- Duela urte batzuk abiarazitako DA! PRO egitasmoak jauzi kualitatibo eta kuantitatibo nabarmena emango du edizio honetan. Orain arte musikaren alorrean dabiltzaten profesionalei zuzendutako topaketa baldin bazen, hemendik aurrera beste diziplina batzuk ere hartuko ditu bere baitan: hala nola, familia-ikuskizunak zein literatura edota ikus-en-tzunezkoak. Era berean, sortzaileek euren ibilbide profesionaletan beharrezko dituzten baliabideak zein-tzuk diren zehaztea izango du helburu. Ekimena abenduaren 1etik 4ra ospatuko da, BBKren babesarekin, Durangoko espazio ezberdinetan. Parte-hartzea doakoa izango bada ere, beharrezkoa izango da aldez aurretik izena ematea.

“DA! PRO sortzaileen eta kultur sektoreko profesionalen arteko topaketa bat da. Proiektu hau orain dela urte batzuk jarri genuen martxan Musika Bulegoarekin batera, baina aurten jauzi bat egin nahiko genuke. Ez dugu nahi musikara bakarrik mugatzea eta beste disiplina batzuk jorratu nahiko genituzke”, azaldu zuen atzo Beñat Gaztelurrutiak, Gerediaga Elkarteko kudeatzaileak. “Gure herri txiki baina anitz honetan kultura sortu, ekoiztu, programatu eta zabaltzen duten eragile eta profesionalei bidea erraztea du helburu ekimen honek, Durangoko Azoka herritar, euskaltzale eta kulturazaleen topagune izateaz gain, sektoreari bultzada bat emateko tokia ere badelako”, adierazi zuen Koldo Bilbaok, BBKko Kultura arduradunak.

Aurreko edizioetan egun bakarrean antolatu den egitasmoaren helburua sortzaileak kultur arloko eragile ezberdinekin harremanetan jartzea da. “Sortzaile hasiberriek buruan proiektu bat baldin badaukate aurkezteko aukera eman nahi diegu aurrean”, argitu zuen Gaztelurrutiak.