- Atzo, 79 urte zituela, Abelin Linazisoro zumaiar aktore eta idazle hil zen. Goenkale telesailari esker egin zen ezagun, zazpi denboraldiz egin baitzuen Xatur pertsonaia.

1942an Zumaian jaioa, Linazisoro oso gaztetan hasi zen aktore lanean, hainbat antzezlanetan parte hartuz. Aurrez aipatu bezala, 90eko hamarkadan sartu zen guztion etxetan ETB1eko Goenkale telesailari esker, Xaturren papera eginez.

Ez zen hura izan pantaila txikiari eskainitako lan bakarra, bikoizketa lanak ere egin baitzituen hainbat saiotan.

Aktore lanez aparte, Linazisorok hiru eleberri ere argitaratu zituen: Axun (Susa, 1995), Iraganean galdua (Txalaparta, 2001) eta Aitortza (Txalaparta, 2001). Aktore eta idazleak euskarari eskaini zion bizitzaren zati handi bat, ez bakarrik bere antzezlan eta idatziekin, baita Zumaiako AEKn irakasle lanean ere.

Gainera, bere herriko kultur jardueren sustatzaile nagusienetakoa ere izan zen.

Euskal Idazleen Elkarteak, bertako kide zenez, argitalpen ederra eskaini dio sare sozialetan, haren poza eta sormenerako grina beti gogoan izango dituztela aipatuz.