- Aintzane Usandizaga idazleak eta Aran Santamaria ilustratzaileak elkarrekin sortu duten lehen liburua aurkeztu zuten asteazkenean; (Ia) guztia moztu eta itsas daiteke. Esther Ferrer eta denbora. Pamiela argitaletxearen eskutik plazaratutako lan honek artista donostiarraren artean hausnartzen du, fikziozko eremuan eta denbora ardatz moduan hartuz. NOTICIAS DE GIPUZKOAk Usandizagarekin hitz egin du, euskal emakume artisten bilduma inauguratu duen aleari buruz.

Nola sortu zitzaizuen ideia?

-Liburu hau egitearen ideia proposamen baten harira etorri zen. Garazi Ansa eta Haizea Barcenilla etorri zi-tzaizkigun, esanez liburu bilduma bat egin nahi zutela euskal emakume artisten inguruan. Lehenena egiteko, Esther Ferrer artistaren ingurukoa, gugan pentsatu zutela. Nolakoa izan behar zuen hausnartu genuen, bildumako lehen liburua izanda. Guztion artean, erabaki genuen nahi genuela artistaren lanean gehiago oinarrituko zen zerbait eta ez hainbeste bere bizi-tzan edo biografian. Esther Ferrerren munduan murgildu ginen eta, hortik abiatuta, fikzio bat, ipuin bat sortu genuen, Aranek irudiz eta nik hitzez.

Nolakoa da sortu duzuen lana?

-Album ilustratu bat da, hitza eta irudien artean josten da kontakizuna. Album ilustratuetan, biek dute narrazioaren zama, bi elementuek konta-tzen dute istorioa. Liburuak ipuin bat kontatzen du; fikziozko Esther Ferrer batek denbora harrapatu nahi du, berak nahi bezala moldatzeko, moztu eta itsasteko. Eta plan bat prestatuko du hori lortzeko. Abentura horretan sartuta ikusiko dugu lortzen duen ala ez. Hau izanik abiapuntu, testu bat dago, orrietan zehar doana, beti irudiekin, eta irudiek ere beste istorio bat kontatzen dute, Ferrerren lanean ohikoak diren hainbat elementu errepikatuz. Eguneroko objektuak batzuk, aulkiak, markoak, berak asko erabiltzen zituen gauzak; haria ere erabili izan du eta hari gorri bat dago kontakizun guztian zehar; planetak eta horrelako elementuak ere, lotzen direnak, bai fisikoki erabili dituen irudi eta materialekin, bai kontzeptualki bera mugitu den gaiekin.

Idazkia helduei begira dago egina?

-Garazi eta Haizeak artearen historiako irakasle bezala, komisaria bezala eta kritikari bezala lan egiten dute eta beraiek orain lan handi bat egiten ari dira euskal emakume artisten lana ezagutzera emateko. Ikerketatik, orain San Telmo Museoan dagoen Baginen Bagara erakusketarekin ere, eta pentsatu zuten album ilustratuen bilduma hau aukera bat izan zitekeela. Batetik, hori modu egonkorrago batean geratzeko; erakusketak denbora batekoak izaten dira. Eta bestetik, haurrengana hurbiltzeko modu bat izan zitekeelako. Orduan, haurrengan pentsatu dugu baita ere idazterakoan, baina ez da haurrentzat bakarrik; helduek ere goza dezakete liburu honekin. Iruditzen zait album ilustratuak oso erreminta ona direla helduek eta haurrek batera irakurtzeko.

Euskaraz egitearen erabakia idazleok hartu zenuten?

-Egia esan, nik uste hasieratik nahi genuela denok bilduma hau euskaraz izatea. Horrek ez du esan nahi ezin denik gero itzulpenik egon, oso berri ona izango litzatekeena eta gustatuko litzaigukeena. Baina, batez ere, euskal emakume artisten inguruko lan bat da, aldi berean egungo emakume sor-tzaileen garunetik pasata eta berrinterpretatuta. Hor badago belaunaldi arteko lan bat eta euskal haur, heldu, gazte eta zaharrengana iristea ere nahi dugu. Euskaraz izatea, egia esan, erabaki bat izan da, baina ia hitz egin behar izan ez dugun erabaki bat.

Artearekiko interesa lehendik datorkizu?

-Bai. Nik artearen historia ikasi nuen eta bai arte zentroetan lan egin dut. Interes pertsonalaz gain, horren inguruan ibili izan naiz betidanik. Gustatu zait, interesatu zait eta harreman estu bat daukat horrekin.

Bi egileok aurretik ezagutzen zenuten elkar?

