- Dirudienez, Espainiako zinemagintzak mendea hasi zenetik bildutako kopururik txikienarekin itxiko du 2021. urte pandemiko honetan; hori bai, aurreko urteko zifretatik gertu, abendu honetako azken estreinaldietako batzuen azken bultzadari esker, urtea amaitzear dagoen arren 40 milioiak gainditu baititu, Kultura eta Kirol Ministerioaren behin-behineko datuen arabera.

Azken hilabete honetan, besteak beste, Jaume Balagueróren Way down eta Fernando Leon de Aranoaren El buen patrón filmek, eta Goya sarietarako hautagai diren filmen iragarpenak beti dakarten susperraldiak, sarreren salmentari bultzada polita eman diote, eta 20 egun eskasetan 34,7 milioi euro eta 5,8 milioi ikusle izatetik, 40,4 milioi euro eta 6,7 milioi ikusle biltzera pasa da.

Bazirudien aurreko urteko diru-bilketa gainditu zitekeela, baina, osasun egoera dela eta, egun hauetako asistentzia-datuak beheranzko joera erakusten du, eta datorren urterako aurreikusita zeuden hainbat estreinaldi, esate baterako Paco Plazaren La abuela filma, atzeratu egin dira egoera hobetu zain.

2021ean, batik bat urteko lehen hilabeteetan, osasun-murrizketak izan ditugunez, datu horiek guztiak covid-ak baldintzatu ditu. Horrexegatik jarraitzen dugu aurreko urteetatik oso urrun, adibidez, 2019an, 94,1 milioi euro eta 16 milioi ikusle batzea lortu baitzen.

Aurten dirurik gehien bildu duen lider nagusia A todo tren. Destino Asturias filma izan da, 8,4 milioi euro eta 1,5 milioi ikusleri esker. Ondoren dator Way down, 5,3 milioi bildu eta 837.891 ikuslerekin. Oscarretarako hautatutako El buen patrón filmak, 3,2 milioitik gora bildu ditu milioi erdi ikusleri esker. Hirugarren postuan Operación Camarón dago 562.579 ikusle eta 3,3 milioi bilduta. Maixabel filmak ere datu txukunak lortu ditu: 2,8 milioi euro eta milioi erdi ikusletik gora.