mirarte

23 film labur lehian izango dira Donosskinoren bosgarren edizioan

'Alien' filma omenduko duen jaialdia urriaren 5etik 9ra bitartean egingo da Antzoki Zaharrean

07.09.2021 | 00:41

Donostia – 23 film labur lehiatuko dira epaimahaiaren sariak eskuratzeko asmoz, urriaren 5etik 9ra Donostiako Antzoki Zaharrean egingo Donosskino jaialdiaren bosgarren edizioan. Horrez gain, Alien: The Director' s Cut filma, eta Ridley Scotten film ikonikoaren omenezko beste bost film labur ere proiektatuko dira lehiaketaz kanpo.

Donosskinoren antolatzaileek atzo ohar baten bidez azaldu zutenez, jaialdiak bost eguneko programazioa izango du, eta 23 film labur lehiatuko dira ShortZinema sailean, epaimahaiaren sariak eskuratzeko helburuarekin.

Sei laburmetrai euskaldun izango dira ikusgai: Dar-dar (Paul Urkijo Alijo), El perro (Daniel Cortázar), Hemen izango da (Amaia San Sebastián), Maite (Xabier Larrazabal) eta Polvo somos (Estibaliz Urresola); azken film labur honek Malagako Zinemaldian ikusleen saria irabazi du, eta Jone Laspiur du protagonista. Ezin ahaztu, Jonek aktore berri onenaren Goya eskuratu zuela, David Perez Sañudok zuzendutako Ane filmean egindako lanagatik, eta zuzendari honek berak ere parte hartuko du Donosskinon, La colcha y la madre laburmetraiarekin. Horiek guztiek, gainera, euskal film labur onenaren Etxean Shortuak saria jasotzeko aukera izango dute.

Hemengo film hauek, hainbat nazionalitatetako beste hainbatekin lehiatuko dira, noski; besteak beste, The Visit drama soziala, non Azadeh Moussavi zuzendariak Irango kartzela sistema salatzen duen, baita Noémi Merlant aktorearen Shakira ere (Retrato de una mujer en llamas), Parisko zubipetako slumetan gertatzen den istorio hau kontatzeko kameren atzean jartzea erabaki baitu.

Valladolideko Semincin Espainiako film labur onenaren sariaren irabazi zuen Oscar Bernacer-en Stanbrook; Albin Wildner austriarraren Der Wächer; edota Irene Albanell Melladoren estreinako lana Club silencio, 2019ko emakumezko aktore berri onenaren Goya saria irabazitako Eva Llorach proganista duelarik.

Gainera, Alien: The Director' s Cut filma ere proiektatuko da eta emanaldi bakoitza Alien 40th Anniversary Short Filmseko film labur batekin hasiko da. Laburmetrai hauek, filmaren 40. urteurrena ospatzeko egin ziren.

Epaimahaia eta sariak Sariak honako hauek izango dira: Film labur Onena, Gidoi Onena, Interpretazio Onena eta Etxean Shortuak Saria; eta epaimahaia berriz, Dorleta Urretabizkaia aktore donostiarrak, Molly Izaga zinemazale eta Zinemaldiko kolabora-tzaileak eta Oskar Tejedor zuzendariak osatuko dute.

Lehiaketan parte hartuko duten film labur guztiek bertaratutako guztiek euren botoekin erabakiko duten Publikoaren Saria irabazteko aukera ere izango dute. Eta azkenik, aipatu, Sergio Arrospide aktore eta aurkezleak gidatuko duela, aurten ere, Donosskino jaialdiaren bosgarren edizio honetako amaiera-gala.

Sei labur euskaldun izango dira ikusgai eta euskal film labur onenaren Etxean Shortuak saria jaso ahalako dute

noticias de noticiasdegipuzkoa