Bihartik igandera, Espainiako arte garaikidearen hitzordurik garrantzitsuena egongo da: Arco. Azokak bere urteurrena 40 (+1) ospatuko du aurten, normaltasuna berreskuratu asmoz.

Estatuko arte garaikideko azokarik garrantzitsuena den Arcok, uda partean burutu behar izan zuen iazko edizioa

pandemiak eraginda, parte-hartzaileak nabarmen murriztuz eta nazioarteko presentzia urriarekin. Bere 40. urteurreneko ospakizunak aurtengorako atzeratu zituzten orduan, 40 (+1) izenburupean.

Hastear dagoen edizio honek, konfinamenduaren aurretik egindakoen antz handiagoa izango du, galeria kopuruari eta atzerriko presentziari dagokienez. Hala eta guztiz ere, berrikuntza nagusia osasun-segurtasunarekin lotuta dago: azokan covid pasaportea edota QR Spain Travel Health eskatuko da estreinakoz, eta, bat zein bestea izan ezean, aurreko 24 orduetan egindako test negatiboa (PCR edo antigenoak). FPP2 maskara ere erabili beharko da.

Bost egunez, munduko 30 herrialdetako 185 galeriak abangoardiako artearen konbinazioa erakutsiko dute, garaikidea eta korronte artistiko berrien artean berriena, Madrilgo Ifemako 7. eta 9. pabiloietan. Berrehun bildumagiletik gora etor-tzea espero da, baita sektoreko profesionalak eta mundu osoko galeria eta museoetako zuzendariak ere.

Komisariatu diren beste bi atal ere izango dira: Opening by Allianz, galeria gazteenak eta burua ateratzen ari direnak bilduko dituena, tartean Cibrián Gallery donostiarra, eta Latinoamerikako arteari eskainitako Nunca lo Mismo.

Gainera, aurten Arcok emakumeek egindako sorkuntzetarako leku propioa eskainiko du Proyecto de Artistas izenburupean; ibilbidean zehar banatuta egongo diren espazio horietan, sortzaile baten lana sakon erakutsiko da, kasu honetan emakumeak guztiak.