Zinemaldia 70. Historia posible guztiak

Kontatzeko beste modu bat: Donostiako Zinemaldian emakumeen presentziak, absentziak eta irudikapenak(1953-1978) izenburupean, hitzordua datorren larunbatean izango da Tabakalerako zinema aretoan; hainbat hitzaldi eta Kilenc Hónap/Bederatzi hilabete (Márta Mészáros, 1976) filmaren proiekzioa eskainiko dira.

Zinemaldiak eta Elías Querejeta Zine Eskolak (EQZE) antolatu dute jardunaldia, Loterías y Apuestas del Estado-ren babesarekin. Tabakalera kultura garaikideko nazioarteko zentroaren, Euskadiko Filmategiaren eta Kutxa Fundazioaren laguntza duen Zinemaldia 70 egitasmoak Zinemaldiaren artxibo bizi bat sortzea du helburu, eta lehen fasea 2022ko 70. edizioarekin amaituko da.

Behin Zinemaldiak Trantsizioaren lehen urteetan izandako bilakaera aztertu eta zentsurarekiko harreman konplexua arakatu ondoren, Zinemaldia 70 egitasmoaren hirugarren programa publikoak EQZEko ikertzaileek eta ikasleek 2020-2021 ikasturtean egindako lanaren emaitza herritarrei erakusteko balioko du, Zinemaldiaren beraren eta Kutxateka bildumako argazkiak oinarri hartutako historia bisuala osatu baitute.

Material horiek aztertuz, Donostiako Zinemaldiaren historiako lehen hiru hamarkadetan emakumeek jasandako "irudikapen mekanismoak, bai eta ezkutatzekoak ere" ikertu dituzte. Tradizioz, urte horietan zehar, emakumeak Zinemaldian izan duen presentzia "irudi eta diskurtso errepertorio oso murri-tzean eraiki da, ia esklusiboki izarrak alfonbra gorriaren gainean egotean oinarritutakoa".

Hori dela eta, proiektuak "iruditeria hori zabaldu eta ikuspegi kritiko berrietara zabaldu nahi izan du, hedabideen liluratik eta izarren gauzatzetik haratago joateko". Horrela berreskuratu dituzte artxibotik "Zinemaldian parte hartu zuten beste emakume batzuen arrastoak ", esate baterako, Sail Ofizialean lehiatu ziren lehen emakumezko zuzendariak.