- John Coltrane (1926-1967) saxofoi jotzailearen omenezko kontzertua eskainiko da ostegunean 21.00etan. Mikel Andueza saxofoi jotzailea, Joaquin Chacon gitarrista eta Gonzalo Tejada kontrabaxu jotzailea izango dira emanaldiaren gidariak. Zehatzago esanda, artistaren Crescent LPari gorazarre egingo diote. Kutxa Kulturak, Musikenek eta Jazzaldiak Donostiako Tabakalera kultura garaikideko nazioarteko zentroan sustatutako zikloaren baitan kokatzen da emanaldia.

Hiru musikariok irakasle dira Euskal Herriko Goi Mailako Musika Ikastegian, eta "bateriarik gabeko hirukotearen ezohiko" formazioan aurkeztuko dira, Crescent Coltrane izenburua jarri dioten emanaldia eskaintzeko, musikaria eta diskoa, biak, izango dituztelako gogoan, antolatzaileek ohar batean azaldu dutenez.

Idatzi berean aipatu dute: "Hiru musikarion proiektu hau inspiratu duen estatubatuarraren jatorrizko grabazioa, 1964an argitaratu zen; inflexio-puntua izan zen bere obran, eta XX. mendeko funtsezko artista horren musikagintzan, garairik espiritualena zabaldu zuen".

Mikel Andueza nafarra Saxofoi klasikoan graduatua da, saxofoi jazzean diplomatua eta Hezkun-tzaren Psikoteknikan doktorea, eta herrialdeko auditorium garran-tzitsuenetan aritu izan da. Hogeita hamar jazz diskotik gora grabatu ditu, eta horien artetik, nabarmentzekoa da 2002. urtean El Paísek urteko diskorik onena izendatutako Amusia. Gainera, bere jazz-ibilbide oparoan maila goreneko hainbat artistekin kolaboratu izan du, besteak beste, Manhattan Transfer, Phill Woods, Randy Brecker, Kurt Elling, Tete Montoliu, Dick Oatts edota Pedro Iturralderekin.

Joaquín Chacon gitarrista eta konpositorea Madrilen jaio zen 1962 urtean, eta Madril bertako zein Bartzelonako lehen jazz eskoletan ikasi zuen. John Abercrombie, Dave Liebman, Joe Henderson, Barry Harris, Bruce Forman, Richie Beirach eta Jerry Bermuy musikariekin trebatu egin zen. Neobop taldean, Javier Colinarekin eta Chano Domínguezekin dabil elkarlanean, eta Solarren berriz, Uffe Markussen saxofoi jotzaile eta klarinete jotzaile daniarrarekin jarduten du, bien arteko kolaborazio emankorrean.

Gonzalo Tejada (Donostia, 1960), berriz, konpositorea, baxu-jotzaile elektrikoa eta kontrabaxu-jotzailea da. Interprete gisa, jazzaren esparruan garatu du bere ibilbidea, bakarlari nazional eta atzerritar ugariren ondoan, eta disko askotan parte hartu izan du. Bere izenarekin bost diska argitaratu ditu: Ziklo 1 (1994), En tránsito (2000), Encore (2005), Special Trio-Tribute to Chet (2011) eta Norma Jeane Baker (2015).

Andueza Chacon Tejada hirukotearen kontzertu hau, Kutxa Kultur, Musikene eta Jazzaldiaren arteko elkarlanari esker joan den urtarrilean hasitako zikloko bigarrena izango da.

Emanaldiak hileko bigarren ostegunetan izaten dira Tabakalerako Kutxa Kultur Kluba espazioan, eta ez dute elkarren artean zerikusirik izaten.

Kontzertuan, musikariak John Coltranen 'Crescent'LPari joko dute saxofoi jotzaileari omenaldia egiteko

Hiru musikariok irakasle dira Euskal Herriko Goi Mailako Musika Ikastegian, eta "bateriarik gabeko" formazioan aurkeztuko dira