Bingen Zupiriak Eusko Jaurlaritzaren postura argi utzi zuen. Kulturaren arloan “Espainiako Gobernua Europako berreskuratze-funtsak politikoki kudeatzen ari den modua” kritikatu zuen. Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu eta Eusko Jaurlaritzako bozeramaile telematikoki parte hartu zuen atzo Kulturaren Konferentzia Sektorialaren XXIX. Osoko Bilkuran.

Bileran, Espainia, Europako Ikus-entzunezkoen Hub eta Kultura Industriaren Birbalorizazioa oinarri hartuta planteatu zuen eztabaida Espainiako Kultura eta Kirol Ministerioak, Eusko Jaurlaritzak ohar batean jakinarazi zuenez. Programa horietan sartzen dira, esate baterako, zinema-aretoetarako laguntzak edota Kultura Ministerioak erabakitako proiektuak autonomia-erkidegoek kudeatzea, besteak beste, liburutegien horniduran, modernizazioan eta arte eszenikoen eta musikalen azpiegituren kudeaketa iraunkorrean.

Kultura-azeleragailuak sustatzea, kultura-ondarea kontserbatzeko, zaharberritzeko eta hari balioa emateko neurriak, eta hirigunetatik kanpoko eremuetan kultura-eskaintza zabaltzeko eta dibertsifikatzeko laguntzak ere egitasmo horietan sartzen dira.

Guggenheim Urdaibaira zabaltzea ere Europako funtsen finantzaketari lotuta dago, 81 milioi euroraino jasotzeko aukera duelarik. Hortik aurrerako 127 milioirainoko inbertsioa, Eusko Jaurlari-tzak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta tokiko erakundeek ordainduko lukete.

Zupiria sailburuak Kultura eta Kirol Ministerioaren proposamenaren aurka bozkatu zuen, “Eusko Jaurlaritza ez dagoelako ados Espainiako Gobernua Europako berreskuratze funtsak politikoki nola kudeatzen ari den ikusita”.

Bileraren ostean, Zupiriak gaineratu zuenez, “ez gaude ados, Ministerioak ez dagozkion kultura-politikak zuzendu nahi izatearekin, Euskadiren kasuan, urte luzetan, gure erkidegoaren eskumen esklusiboak izanik; ez behintzat Euskadirekiko harremanean, Europar Batasuneko herritar guztien izenean Batzordeak erakunde publikoen esku jarri dituen funtsen egokitasunaz baliatuz”.

Sailburuak azpimarratu zuenaren arabera, Eusko Jaurlaritzaren Kultura eta Hizkuntza Politika Saila ez dator bat “ez banaketa-irizpideekin, ez eta Europako funtsen erabilerari buruzko erabakiekin ere”.

Bestelakoan, Miquel Iceta Kultura eta Kirol ministro izendatu berria zoriondu egin zuen Bingen Zupiriak, eta “bi gobernuen arteko harremana bideratzeko prest” dagoela berretsi zion. Horretarako, eta “bi erakundeek erkide ditugun gaiak jorratzeko”, bilera bat egiteko eskatu zion Zupiriak ministroari.

Eusko Jaurlaritzako bozeramaile Bingen Zupiriak Kulturaren Konferentzia Sektorialaren Osoko Bilkuran egin zituen adierazpenak