Ramon Zubizarreta 'Landakanda' hil da

Panderojole azkoitiarrak bere ibilbidean zehar Euskal Herriko erromeria asko alaitu zituen 'Laja' trikitilariarekin batera

26.09.2021 | 00:38
Ezkerretik eskuinera, 'Landakanda' eta 'Laja'. Argazkia: Jabi Leon

donostia – Ramon Zubizarreta Landakanda panderojole azkoitiarra atzo zendu zen 88 urte zituela. Iñaki Garmendia Laja trikitilariarekin erromeria asko alaitu zituen 35 urtez Euskal Herri osoan zehar eta oso bikote ospetsua izatera iritsi ziren.

Landakanda baserrian jaio zen Zubizarreta eta hortik hartu zuen panderojole gisa erabiltzen zuen izen artistikoa. Hamahiru urterekin hasi zen panderoa jotzen eta 18 urterekin eskaini zuen bere lehenengo kontzertua jendaurrean. Duela bi urte zendu zen Laja Arraten ospatutakoezkontza batean ezagutu zuen. "Nire lehengusuak bere koinataren ezkontzan jotzeko eskatu zidan Lajarekin batera, ni panderoan eta kantuan (Lajak beti esan ohi baitu berak ez duela ahots ona) eta bera aldiz, trikitixan", azaldu zion egunkari honi Landakandak 2013an egindako elkarrizketa batean.

Orduantxe ekin zioten plazaz plazako ibilbideari elkarrekin eta guztira dozenaka abesti sortu zituen bikoteak. Lehenengo diskoa grabatzeko Madrilera joan behar izan zuten, hemen ez baitzegoen horretarako estudiorik. Orotara, hiru disko kaleratu zituzten elkarrekin.

Landakandak "berandu baino lehen" erretiroa hartzea erabaki zuen. "Pentsatu nuen 80 urterekin panderoa jotzea utzi behar nuela. Lajari entsegu batean kontatu nion eta esan nion hurrengo erromeria azkena izango zela niretzat. Negar pixka bat egin zuen, eta esan zidan oraindik ondo negoela jarraitzeko. Nik osasuntsu nengoela utzi nahi nuela erantzun nion", azaldu zuen beste elkarrizketa batean.

Egin duen ibilbide oparoari amaiera emateko, bihar ospatuko da Landakandaren aldeko hileta elizkizuna, 19.00etan, Azkoitiko Andra Mariaren Jasokundeko parrokian.

noticias de noticiasdegipuzkoa