Gaur egun euskaraz egiten diren ikus-entzunezkoen egoeraz ohartarazteko asmoarekin, Pantailak Euskaraz taldeko Izaskun Rekalde eta Alex Aginagalde ordezkariek agerraldia egin zuten astelehenean Eusko Legebiltzarreko Kultura batzordean. Egoeraren diagnosia aurkezteaz gain, euskarak streaming bidezko plataformetan duen presentzia murri-tza azaldu eta horrek haur eta gazteen hizkuntza ohituretan duen eragina gogorarazi zieten.

Azken urteetan gazteen artean streaming bidezko plataformen kontsumoa hazi egin da. 2020ko datuei erreparatuz, %82ak Netflix erabiltzen du, %42ak Amazon Prime eta Disney Plus %20ak. Eta euskararen presentzia oso urria da haietan: Netflixen hiru film daude euskaraz, Prime Videon bi, eta Disney Plusen eta HBO Maxen bat bera ere ez. "Gure haur eta gazteek zineman, ordenagailuan, telebistan eta mugikorretan dituzten erreferentziak erdaldunak badira, uste dugu horrek eragin zuzena daukala euskararen etorkizunaren osasunean", azaldu dio egunkari honi Rekaldek.

Pantailak Euskarazen barruan honako taldeak ageri dira: Disney Plus euskaraz, Tinko euskara elkartea, Netflix euskaraz, Zinemak euskaraz eta Bieuse bikoiztaile euskaldunen elkartea. Azken hilabeteetan hainbat bilera egin dituzte elkarrekin eta aldarrikapen taula bat osatu dute Eusko Legebiltzarrera eramateko.

"Azken finean, guk aldarrikatzen duguna da mota desberdinetako pantailak euskaraz egotea nahi dugula, adin guztietako pertsonei zuzendutako lehen mailako edukiekin. Eduki horiek euskarara itzulita edo azpitituluak jarrita egon daitezke, baina nazioartean arrakasta duten gauzak euskaraz ere egon behar dira ikusgai", adierazi du Rekaldek.

Aldarrikapen zehatzei dagokienez, ondorengo zerrenda aurkeztu zuten. Alde batetik, euskarazko ikus-entzunezko sektoreko finan-tzaketa publikoa sendotzea, EITB indartzea eta hau euskararen normalkuntzarako tresna bihurtzea. Horrez gain, euskara hutsezko streaming plataforma sendoak sortzea eta streaming plataforma nagusietan euskararen presentzia bermatzea, eta baita zinemaren lege propioak sortzea ere.

Gainera, bideo-jokoetan eta Interneteko sortzaile plataformetan euskararen presentzia bermatu eta sustatzea, eta euskarazko ikus-en-tzunezkoen lege propioak sortzea ere eskatu zuten. Eta azkenik, ikus entzunezko kontseilu propioa sor-tzea ere bai, aurreko neurri guztiak zaindu eta betearazteko.

Eusko Legebiltzarreko alderdi guztiek azaldu zuten adostasuna beraien proposamenekiko. "Egia da eztabaida politikoan orain arte egin dena balioan jartzen saiatu zirela batzuk eta beste batzuk nahikoa egiten ez dela aipatu zutela, baina guztiek esan ziguten gure aldarrikapenak partekatzen zituztela", azaldu du.

Euskara hutsezko streaming plataforma sendoak sortzeko eskakizunari lotuta, EITBk martxan jarriko duen Primeran streaming plataformako edukiak "euskara hutsean" egon behar dutela uste dute Pantailak Euskaraz taldekoek. "Jakinarazi genien guretzat oso garrantzitsua dela sortzen den plataforma horrek euskara hutsezko edukiak jasotzea. Izan ere, hizkun-tza nagusi bat eta hizkuntza gutxitu bat tresna elebidun berean ba-tzen ditugunean, nahi edo ez, hizkuntza nagusiaren aldeko desoreka ematen baita", zehaztu du.

Erreferente gisa dute Katalunian Disney Plusekin lortu duten akordioa. Akordio horren bidez, umeentzako filmen estreinaldiak plataforma horretan katalanez jarriko dituzte. Horrez gain, Katalunian funtsak areagotzeko eskatu dute plataformetan bertako hizkuntza indar-tzeko. "Funts gehiago eskatu dituzte, izan ere, hori aurrekontuetan txertatuta baitzegoen lehen ere. Generalitateak Hizkuntza Politika Sailaren bitartez zinema bikoizteko eta plataformetan estreinatzen diren edukiak bikoizteko diru poltsa aurrekontuetan ateratzen zuen. TV3-k bikoizteko erabil zezakeenaz gain, izan ere, hori ere Generalitatearen aurrekontuetatik ateratzen baita bistakoa denez", azaldu du.

Hemen egoera antzekoa da. ETB TV3ren tokian egongo litzateke eta Zineuskadi Generalitateko Hizkun-tza Politika Sailaren lekuan (Zineuskadi erakundeak Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren aurrekontutik jasotzen du dirua).

Baina egoeraren aldeak eta arrakalak diru kantitatean datza. Zineuskadik Zinema Euskaraz deitutako programan urteko 200 mila euroko aurrekontua xahutzen duen artean, Generalitateak bi eta hiru milioi euro arteko aurrekontua bideratu du zinema bikoiztu eta banatzeko. "Aurten Zineuskadik berriz ere hamar edo hamaika haurrentzako film eskainiko ditu eta Katalunian seis milioi euro bideratuko dira zinema eta plataformetako edukiak bikoizteko telebista publikoetako aurrekontuetatik kanpo", nabarmendu du.

Pantailak Euskaraz taldearen arabera, euskarazko zinemaren egoera ere txarra da. "Gure aurkezpenetan azaltzen ari gara euskarazko zinema estreinaldiak %1 ere ez direla. Azken urteetan aldaketa gutxi egon da hor, batere egon bada. Euskarazko filmen ekoizpena ehunekotan zenbat handitu den esaten ez genuke jakingo, baina guztiz arbuiagarria dela argi dago, ez baita gurean estreinaldien %1 izatera iristen", nabarmendu du Rekaldek.

Beraien iritziz, plataformetan euskara ez egotearen arrazoia, zinema estreinaldien kasuan bezalaxe, euskarazko ekoizpenak "munduko edukien ozeanoan ur tanta bat izatea" da.

Horrez gain, azaldu dutenaren arabera, bikoizteko ere ez dute dirurik bideratu azken 20 urteetan. "Katalanek azken 20 urteetan urtero xahututako diruarekin beraien hizkuntzan dauzkaten edukien ondarea plataformetan jar daiteke. Euskaraz apenas egin da hori, eta egin den gutxiak, eduki bezala ez du ia interesik, ez komertzialki eta ezta artistikoki ere. Beti daude salbuespenak, baina orokorrean horixe esan daiteke", azpimarratu du.

"Euskarazko ekoizpenak munduko edukien ozeanoan ur tanta bat besterik ez dira"

Pantailak Euskaraz taldeko kidea

"Gure gazteen erreferenteak erdaldunak izateak eragina du euskararen osasunean"