Euskadin bi urtero ematen den arkitektura ekimena, Mugak, bukatu da marka guztiak apurtuz eta atzo itxi zuen hirugarren edizioa. 70.000 pertsona inguru erakarri zituen, aurreko ediziora 45.000 etorri ziren bitartean.

Erakusketa urriaren 27an inauguratu zen Donostian, azaroaren 30ean Arkitekturako Sari Nazionala jasoko zuen eta protagonista nagusi izan den Carme Pinós arkitektoaren eskutik, eta lehen aldiz Gasteizera eta Bilbora ere zabaldu da.

Biurtekoaren antolakuntzatik ohar baten bidez atzo adierazi zutenez, elkarte laguntzaileek antolatutako jardueretan parte hartu duen jendea nabarmen hazi da; esate baterako, Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialak Gipuzkoan duen ordezkaritzak Donostiako D 'Museoan antolatutako Arantzazu, 70 urte erakusketa izan da eskainitako guztien artean bisitarik gehien izan duena.

"Itxura batean Mugak-ek ez du sabairik, eta hori oso seinale ona da; ez zaio soilik asistentziari erreparatu behar, ordea, kopurua gora beheran, edukien kalitatea ere goraipatzekoa izan baita. Arkitektura herritarrengana hurbiltzeko gauza izan da Mugak, edizioz edizio kalitatea eta kantitatea uztartuz, eta ederki erakutsi ahal izan du arkitektura ez dela adituentzat gordetako zerbait hermetikoa ", azaldu zuen Pablo García Astrain Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza, Lurzoru eta Arkitekturako zuzendariak.

Topaketa Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak antolatu du, 2017az geroztik biurtekoa susta-tzen duelarik.