- Donostiako Zinemaldiaren zazpi hamarkadatan erakutsi diren 40 film inguru eskainiko ditu Nosferaturen Zinemaldia 70 zikloak 2022an zehar Tabakalera kultur zentroko pantaila partekatuan. Jacques Beckerren Casque d ‘Or filmarekin emango zaio hasiera bihar bertan.

1953. urteko lehen edizioan proiektatutako Jacques Beckerren filmaren ondoren, beste hamabi programatuta daude dagoeneko martxoaren 30era bitartean. Donostia Kulturak, Euskadiko Filmategiak eta Zinemaldiak ohar bateratu batean azaldu zituzten atzo filmen izenburuak, eta bertan adierazi zutenez, sail ofizialetan erakutsitako filmak eta zuzendari berriei eskainitakoak aukeratu dituzte batez ere.

Richard Fleischerren 20.000 legoa itsaspeko bidaian, Douglas Sirken Tiempo de amar, tiempo de morir eta Jean Cocteauren Le Testament d’ Orphée dira urtarrilerako aukeratutako tituluak; otsailean, berriz, Elia Kazanen America, América, Grigori Kozintseven Hamlet, Howard Hawksen El Dorado, eta Sydney Pollacken Danzad, danzad, malditos.

Martxorako, bost film programatu dira: Ingmar Bergmanen The Touch, Josefina Molinaren Vera, un cuento cruel, Jaime Chavarriren El desencanto, Volker Schlöndorff eta Margarethe von Trottaren El honor perdido de Katharina Blum eta Márta Meszaren Just like at home.

“Atzera begirakoak Zinemaldiaren historiaren zertzelada txiki bat izan nahi du, ahalik eta anitzena, eta zinemaren historiaren azken 70 urteak markatu dituzten zinemagileak eta filmak barne hartuko dituena”, azpimarratu zuten erakunde antolatzaileek.

Zikloarekin batera, Zinemaldiaren historia hizpide izango duten bi liburu ere argitaratuko dira, bata gaztelaniaz eta euskaraz bestea. Lehenengoa, hilabete honetan bertan argitaratuko da Zinemaldia 1953-2022. Singularidades del Festival de San Sebastian izenburuarekin; Nosferatu bildumako 18. zenbakia izango da eta Quim Casasek koordinatu du.

Bigarrena, Katixa Agirrek idatziko du euskaraz, Nosferatu Bildumaren 10. alea izango da, eta urte amaieran argitaratuko da.