan da. Baina nagusiki, gauzak egunero berdin ez egiteko sena gailentzen da. Abestiek badute esentzia prin-tzipal bat, baina ez dago zertan egunero berdin jo behar. Ez da orkestra klasiko bat, eta leku pixka bat utz dakioke momentuari. Gaur alaiago banago, alaiago joko dut, eta tristeago nagoenean goibelago. Askatasun horri esker kontzertu bakoitza ezberdina izaten da.

Soinu-efektuak ere erabiltzen ditu. Haiekin jolastu zara?

-Bai. Niri gitarra elektrikoak zein soinu akustikoak gustatzen zaizkidanez diskoan denetarik dago. Mundu elektriko horretan badira hainbat tresna, hala nola pedalak eta loop-ak, eta horiei esker, kolore desberdinak lortu ahal izan ditut Oskorriren errepertorio koherentearen baitan.

Taldeko inorekin kontsultatu al zenuen abestiak moldatzeko ideia zenuela?

-Kontsultatu, kontsultatu... (barrez). Egia esan, ez. Nik hartu eta egin egin nuen, eta ez zitzaidan burura etorri inori baimena eskatu behar nionik. Maketa batzuk egin ahala, bai, gertuko jendeari erakutsi nizkion eta jarraitzera animatu ninduten. Borobilago bat prestatu nuenean taldekideei erakutsi nien eta gustatu zitzaien.

Irudikatzen al duzu kideren bat egitasmo honetan?

-Proiektua nola sortu zen kontuan izanda, ez litzateke naturala izango. Diskoa grabatu nuela urtebete luze pasa da, eta oraintsu arte pandemiak hobera egiten ez zuenez, ez nuen posible ikusten. Horrek ez du esan nahi une jakinen batean esperimenturen bat egin ez daitekeenik kolaborazio gisa. Lugari-tzen, oraingoz, neu izango naiz musikari bakarra.

Bakarrik, baina bi dantzari lagun dituzula.

-Halaxe da. Kontzertua nola antolatu pentsatzen ari nintzela, abestiak ongi borobiltzeko eta lekurik jan gabe, bi dantzari oso ondo egokitu zirela otu zitzaidan. Haatik konpainia deitu, eta Leire Romero eta Aimar Odriozola etorri ziren; bi dantzari gazteok abesti batzuk dantzan jartzen dituzte, entzuteko eta ikusteko ikuskizun erakargarria osatuz.