- Domo geodesiko bat, Euskadiko Arkitektura Bienaleko (Mugak) “arkitektura hedatuak” proiektuko tailerretako parte-hartzaileek kasu honetan zurezko listoiekin egindako kupula moduko bat, nagusitzen da Donostiako San Telmo Museoko klaustroan atzotik azaroaren 20ra arte.

Domo geodesiko hau, urriaren 30ean eta 31n eta azaroaren 1ean egindako tailerraren emaitza da. Egitasmoa Espacio Reflex-ek Midomorekin batera antolatu dute; Mario Turéganok gidatutako proiektuak tankera horretako eraikuntza alternatiboak eraikitzen ditu. Lanaren egikaritzan adin eta nazionalitate desberdinetako 25 pertsonak parte hartu dute, Mugak-etik atzo ohar baten bidez jakinarazi zutenez.

Asteburuan, interesdunei domoei buruzko oinarri teoriko batzuk azaldu zitzaizkien, eta azaroaren 1ean eraikitze lanei ekin zioten, zazpi metroko diametrokoa eta 3,5 metroko altuerakoa, San Telmoko klaustroan bertan. Astelehenean, tailerra Altxerri galeriara eraman, eta bertan hiru metroko diametroa eta 1,70 metroko altuera zuen bigarren kupula bat eraiki zuten. Tailer horietan, “euren domoa” eraikitzeko oinarrizko ezagutza eskuratzen dute parte-hartzaileek.