-Ez, proiektu honetan ezagutu dugu elkar eta oso gauza polita izan da. Horrelako proiektu batean murgiltzen zarenean, ezagutzen ez duzun pertsona batekin, beste abentura bat da. Kasu honetan, gaia bazetorren eta Estherren inguruan elkartu ginen; horrek abiapuntu bat ematen zuen, baina prozesuaren beste parte bat da bestea ezagutzea elkarrizketa horretan. Hitz eta irudien arteko truke horretan, harreman eta lan hori eraikitzen joaten da eta oso, oso esperientzia polita izan da.

Nolakoa izan da zuen artean lan egitea, banaketa eta uztartzea?

-Gaia oso zabala zen hasieran, Esther Ferrerren lan artistikoa. Bagenekien horri buruz idatzi behar genuela eta ipuin bat egingo genuela; hori zen abiapuntua. Bere lanean murgildu ginen, irakurriz, ikusiz, elkarrizketak entzunez. Ni izan nintzen hari muturrari tira egin ziona. Denboraren gaia hartu nuen, bere lanetan asko errepikatzen den elementu bat delako, bere lana ardazten duen elementuetako bat. Esan izan du, bere burua denboraren atzetik korrika irudikatzen duela, harrapatu nahian. Hortik abiatuta, hezurdura bat osatu nuen. Aran, bitartean, collagekin zebilen; anatomia liburuak, Esther Ferrerren katalogoak hartu eta bazebilen jada sor-tzen bere hizkuntza piktorikoa, Estherren lengoaiatik abiatuta. Nik hezurdura pasatzean, berak irudiekin erantzuten zion; berriro testua moldatzen nuen eta testuareki erantzuten nion. Elkarrizketa bat izan da; hezurdura horren gainean joan da, hitzekin eta irudiekin osatzen.

Zenbat denbora behar izan duzue liburua egiteko?

-Zaila egiten zait kalkulatzea. Kontua da, nik proposamen formala baino lehentxeago jakin nuela asmo hori. Baina ia urtebete, esango nuke.

Prozesuan zehar, Ferrerrekin harremanetan izan zarete?

-Elkarrizketak entzun izan ditugu, Youtuben daudenak edo Metropolisek edota Tabakalerak dauzkatenak. Irakurri ere bai. Beti esaten dut plazer bat dela bera hitz egiten entzutea, edozeri buruz. Esther Ferrerrekin zuzenean saileko arduradunek hitz egin zuten, eman zioten asmoaren berri eta gero maketa ere bidali zioten. Liburu hau bere lanaren gure interpretazioa da eta fikzioa da. Ez da izan berarekin batera egin dugun lan bat. Omenaldi bat da.

Nolakoa da denbora bezalako kon-tzeptu abstraktu bat islatzea?

-Zaila, oso zaila da. Baina hor dago erronka eta jolasa, sortzaileoi ere gustatzen zaiguna. Kontzeptu erabat abstraktua da; umeek denbora zer den, guk denbora neurtzen dugun terminoetan (egunak, hilabeteak eta asteak), pixkanaka ikasten dute. Hasieran, zer den jakin gabe hitz egiten dute hortaz. Baina guk ere, heldu bezala, traje horiek kentzen badizkiogu (egutegiak, ordulariak) , denbora kontzeptuari, guk ere ez dakigu zer den. Galdera filosofiko, existentziala da ia, edo zientifikoa, edo dena batera, eta galdu egiten gara. Hori ipuin batera eramatea... Jolas bat bezala planteatzen saiatu gara eta adierazten badakigula denbora hemen dagoela, arrastoak uzten dizkigulako, baina ez dakigula oso ondo zer den, ez dugulako ikusten, ezin dugulako ukitu. Jolas eta saiakeren bidez, hori adierazten saiatu naiz. Baina bai, zaila bada, erronka bat izan da. Asmoa, album honekin, denboraren inguruan hausnartzea ere bada, bakoitzak bere ulermenetik eta esperientziatik.

Etorkizunari begira, proiekturen bat duzue eskuartean, biok batera?

-Esan bildumak bigarren liburu bat martxan daukala, Mari Paz Jimenez artistaren ingurukoa, aurrerago aterako dena, beste ilustratzaile eta idazle batek egina; bildumak jarraipena izango du, artista ezberdinei buruzko liburu gehiagorekin. Aran eta nire kasuan, elkar ezagutu dugu, gustora egin dugu lan. Aranek orain arte ez du album ilustraturik egin; paperarekin egiten du lan, liburu artesanalak egiten ditu, pop up izugarri ederrak, moztuz, itsatsiz, bolumenarekin. Hau izan da bere lehenengo esperientzia horrelako liburu bat egiten. Baina esan izan dugu, ez dugu aterik ixten; zergatik ez elkarlan bat aurrerago?