- 2022an 70 urte beteko ditu Donostiako Zinemaldia eta honi nortasuna eman dioten izenak, momentuak eta izenburuak jaso dira, Quim Casas-ek koordinatutako Nosferatu bildumako 18. Liburuan, Zinemaldia 1953-2022. Singularidades del Festival de Donostia/San Sebastián.

Donostia Kulturak, Euskadiko Filmategiak eta Zinemaldiak argitaratu eta atzo aurkeztutako liburua, Nosferaturen Zinemaldia 70 zikloarekin batera aurkeztutako lehena da; gogoan izan, 2022an zehar Donostiako Zinemalditik pasa diren 40 bat film eskainiko direla egitasmo horretan.

Argitalpenaren helburua, hala ere, ez da urtetako ibilbidearen azterketa sakon eta zehatza egitea, zinemaldiaren "berezitasun" batzuk azaltzea baizik, "antolakuntza, beti erne, aldakor, eraldagarria izan dela erakutsi, jakina, baita hobegarria ere"; hain zuzen ere "horrexegatik iraun du bizi-bizi gaurko egunera arte", adierazi zuen Casasek liburuaren aurkezpenean.

Horrela laburbiltzen da Zinemaldiaren historia zenbait mugarritan: izen berriak deskubritu eta sendotu ziren atzera begirakoak, "nortasuna" eman dioten sailak, eta 1953tik hona lengoaia zinematografikoan izandako aldaketak islatzen dituzten Urrezko Maskorrak, lehen edizioan Jacques Beckerren Casque d'Or bezalako izenburuak barne hartu zituelarik.

Liburu-dendetan eskuragarri izango da, noski, eta Tabakaleran Zinemaldia 70 zikloa jarraitzeko bonua erosi dutenek, ale bana jasotzeko eskubidea izango dute.

Zikloa osatuko duen bigarren argitalpena euskaraz izango da eta Katixa Agirrek idatziko du. Urte azken hilabetetan argitaratuko da.